Txetx Etcheverry: Nire azken kronika

2025/01/15
Enbata_Txetx Azala.jpg
Enbatan egindako bere azken kronikan, Txetxek bere ibilbide militantea errepasatzen du, kolektiboaren garrantzia azpimarratzen du eta 45 urteko jardun luzetik ateratako zenbait gako eta irakaspen partekatzen ditu. Garaziko sasoikako langileekin lan egitetik Aldara, Patxatik, Abertzaleen Batasunatik, EHZ festibaletik eta Bateratik igarota, EHLGren borroka, Bizi!-ren sorrera, Euskal Moneta eta Bakearen Artisauak bezalako esperientziak ere aipatzen ditu bere ibilbidean

(Enbata aldizkarian argitaratutako jatorrizko artikulua -frantsesez-)

Gai berdinen inguruan Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa ere entzungai duzu hemen:
Txetx Etcheverry: "Nire denbora eta energia guztia eman diot militantziari"

 

Eta bai, gaur idazten dut Enbatarako nire azken kronika, luzaroan idatzitako serie baten azkena.

1993ko urrian hasi nintzen, hau da, duela 30 urte baino gehiago. 2024 urte honen amaieran, lehen lerrotik erretiratuko naiz, erabaki operatiboak, ordezkaritza publikoa, kanpainen eta mugimenduen koordinazioa, eta abar bertan behera utziz. Hori, urte batzuk lehenago martxan jarritako trantsizio militanterako plan bati jarraituz egingo dut, eta duela 20 urte hartutako erabaki bati jarraituz. Izan ere, 2004an, ELA sindikatuak kontratatu ninduen Manu Robles-Arangiz Fundazioak Ipar Euskal Herrian ezarritako lan-ardatz nagusiak dinamizatzeko.

Garai hartan, Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzeko apustu estrategikoan aktiboki parte hartzea zen helburua, prestakuntza militante iraunkorrerako programa bat bultzatzea eta Baionako Cordeliers kalean elkarte arteko lokal baten kudeaketa abiatzea. Honela ireki nuen 1980. urtea baino lehen hasi zen nire ibilbide militantearen kapitulu berri hau, ELA sindikatuaren antolaketa-kultura deskubrituz. ELAren kultura honen baitako arau bat ere nere egin dut: lehen lerroko arduradunak 60 urte betetzean beraien karguak uztea, berritze dinamika orokor bat sortzeko, baita zuzendaritza gaztetzeko eta feminizatzeko ere.

Aukera dut hemen ibilbide militante bat kontatzeko —beste ibilbide militante ugariren artean —, gehienetan "Gu" kolektiboa izaniz, norbanako "Ni" baino gehiago. Urte hauetan guztietan, borroka abertzalearen dimentsio kolektiboak gidatu nau. "Gu" horrek ez ditu garai guztietan pertsona berberak barne hartzen, aldakorra izan baita, baina ibilbide honen ardatz nagusia, bere eraldaketak eta lorpenen motorra izan dena, beti kolektiboa izan da.

Lerro hauen bidez, adiskidetasun, estimu eta esker oneko hitzak helarazi nahi dizkiet "Gu" horiek osatu dituzten pertsona guztiei.

Ikaskuntza

14-15 urte ingururekin egin nituen nire lehen urrats militanteak Garazin: Ozia kultur elkartea eta Euskaldun Gazteriak abiatutako sasoiko langileen egoitzan, hauek beren eskubideen eta lan-baldintzen defentsarako antolatzeko sortua. Ondoren, nire konpromisoak Baionan jarraitu zuen: ikasle bezela garaturiko aktibismoa, antimilitarismoa, euskal iheslari eta preso politikoen babesa, abandonatutako eraikin hutsen okupazioak, eta jada orduan ere, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka eta higiezinen espekulazioaren aurkako jarduera.

