Kantatzen duen herria

2019/03/05
ilp.jpg
Euskal establishment-a ez dago zaurgarritasunarekin arduratuta. Jendarte antolatuak kezkatzen du. Jendartearen beharrizanei erantzun nahi dien jendarte antolatuak larritzen du. Gobernuak oztoporik gabe atera ditu aurrera hiru lege proposamenak. Are gehiago, DSBEri dagokionez, ezkerraren kontrako bozik gabe onartu da lege proposamena.

Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz fundazioa, Argia astekarian argitaratua

Polaroid kamera batekin hiru klik, hiru egia eta hiru errealitate. Bat: Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileen %20 langile pobreak dira eta soldata hutsalen osagarri gisa jasotzen dute laguntza. Bi: onuradunen laurdenak pentsio miserableak osatzeko jasotzen dute. Hiru: jasotzaile guztien %45 emakumeak dira. Kamerak hartutako istant hauek oso errotuta dagoen errealitatea marrazten dute.

 

Euskal establishment-a tematuta dago DSBEren irudi distortsionatua barneratu dezagun.

DSBE (Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta) honezkero sigla aski ezaguna dugu. Horrek gutariko bakoitzari iradokitzen diona, ez da kasu denetan berdina. Euskal establishment-a tematuta dago DSBEren irudi distortsionatua barneratu dezagun. Polaroidarekin egindako argazkiak nahi adina filtro eta trikimailurekin desitxuratu, DSBE entzuten dugunean, pentsa dezagun “iruzurra”, “alferkeria”, “gehiegizko aurrekontua”, “lotsagabekeria”, “tranpatiak” edota “bizkarroiak”. Pozoia erein ostean, legitimazio osoarekin sentitu daitezen 2008an onartu zen DSBEren legeari barrenak ateratzeko.

Neurriz gorakoa ote da “barrenak atera” adierazpena? Datuek frogatuko digute ezetz, ez dela gehiegizkoa. 2018an DSBEren zenbateko orokorra 649 eurokoa zen (bakarrik bizi den onuradun batentzat) eta pentsiodun batentzat ostera 732 eurokoa. Zenbat jasoko dute 2019 urtean? Bada, hilabete askotako eszenifikazio, proposamen, promesa ostean, EAJk lege proiektu bidez onartu du zenbateko orokorra %3,5 eta pentsiodunena %4,5 igotzea.

Gobernuak onartu berri den lege proiektuakuin, oraindik ere, DSBEren zenbatekoak 2008ko legeak agintzen duena baino %25 txikiagoak dira

Baina ba al dakigu, 2008ko legea beteko balitz, zenbatekoak zeintzuk liratekeen? Legea beteko balitz, zenbateko orokorra 924 eurokoa litzateke eta pentsiodunena 1.050 eurokoa. Itzulpengintza ariketa bat egin dezagun, translazio bat: Eusko Jaurlaritzaren lege proiekturik gabe DSBEren  kopuruak %28 inguruko murrizketa izango luke 2008ko legearekiko. Onartu berri den lege proiektuarekin %25ekoa. Inongo prentsako titularretan ageri ez den eskandaluzko sarraskia!

"Pobrezia arriskuan egotea larritasunean egotea da, etengabe erortzeko zorian egotea da”

Azken hamarkadan, prestazioa jasotzen duten pertsonen kopurua nabarmen hazi da, %62 hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, datu horrek alarmak piztu behar dizkigu: gizartearen geroz eta zati handiagoa pobrezia arriskuan dago. Duela urte gutxi DSBEren hainbat onuradun elkarrizketatzeko parada izan nuen. Haietako batek halaxe deskribatu zuen zaurgarritasun egoera: “Pobrezia arriskuan egotea larritasunean egotea da, etengabe erortzeko zorian egotea da”.

Legebiltzarrak argi gorria jarri dio lege proposamena tramitera onartzeari. Eztabaida sortu aurretik, isilarazi nahi izan gaituzte.

Babes sistema publikoan sakontzeko garaia da eta jendartea Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan antolatu da. Duela urtebete inguru, Kartak prozesu legegilea (HEL) abian jarri zuen Hego Euskal Herrian, hain zuzen ere jomugan dagoen babes sistema indartzeko. 51.000 sinadura heldu dira Eusko Legebiltzarrera, baina tamalez, Legebiltzarrak argi gorria jarri dio lege proposamena tramitera onartzeari. Eztabaida sortu aurretik, isilarazi nahi izan gaituzte.  

Euskal establishment-a ez dago zaurgarritasunarekin arduratuta. Jendarte antolatuak kezkatzen du.

Euskal establishment-a ez dago zaurgarritasunarekin arduratuta. Jendarte antolatuak kezkatzen du. Jendartearen beharrizanei erantzun nahi dien jendarte antolatuak larritzen du. Gobernuak oztoporik gabe atera ditu aurrera hiru lege proposamenak. Are gehiago, DSBEri dagokionez, ezkerraren kontrako bozik gabe onartu da lege proposamena. Gure kantuak ez dituzte gustuko, hori badakigu. Baina, jakin ere badakigu: kantatzen duen herria, ez da inoiz hilko, ez da inoiz hilko, ez da inoiz hilko!