Kafekistan: Crítica de la víctima
Egun on adiskideok!
Gaur, apirilak 23 Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, nobedade baten berri eman nahi dizuegu. Apenas inora joan gaitezkeenez, edonondik bertaratu gaitezkeen territorio berri bat deskubritzen gabiltza: Kafekistan.
Covid19ak eragindako itxialdian gai ezberdinen inguruan solasteko, hausnartzeko edo elkarrekin aritzeko espazioa izan nahi du Kafekistanek. Liburuen kritika, zuzeneko solasaldiak, pil-pilean dauden gaien edo gertaeren inguruko hausnarketak, modako edo interesgarri izan daitezkeen serie, film edo dokumentalen inguruko iritzi trukaketa ireki eta interaktiboak, musika taldeak edo abestiak... Inork aurretiaz zapaldu gabeko lurraldea da Kafekistan, ez dago biderik eginik, sasi eta larrak daude nonahi, baina dena dago deskubritzeko, dena da egingarri.
Lehenengo bidaia honetan, esperimentu moduan, Daniele Giglioliren Crítica de la víctima (2017, Herder ed.) liburua hartu dugu aitzakiatzat.
Daniele Giglioli autore italiarrak idatziriko saiakera honetan, egun errealitatea eraikitzeko biktimak hartu duen protagonismoa da ardatz. Biktima bihurtu da egiaren eramaile, zilegitasun iturri, kritikatu ezin den identitatea. Baina biktimak ez du “ezer egin”, berari “egin diote” eta Gigliorentzat errepasatu beharrekoa da biktimari ematen ari zaion zentralitatea.
Erreferentzia bibliografiko ugari dituen saiakera da honakoa, kaotikoa baina era beran kapitulu motxetan banatua eta gaiaren inguruan gogoeta egiteko aproposa. Ehun orri eskasetan modernitatearen printzipio zen askatasun eta emantzipazio nahiaren mitoa biktimarenak nola ordezkatu duen erakutsi nahi du Gigliolik, eta galderak sortarazten ditu. Noiz gara biktima, eta zertarako erabili dugu diskurtso biktimista? Zapalduak, menpekoak, subordinatuak garenean biktimak gara derrigor? Iraganik gabe ez dago biktimarik? Edo biolentzia da biktimak sortzen dituena? Mina, zure mina, gure mina, mina heredatu al daiteke?
Liburua aitzakia gaiaz hitz egiteko lagunarteko “konfinamendu bideokonferentzia” egin genuen. Hasiera batean ez genuen publiko egiteko asmorik (badakizue, lurralde guztiek dituzte euren sekretutxoak), baina akaso norbaitentzat baliagarri izango den inozentzian, hementxe duzue ikusgai: https://labur.eus/cBBXR
Lurralde hau guztiontzat edo nahi duen ororentzat izatea nahi dugu. Nondik nora gabiltzan, zein liburu, pelikula edo zomorro dabilkigun eskuartean emango dizuegu abisu, baina ez duzue bertaratzeko inoren gonbidapenik behar. Kafe bat hartu guregana bildu.