Garazitik Baionara, beraz, nire konpromiso-egarria bi iturri desberdinetan ase nuen, eta, azken finean, elkarren osagarri ziren bi iturritan. Alde batetik, ELBren eraginpeko giroak Ozia edo sasoiko langileen egoitza ureztatzen zituen: euskaldun eta munduko herritar gisa definituz; Hirugarren Mundua esplotatu eta pobretzen duen sistema ekonomiko berak alienatzen dituen langile nekazari egoera azatertuz; eta masa-bidea hautatuz: "hamar pauso bakarrik egin ordez, pauso bat egitea, baina jende askorekin; herriko jendearekin, laneko lagunekin. Desberdin pentsatzen dutenekin bizitzea, eta aurrerapausoak ahalbidetuko dituzten kontzesioak egiten jakitea…". Eta bestetik, Laguntza mugimenduak eragin handia izan zuen nigan: abertzaletasun urbano, erradikal, aktibista eta batzuetan probokatzailea lantzen zuen.

Eragin bikoitz horrek asko lagundu zidan gerora nire gidalerro erradikal-pragmatikoa moldatzen, masa-praktika eta dinamika eta ekintza "zorrotzagoen" artean oreka egokia bilatzen. Trebakuntzetan askotan azaldu izan dudan bezala, "Pastoral funtzioa" eta "Tobera funtzioa" uztartzen jakin behar da. Lehenak kolektiboa sortzen du, jendea mugiarazten du gutxieneko adostasuna sortzen duten gauzetan oinarrituta, ahalik eta jende gehienentzat abiapuntua irisgarria izan dadin. Bigarrenak, berriz, forma eta eduki disruptiboago edo puskatzaileagoak ditu; galderak planteatzen ditu, eztabaida sortzen du eta, batzuetan, zatiketa ere bai.

GALen urteak

GALen urteek, eta haiek ekarritako heriotza tragikoek, kanporatzeek, espetxeratzeek, manifestazio bortitzek eta ekintza oldarkorrek, atxiloketek eta jipoiek, sakonki markatu naute, politikoki, estrategikoki eta ziurrenik baita psikologikoki ere, nahi ez nuen moduan nire burua gogortuz. Nire auzo txikian –garai hartan bi mila biztanle inguru zituelarik– GALek bederatzi pertsona hil zituen bi urtean; horien artean, egunero elkartzen nintzen hainbat gazte eta nire gaztetako lagunik onena. Garai honek hainbeste urtez Euskal Herria Madril eta Parisekin aurrez aurre borrokatzera eraman duen gatazkaren biolentzia oso gertutik senti arazi zidan.

Hauek IK-EMAren urteak ere badira. Ez nintzen mugimendu horren parte izan, baina Ipar Euskal Herriko borroka abertzaleari egin zion ekarpen handiak, gauzak aldi berean modu erradikal eta pragmatikoan planteatzeko moduak, politikoki nabarmen eragin zidaten.

Gauza bat ziurra da: urte hauek irakatsi zidaten buruarekin gehiago eta nire tripekin gutxiago pentsatzen, nahiz nahiko atzerapenarekin izan. Eta hori, estrategiak pentsatzerakoan edo erabaki garrantzitsuak hartzerakoan beti saiatu naizelarik nire intuizioak eta emozioak kontuan hartzen, ez bakarrik analisi hotz eta arrazionalak.

Patxa

1986tik aurrera, Ipar Euskal Herrian "euskal rock erradikalaren" olatuaren isla politiko eta aktibista izan zen Patxa, eta, era berean, trebakuntza eskola bizi bat bihurtu zen niretzat eta Iparraldeko beste hainbat gazte militanterentzat. Lehen aldiz, mugimendu bat sortzen lagundu nuen, eta asko ikasi nuen, bai gure ekimen emankor eta sortzaileetatik, bai gure akatsetatik eta haietatik ateratako ondorioetatik. Intsumisio kanpainak indarrak metatzeko estrategiak eta masa-mobilizazioak ulertzen irakatsi zigun. Gainera, asanblismo huts eta gogorraren angelu itsuak eta, azken finean, antidemokratikoak diren alderdiak ezagutzeak gutako askori demokrazia erreala, inklusibitatea eta eraginkortasuna, zorroztasuna eta sormena uztartzeko metodo eta funtzionamendu berriak irudikatzen lagundu zigun.

