[Argitalpena] Egoeraren Azterketa 142: Krisi iragankorra ala egiturazkoa?
(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
Zeintzuk dira ondorioak?
Inflazioa bizitzaren garestitzea eragiten ari da, alderdi guztietan; izan ere, prezioen igoera orokorra gero eta agerikoagoa da mota guztietako produktuetan. AEBn KPIa %6,4ra iritsi zen martxoan, eta Europar Batasunean %6,2ra. Estatu espainiarrean, KPIaren urteko aldakuntza-tasa %9,8ra iritsi zen. Horrek esan nahi du hamabigarren hilabetea dela Europako Banku Zentralak helburutzat ezarrita duenaren gainetik eta 1985 urtetik dagoen tasa altuena.
Esan bezala, garestitzea batez ere elektrizitatetik eta gasetik dator. Baina beste osagai batzuen prezioa ere igotzen hasi da. Izan ere, oinarrizko inflazioak, hau da, aldaketa handienak dituzten prezioak (prestatu
gabeko elikagaien eta energiaren prezioa) kontuan hartzen ez dituenak, goranzko bideari eutsi zion eta martxoan %3,4raino igo zen. Adierazle horren gorakadak erakusten du enpresak azken preziora bideratzen ari direla energiaren eta lehengaien kostuen igoera.
Soldatek botere ahalmena irabazi behar dute: soldaten debaluazio-politikari ez
Soldatek ez dute eros ahalmena galdu behar. Egia esan, irabazi egin beharko lukete, aberastasunaren banaketa bidezkoa eta sozialki egokia eman dadin. Hala ere, gaur egungo testuinguruan, inflazio handiarekin eta ziurgabetasun-egoerarekin, enpresaburuek eta gobernuek, klase dominantearen zerbitzura, egoera aprobetxatzeko tentazioa dute enpresa-mozkinak bultzatuko duten soldata-debaluazio politikak bultzatzeko.
Hala gertatzen ari da, adibidez, pentsiodunekin, eros ahalmena bi puntu baino gehiago galdu dute, pentsioen igoera %3,5ean geratu baita. Gauza bera gertatzen da Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin, 2022an %3,4 bakarrik igo baita (KPIaren %6,5aren aldean), eta, beraz, bereziki egiten die kalte diru-sarrera txikienak dituzten soldatapekoei. Baita administrazio publikoen zerbitzura dauden langileek ere, horiei %2ko igoera bakarrik ezarri baitzaie. Hori guztia, 2021ean Ibex-35eko enpresek inoizko irabazi handienak izan dituzten testuinguruan, eta, era berean, Administrazio Kontseiluen ordainsariak %12 igo direnean aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
Esan behar da eros ahalmenaren galera ez dela orain bakarrik gertatzen den kontua. Gipuzkoako Foru Ogasunak argitaratutako soldaten txostenak erakusten duenez, 2011tik 2020ra, batez besteko soldataren zenbatekoa %5 hazi zen lurralde horretan, eta inflazioa, berriz, ia bikoitza (%9,7). Gainera, ikusten da eros ahalmenaren galera are handiagoa dela diru-sarrera txikienak dituztenen artean. Beraz, inflazioa enpresa-irabazien tasa handitzeko tresna bat dela ondoriozta dezakegu , langile-klaseari dagokion aberastasunaren zatia murriztearen truke.
Testuinguru horretan, ELAri:
- Funtsezkoa iruditzen zaio hitzarmen kolektiboek gutxienez aurreko ekitaldiko KPIaren baliokidea den soldata-igoera bermatzea, Bizkaiko Elikaduraren Merkataritzan, Gipuzkoako Metalean edo lurralde bereko bide-garbiketan gertatzen ari den bezala.
- Ez zaizkio onargarriak iruditzen botere publiko eta enpresarialak errenten ituna deiturikoari egiten ari zaizkion deiak, horrek soldataren eros ahalmena galtzea dakarrelako.