Patxak Baionako jai alternatiboak asmatu zituen eta Planning Familialekin batera, bortxaketa eta sexu-erasoen aurkako lehen prebentzio-kanpaina publikoak jarri zituen martxan. Historiaren xarmak hala nahi izan duenez, gaur egun Baionako plaza batek kolektibo "anarkista-abertzale" horren izena darama, garai hartako poliziaren txostenek hala deskribatzen zuten.

Praktikak sortzen du kontzientzia

1990eko hamarkada politiko eta estrategikoki heltzeko garaia izan zen. Patxako kide ohi batzuekin, trebatzeko premia handia sentitu genuen. Geure akatsetatik ikasten denbora gehiegi ez galtzeko, mugimendu abertzalearen eta langile mugimenduaren historiako eztabaidak, esperientziak, porrotak eta arrakastak aztertzea erabaki genuen. Eta, hain zuzen ere, heltzen eta ikuspegiak aldatzen ari ginen sentsazioa izan genuen.

Pizturen garaia zen, elkarte ia ezezaguna, baina hala ere, Ipar Euskal Herriko aktibismo abertzalean gauza asko mugitzen lagundu zuena. Piztu nazio mailako "ezker abertzalean" txertatzen zen erabat. Guk, Piztu osatzen genuen militanteok, 2001ean bereizi egingo ginen, Abertzaleen Batasunaren (AB) zatiketatik sortutako bi eremuetako batean edo bestean sartzeko. Baina bitartean, Pizturen baitan osatu genuen praktikotasun erradikala oinarri duen "softwarea", hemen aipatutako ibilbidearen fruitu gehienak ematen lagundu zituena.

Esaldi batek laburbiltzen du trebakuntza horietan sakonki ikasitakoa: praktikak sortzen du kontzientzia, eta ez alderantziz. Gure energia osoa mobilizazioetan, foiletoak banatzen edo kartelak itsasten xahutzea, nahiz eta sozialismoa eta independentzia aldarrikatu, ez da nahikoa abertzale ez diren Ipar Euskal Herriko herritarren %90aren jarrera aldatzeko. Hortik dator ezinbesteko behar bat: iraultzaileak izan gabe ere, jendea mugimenduan jarriko duen masa-dinamika, kanpaina eta borrokak sortzea eta bultzatzea. Kolektiboki biziko duten praktika hau da, bizitako esperientziak, giza harremanak eta ikaskuntza politikoa izango dira norbanakoen ideiak bilakarazi eta kontzientzia eraikiko dutenak.

Horrek guztiak "sarrera ateak", masa-erakundeak eta kanpainak, baliabide materialak, denbora eta plangintza eskatzen ditu. Izan ere, dinamika horiek denboran zehar iraunarazi behar dira fruituak eman ditzaten. Gainera, indarrak metatzeko prozesuak sortzen eta kudeatzen, eta "hegemonia kulturala" konkistatzen ikasi behar da.

AB, Gazteriak, EHZ

1994tik aurrera, beste batzuekin batera lan egin genuen Abertzaleen Batasuna, hasieran hauteskunde-helburu nagusia zuen alderdi abertzaleen koalizioa, mugimendu politiko iraunkor, bateratu eta osatzen zuten hiru alderdien gainetik herritarrak biltzen zituen egitura bihurtzeko. 1995ean Gazteriak sortu genuen, gazte abertzaleen mugimendu zabal bat. 1996an, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala sortu genuen, Ipar Euskal Herriko gazte guztientzako –abertzale izan ala ez– ate ireki bat izateko: boluntariotza eta aktibismoan, Euskal Herriaren historian eta euskararen jabekuntzan benetako trebakuntza eskola izateko; eta, aldi berean, ideia berriak, hala nola altermundialismoa eta praktika ekologiko edo parte-hartzaile berriak, esperimentatzeko eremu bat izateko.

Ordutik aurrera, Gazteriak eta EHZren bidez bereziki, trebakuntzaren, transmisioaren eta erreleboak sortu eta eskukoa pasatzen jakitearen beharraz ohartu ginen.

Ipar Euskal Herrian "praktika masiboak" bultzatu genituen, bai egitura instituzionala izatearen inguruko auzietan, baita presoen defentsan edo "Euskal Departamentua" eta "Presoak Euskal Herrirat" kanpainetan ere. Mugimendu abertzalearen barruan eduki taktiko eta estrategikoaren inguruan aberatsak izan ziren eztabaidaz beteriko ekimenak.

Gure gain hartu genuen abertzale edo ezkertiar ez ziren sentsibilitate politikoekin fronte zabalak eta aliantzak irekitzea. "Praktikak kontzientzia sortuko du" apustua egin genuen, eta sinesten genuen horrek guztiorrek Ipar Euskal Herriko gizartea eraldatu eta norabide egokian bultzatuko zuela.

Lizarra-Garazi eta ondorengoak

1998ko irailean, "Lizarra-Garaziko su-eten" ospetsua gertatu zen; Iparraldeko prozesuaren kudeaketan buru-belarri parte hartu genuen. Aro berritzaile eta formatibo bat izan zen, kontzeptu estrategiko berriak agertu ziren, besteak beste, Udalbiltzaren bidez gauzatutako erakunde paraleloen ideia. 1999ko azaroaren 29an, su-etenaren eta, harekin batera, prozesuaren haustura inflexio puntu nabarmena izan zen.

2001eko urrian, Abertzaleen Batasunak zatiketa sakona bizi izan zuen, eta mugimendu abertzalearen barneko banaketa eta liskarretan murgildu ginen. Garai zail horretan, lehen lerroan aritu nintzen —garai hartan Abertzaleen Batasuneko bozeramailea nintzen—, eta sakonki sentitu nuen, beste militantzia askok bezala, edozein zatiketak dakarren giza kostua eta kostu politikoa, baita eragiten dituen banaketak ere. Horixe izan zen geroago ABn Batasuna mugimenduarekin bateratzearen alde egitearen arrazoi nagusietako bat, etorkizuneko EH Bai koalizioaren baitan.

Bien bitartean, ahalegin bikoitza egin genuen sinesten genituen estrategiei eusteko, zatiketak eragindako ahultze militantea gorabehera. Indarrak metatzeko eta aliantza anitzetarako gure estrategiarekin jarraitu genuen, lehenik Euskal Departamendua kanpainaren bidez, eta gero Batera plataformaren sorrera bultzatuz. Démo mugimenduarekin ekintza eta mobilizazio oso zehatz eta indartsuak esperimentatu genituen, baina erabat indarkeriarik gabekoak.

Hogei urteko atzera-kontaketa

Nire bizitza militantearen hirugarren kapituluak 2004. urtearen amaieran hasten du bere bidea, eta berezitasun handi bat du: iraungitze-data. Horrek bultzatuko nau aurreratzen saiatzera, planifikatzera, falta ziren tresnak ezartzera, ekipo berrien eta balizko erreleboak sortzera, transmisioak eta trantsizioak kolektiboki planteatu eta sakonki pentsatzera. Laburbilduz, hogei urteko atzera kontaketara.

EHLGren borroka

Batera plataformako eta Ipar Euskal Herrian sortu zen Manu Robles-Arangiz Fundazioko beste militante batzuekin batera, ELBko laborariek sustatutako Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) apustu estrategikoan parte hartu nuen. Hamar urtez jarraian, Euskal Herrian laborantza ganbera espezifiko baten aldeko mobilizazio etengabea egin ondoren, eta Frantziako Gobernuak hamar urtez horren sorrera etengabe ukatu ondoren, egiazko instituzio paralelo bat sortzea izan zen xedea, Ipar Euskal Herrian tokiko laborantza eredu ekitatibo eta iraunkorra garatzeko helburuarekin.

Manu Robles-Arangiz Fundazioaren aldetik, Parisek debekatu nahi zuen EHLGri laguntza materiala, juridikoa eta politikoa eskaintzeko konpromiso sakona hartu genuen. Lehen Lurrama azokaren diseinuan eta antolaketan aktiboki parte hartu genuen, tokiko laborantzaren erakusleiho gisa herritarren artean, baina baita EHLGk Frantziako Estatuaren aurrean eraikitzen saiatzen ari zen indar harremanaren elementu gisa ere. Garai hartan oso ezohikoa zen eskala eta pluraltasuneko babes sarea antolatu genuen Hexagono osoan, lehen mailako pertsonalitateen eta parlamentarien, ministro ohien eta mota guztietako erakundeen laguntzarekin eta parte-hartzearekin.

Borroka luze honek hainbat urtez iraun zuen, eta bere dimentsio guztietan estrategia irabazlearen adibide garbia bihurtu zen. Euskal gizartean eta boterean izan zuen eraginak, eta borroka horren amaieran lortutako garaipen disdiratsuak, eragin handia izan zuten ondorengo gertaeretan. Euskal Herriko Hiri Elkargoko lehendakariak maiz esaten duen bezala, EHLGren borrokak eta garaipenak pisu handia izan zuten 2017ko urtarrilaren 1ean Ipar Euskal Herriko hiru euskal probintziak biltzen dituen lehen erakunde honen sorreran.

Gizartean ere eragin handia izan zuen EHLGren aldebiko garaipen honek, alde batetik Euskal Herriko laborantza ganbera espezifiko bat izateak lurralde moduan egituratzeko eta nortasun eginiko ekarpenagatik eta betsetik sustatutako eredu alternatiboagatik —tokiko laborantza ekitatibo eta iraunkorraren—. Denek ikusten dute badagoela balio erantsi bat, motibazio desberdinek bultzatuta baina bertutez beteriko dinamika berean elkartzen diren herritar sektoreak batzeko gaitasuna eskaintzen duena.

Manu Robles-Arangiz Fundazioa eta ELA

Aldi horretan, Manu Robles-Arangiz Fundazioak beste lan garrantzitsu batzuk abiarazi zituen: "Beste mundu batzuk posible dira, eraiki ditzagun" etengabeko trebakuntza-programaren dinamizazioa; Enbata astekari historikoaren indartzea eta modernizatzea, web bertsioa sortuz; eta frantziar estatuko hainbat kontaktu eta aliantza kudeatzea. Sare militante berri bat eratu zen, software erradikal-pragmatiko beraren eta demokrazia parte-hartzailea eta eraginkortasun militantea uztartzeko lan-metodo berberen inguruan. Sare horrek zuzendari militanteen talde bat sortu zuen, hausnarketa eta iritzi truke bihurtu den Gogoeta taldean biltzen dena. Talde horrek erronkak aurreikusteko balio du, esaterako, euskal burujabetza prozesuaren etapak edo Frantzian eskuin muturra boterean jartzeak izan ditzakeen ondorioak. Gainera, ekosistema alternatiboaren eta mugimendu abertzalearen praktikak eta estrategiak hobetzen dihardu, esaterako, herritar xumeen inguruneetan errotzeari edo emakumeek mugimenduan duten lekua eta eginkizuna indartzeari dagokionez.

Era berean, azken bi hamarkada hauetan zehar, ELAko Nazio Batzordeko kide izateko aukera izan dut. Horrela, Euskal Herriko antolakunde militante handienak nola funtzionatzen duen ezagutu ahal izan dut: 100.000 kide baino gehiago dituen, eta bere ekintzak gizarte oso baten errealitate sozioekonomikoan eragin handia duen erakunde baten funtzionamendua, alegia. Urte hauetan, berrogeita hamar kide inguruko zuzendaritza kolegiatu hau modu ikusgarrian gaztetzen eta feminizatzen ikusi dut.

Nabarmen estimatu ditut Ipar Euskal Herriarekiko eta bertan lantzen diren estrategia eta mugimenduekiko etengabeko errespetua, paternalismorik gabea. Arreta handiz jarraitu dut gehiengo zabala duen sindikatuak garatu duen ildo abertzale eta erradikal argia, bai maila sozial edo ekologikoan, nahiz eta batzuetan bere oinarri militanteak hasiera batean ikuspegi bera ez izan. Asko ikasi dut bertan eta Ipar Euskal Herriko gure aktibismorako inspiratzaile izan dira ehun urte dituen arren etengabe berritzen ari den masa-erakunde honen lorpen teoriko, praktiko eta antolakuntza arrakastak.

Bizi!, Euskal Moneta eta Alternatiba

2007-2008 urtetik aurrera, erronka klimatikoaren garrantziaz jabetzen hasi ginen. Garai hartan ez zen hedabideetan lehen lerroko gaia, ezta gure talde militanteetan ere, baina intuizioak esaten zigun etorkizunean borroka eta belaunaldi militanteak baldintzatuko eta egituratuko zituela. Bizi! mugimenduaren sorrera, 2009ko ekainean, intuizio horri erantzuteko izan zen. Mugimendu berri honek proposamenak (bizikleten diagnostiko herritarra, enplegu klimatikoen azterketa, udalen tresna-kutxa, etab.) eta sustapen ekintzak uztartzen ditu, garai hartan oraindik gehienek partekatzen ez zuten klima-larrialdiaren inguruko sentsibilizazioa eragin nahi zuten ekintza indartsu eta mobilizazioen bidez,. Mugimenduak berehala lortu zituen garaipen zehatzak, eta etengabe hazi da: hasierako 20 kideetatik egungo 800 baino kide gehiagora pasa da. Gainera, tokiko errealitatean, baita harago ere, eragina duten beste hainbat ekimen sortzeko eta bultzatzeko tresna bilakatu da.

2011tik aurrera, EHLGren eredu irabazle bikoitzean inspiratuta, tokiko moneta euskaldun, ekologiko eta solidariaren proiektua garatzen hasi zen, nagusiki Bizi! mugimenduaren inguruan. Euskoa, 2013ko urtarrilean sortua, berehala bihurtu zen Europako lehen tokiko moneta.

2013an, Bizi!-k Alternatiba, klima-aldaketari era guztietako alternatibak eskaintzen dizkion lehen herria, antolatu zuen Baionan, 12.000 lagun bilduz. Ekitaldiaren eragina bereziki indartsua izan zen. EHLGren adibidearekin batera, ekimen honek hamarkada oso bat markatu zuen beste hainbat alternatiba sortu zituen, bai Ipar Euskal Herrian errotuta baita ingurumen eta klima-larrialdi globalari erantzuteko sortutako beste hainbat proiektu ere.

Eragin honek Ipar Euskal Herriko mugak gainditu zituen. Frantzia osoan eta harago ere, kolektibo eta dinamika berriak sortu ziren Bizi!-ren metodologian eta Baionako esperientzian oinarrituta. 150 Alternatiba herri baino gehiago antolatu ziren. Ipar Euskal Herrian diseinatu zen hiru edo lau eserlekuko bizikletetan egindako Alternatiba Tourrak 186 lurralde zeharkatu zituen lau hilabetean. Bide horretan, hainbat hitzaldi publiko, tokiko elkarteekin bilerak, hautetsiekin eta prentsarekin elkarrizketak egin ziren, egunean behin baino gehiagotan, "sistema aldatu, ez klima" beharraz sentsibilizatzeko. Belaunaldi klimatiko bat sortu zen, eta rol garrantzitsua jokatu zuen 2015eko abenduan Parisen egin zen COP21eko herritarren mobilizazioetan.

Bizi!-ren estrategia ausarta eta indarkeriarik gabekoa eta bere ekintza-moduak eredu bihurtu ziren Euskal Herritik harago. Zerga-ihesaren arduradunetako bat zen HSBC bankuko aulkiak konfiskatzeak, Hexagono osoan "Aulki Segalariak" ("Faucheurs de chaises") mugimendua sortzea ekarri zuen, zerga-ihesaren aurkako borroka sozial eta ekologikoa indartuz.

2018tik aurrera, Euskal Herri Burujabe proiektuaren erredakzio eta sakontze prozesuak borroka abertzale eta klimatikoaren ezinbesteko osagarritasuna aztertu zuen teorikoki, eta Euskal Herriaren metamorfosi ekologiko eta sozialerako bide zehatz bat marraztu zuen.

Armagabetzea eta presoak

2010-2020 hamarkadak aurreko urteetan egindako lanaren eta planteatutako apustu estrategikoen fruitu ugari erakutsi zituen, batzuetan abertzaleak ez ziren sektoreekin egindako aliantzen bidez. Fruitu horien artean nabarmentzekoak dira: Iparraldeko izaera instituzionala; munizipalismo abertzalea eta mugimendu abertzalearen eragina oro har indartzeko balio duen EHBai-ren hauteskunde arrakasta argia; eta energia, elikadura eta ekonomia bezalako eremuetan Euskal Herriko subiranotasun errealak eraikitzen dituzten egituren ugaritzea eta indartzea.

2016an, ETAk 2011n borroka armatuaren behin betiko amaiera iragarri eta Bake Bidea bezalako aktoreek Ipar Euskal Herrian bake prozesua aurrera eramateko lan sakon eta etengabea egin arren, egoera blokeatuta zirudien, are gehiago, modu arriskutsuan geldirik. Luhossoako ekintzak, Bakearen Artisauen dinamikak eta 2017ko apirilaren 8ko Armagabetze Egunak egoera desblokeatzen, prozesua bizkortzen eta perspektiba berriak irekitzen lagundu zuten.

Urteetan zehar ELB eta EHLGko kideek Confédération paysanne-en egindako lanaren ondorioz sortutako sareek, Bake Bidearen sareek, eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren, Bizi! eta Alternatiba-ren ingurukoek garrantzi handia izan zuten sekuentzia honen arrakastan eta etorkizunerako aukera berriak irekitzeko prozesuan.

Frantziako espetxe politikan emandako lehen aldaketek bide berri bat ireki zuten. Nahiz eta aldaketa horiek denok nahi baino motelagoak izan, euskal preso politikoek jasandako salbuespen erregimenaren zati handi bat pixkanaka desagerraraztea lortu zen.

Orokorrean, Euskal Herri osoan borroka abertzalearen ziklo historiko berri baterako baldintza politikoak osatu ziren, azkenean.

Alda eta Herrian bizi

2020an, Alda sortu genuen, herritar xumeen auzoetan mugimendu abertzale eta aurrerakoiaren ezarpen ahularen inguruko gogoeta luze baten ondoren. Aldi berean, auzo horietan gizarte-loturen hausturak eta oro har ekintza kolektiboaren gainbeherak eragindako ondorio kaltegarriak aztertu genituen. Aldaren arrakasta itzela izan da: 2022tik aurrera, HLM maizterren ordezkarien hauteskundeetan gehiengo osoa irabazi zuen, eta lau urtetan mila kide baino gehiago lortu zituen. Tresna berri honek behar izugarri bati erantzuten diola argi geratu da.

2021ean, Aldak Ipar Euskal Herriko herritar xumeen auzoetako biztanleei eta gazteriari gogor eragiten dion etxebizitzaren krisiaren diagnostikoa egin zuen eta horri aurre egiteko bost helburu nagusi ezarri zituen. Elkarteak borroka estrategia landu batean oinarrituta abiatu zuen, aurretik izandako borrokek eta mugimenduek pilatutako irakaspenak baliatuz. Urte berean, Se loger au Pays - Herrian Bizi plataforma bateratua sortu zen, eta plataforma horrek 2021eko azaroan eta 2023ko apirilean eragin handiko ekitaldi izan ziren bi manifestazio oso garrantzitsu antolatu zituen.

Eremu honetan hegemonia kulturalaren bataila irabazita dago argi eta garbi. Horren erakusle da 2023ko martxoan Euskal Herriko etxebizitzaren auziari buruz egindako lehen inkesta. Biztanleen %63 etxebitzaren jabe diren lurraldean, herritarren gehiengo argiak higiezinen merkatua arautu eta zorrotz kontrolatzeko nahia adierazi zuen. Hasieratik lankidetza emankorra ezarri zen Euskal Herriko HIri Elkargoarekin, baita tokiko hainbat alkate eta parlamentarirekin ere.

Aurrerapenak eta garaipenak bata bestearen atzetik lortu dira. Adibidez, turismo-erabilerarako etxebizitzak bihurtzeko joera gelditzea lortu da, alokairu-kontratuetan iruzurrari aurre egitea, eta alokairuen kontrol zorrotzagoa ezartzeko neurriak bultzatu dira. Inpaktua hain handia izan da, ezen tokiko borrokek –Airbnbren aurkakoak, alokairuen igoeren aurkakoak eta higiezinen espekulazioaren aurkakoak– etxebizitzaren gaia estatuko agenda mediatiko eta politikoan kokatu dutela. Are gehiago, borroka horiek lege ikuspegitik lehen aurrerapausoak bultzatzeko bidea ere ireki dute.

Erreleborako pausoak

Azken bost urteetan, paraleloki, nire trantsizio militantea ahalik eta hobekien garatzeko prestatzen aritu gara. Pixkanaka-pixkanaka, ardura ezberdinak izan ditudan hainbat egituratatik erretiratzen ari naiz: Bizi!-ko koordinaketa, Eusko-ren zuzendaritza batzordea, ELAren Nazio Batzordea, Se loger au Pays - Herrian Bizi plataformaren koordinazioa, Aldako administrazio kontseilua, eta abar. Aldi berean, trantsizio bide honetan hainbat trebakuntza ere dinamizatu ditut.

Bagira ekimenaren zuzendaritza batzordean parte hartu dut. Ekimen honek, Ipar Euskal Herriko borroka eta lan abertzalearen azken 60 urteen balantzea egin eta belaunaldi berriei transmisio historikoa egiteko xedea du. Bagirak "Herri bidea" izeneko dokumentua kolektiboki idazteko prozesua bultzatzen du. Dokumentu hau Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak datorren hamarkadarako partekatutako bide-orri gisa erabiliko da.

Beste pertsona batzuekin batera, datozen hamarkadetako lan militantea indartu eta hobe dezaketen tresna militanteak irudikatu eta martxan jartzen ari naiz: tokiko espazioak, etengabeko prestakuntza-zentro bat eta beste hainbat egitura.

Azkenik, Enbata-ren erredakzio batzordea utzi aurretik, hausnarketa-prozesu batean parte hartzen ari naiz. Helburua da mugimendu abertzalearen aldizkari historiko hau eguneratzea, eta gaurko eta biharko militante abertzaleen eztabaida, hausnarketa, sakontze eta gertaerei aurre-hartzeko erronkei hobeto erantzuteko egokitzea.

Lehen lerrotik bigarrenera

Gaur egun, erreleboen eta trantsizioen pasarte ezberdinak amaituta daudela sentitzen dut, eta orain lehen lerrotik erretiratzeko aukera dudala. Konfiantza osoa dut animatzen jarraituko dutenengan edo mugimenduarekin bat egingo dutenengan. Urte sabatikoa hartzeko aprobetxatuko dut: barnetegietan euskara ikasketetan sakontzeko, oraindik oso urrun baitago nire maila perfektua izatetik; bidaiatzeko eta etorkizunari buruzko hausnarketak egiteko.

Ondoren, ez da zalantzarik ez diodala militatzeari uko egingo, Euskal Herria eta mundu askeago, solidarioago eta jasangarriago bat eraikitzen lan egiten jarraituko dut. Baina beste modu batean egingo dut, bigarren lerrotik. Badakit militanteen trebakuntzan eta transmisioan parte hartuko dudala bereziki. Eta erabilgarria izaten saiatuko naiz beste arlo batzuetan ere, lehen lerroan egongo direnek zehaztutako beharren arabera.

Abertzale izateaz harro

Hamarkada hauetan eta borroka hauetan zehar, ehunka militante ezagutu ditut, eta haiekin batera, beste milaka kiderekin batera mugimendu abertzaleko kide izatearen harrotasuna indartu dit. Bai, harro egon gaitezke egindako bideaz. Herrialde solidarioago, erresilienteago, autonomoago eta dinamikoago batean bizi gara, askotan aurkakotasun egoeretan egindako talde-lan eskerga honi esker. Uneoro erakutsitako konpromiso honek gaur egun aukera ematen dio Euskal Herriari, beste lurralde askorekin alderatuta, baldintza hobeetan aurre egiteko gure gizarteentzat zailak izango diren garaietan.

Inoiz baino maizago irakurriko dut Enbata, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen eztabaida eta gogoetak gertutik jarraitzeko, bere borrokak eta datozen erronka berriak.