Eraldalketa demokratiko berde baten alde

2020/11/26
nature-background.jpg
Ezinbestekoa da ezkerra estrategia baten jabe egitea, pandemiak jendea nazionalismo esklusibo baten baitan babestea ekidin nahi bada edota pasiboki soluzio teknologikoak onartzea saihestu nahi baldin bada. Demokrazia defendatu eta erradikalizatzeko benetako gogoa piztuko duen estrategia garatu behar du ezkerrak.

Chantal Mouffe, El Paísen argitaratua.

Pandemia garaian, arazo ekologiko eta sozialei heltzeko mahaigainean jarri diren estrategiak aztertzeko, agertoki desberdinak bereiz ditzakegu. Hainbat herrialdetan, gobernu neoliberalek aplikatzen dituzten politikek Estatua erabiltzen dute kapitalaren nagusitasuna berresteko. Gainera, neurri autoritarioek "Estatu neoliberalismo" delako hori indartu egiten dute, honela Wolfgang Streecken tesia berretsiz: demokrazia eta kapitalismoa bateraezinak bihurtu direla dioen teoria, alegia. Askotan, soluzio teknologikoen sustapenaren eskutik dator guzti hori: Evgeny Morozovek aztertu duen Silicon Valleyren soluzionismo teknologikoen ideian oinarrituta. Soluzionismoaren arabera, arazo guztiek, baita politikoek ere, irtenbide teknologikoa dute, eta horrek ahalbidetzen du kontrol demokratikoetatik kanpo geratzen diren neurri tekno-autoritarioak onartzea.

1990eko hamarkadan nagusitu zen ikuskera postpolitikoaren bertsio berri bat da. Plataforma digitalak ordena politikorako oinarri izan litezkeen ustea bat dator "hirugarren bidearen" ideiarekin. Alegia, antagonismo politikoak gainditu egin direla eta eskuin zein ezkerreko nozioak kategoria zonbieak direla dioen teoriarekin.

Eskuineko alderdi populistek bestelako estrategia bat sustatzen dute. Bere burua herriaren ahots gisa aurkezten dute eta elite neoliberalek ezarritako politika globalizatzaileari leporatzen diote krisiaren erantzukizuna. Haien antiestablishment diskurtsoak subiranotasun nazionala goratu eta neurri protekzionistak eskatzen ditu. Horrek harrera ona du hainbat hedabidetan eta nolabaiteko oihartzuna toaptzen du herri sektoreetan. Zenbait testuingurutan, halako diskurtso batek erresistentzia egin diezaioke high-tech autoritarismoaren menderatze postpolitikoari. Erresistentzia bai, baina autoritarismo nazionalista kontserbadore baten inposaketaren kontura.

Ezinbestekoa da ezkerra estrategia baten jabe egitea, pandemiak jendea nazionalismo esklusibo baten baitan babestea ekidin nahi bada edota pasiboki soluzio teknologikoak onartzea saihestu nahi baldin bada. Demokrazia defendatu eta erradikalizatzeko benetako gogoa piztuko duen estrategia garatu behar du ezkerrak. Afektuek politikan duten funtsezko papera aitortzea exijitzen du horrek eta baita, covid19ak eragiten duen babes-eskaerari erantzutea. Bestela, babes-eskaera hori proiektu antidemokratikoak justifikatzeko erabiliko da. Karl Polanyik La gran transformación lanean adierazi bezala, jendartean istilu sakonak bizi direnean, babes-beharra eskari nagusia bilakatzen da. Egoera horretan jendea prest dago behar hori hobeto asebeteko dutela uste dutenei jarraitzeko. Hain zuzen ere, babes-desio horrek azaltzen du zergatik gaur egun jende askok baiezkoa ematen dien lehen baztertzen zituen kontrol digital formei. Era berean, babes desio horiei jarraituz, sektore batzuk eskuineko populistei sostengua ematen diete, nazionalismo immunitario batean oinarritutako subiranotasun modu bat eskatzeko.

Krisiari irtenbide autoritarioak emateko mehatxuaren aurrean, guztiz funtsezkoa da ezkerrak gure gizarteko erronkei aurre egitea, afektu komunak mugiaraziz jendea ahaldundu eta babes-desioak norabide solidario eta berdinzale batean bideratu ahal izateko. Zoritxarrez, ezkerreko pentsamenduan askotan nagusi den arrazionalismoak oztopatu egiten dio ulertzea politikan ez dela nahikoa ondo landutako programa eta ideia zuzenak izatea. Spinozak gogorarazten zigun, afektuekin bat egiten dutenean, orduan hartzen dute indarra ideiek. Atxikimendua sortu eta ekintzara eramateko, programa politiko batek jendearen esperientzia pertsonalekin bat datozen afektuak transmititu behar ditu, haien itxaropenak eta nahiak islatu behar ditu. Oso garrantzitsua da programa hau gizarte-iruditeriaren funtsezko adierazleekin bat datorren narratiba batean inskribatzea.

1985ean, Hegemonía y estrategia socialista lanean, iruditeria demokratikoaren rol afektiboa nabarmendu genuen, gizarte demokratikoetan berdintasunaren eta askatasunaren aldeko borroken motorea emateko orduan. Liburuaren tesi zentraletako bat da borroka demokratiko berrien sorreran, proiektu emantzipatzaile batek langileen eskaerak gizarte-mugimenduetakoekin artikulatu behar dituela. Horregatik proposatu genuen ideal sozialista birformulatzea demokraziaren hedapenaren eta erradikalizazioaren aldeko apustu gisa.

Gaur egun, krisi klimatikoak behartu gaitu kontzientzia hartzera dagoeneko sartuta gauden fase honetan, demokrazian sakondu nahi badugu derrigorrez hazkunde eredu honi amaiera eman behar zaio. Izan ere, hazkunde eredu honek gizartearen existentzia bera arriskuan jartzen du eta jendarteko talde ahulenak dira ondorio suntsitzaile horiek bereziki pairatzen dituztenak. Justizia sozialaren alde borrokatu nahi badugu, hazkundearen eredu produktibista eta estraktibista zalantzan jarri behar dugu, eta benetako trantsizio ekologiko bat egin behar dugu, gizakien eta gizaki ez direnen artean harreman desberdina ezarriko duena.

Ezkerrak sustatu behar duen estrategiak "eraldaketa demokratiko berdea" izan behar du, baldin eta demokrazian sakondu eta gizartea eta bere baldintza materialak babestuko dituela bermatu nahi baditu. Trantsizio ekologikoa da jokoan dagoena: larrialdi klimatikoaren eskakizunak eta eskaera demokratiko anitzak lotuko dituena ( sozioekonomikoak, feministak, arrazismoaren aurkakoak eta LGTBIak). Zalantzarik gabe, ez da lan erraza. Baina eraldaketa demokratiko berdearen modalitatean trantsizio ekologikoak iruditeria demokratikoa aktibatu beharko luke eta afektu komunak sortu. Hain zuzen ere, ordena neoliberalarekiko eta kapitalismo finantzarioarekiko hausteko gai den borondate kolektibo transbersala eraiki ahal izateko.

Horren adibide da Green New Deal proiektua, Alexandria Ocasio-Cortezek eta AEBtako Sunrise mugimenduak sustatu dutena. Izan ere, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketa lotzen du arazo sozialak konpontzeko helburuarekin, adibidez, desberdintasun sozialak eta arraza-bidegabekeriak murrizteko helburuarekin. Hainbat proposamen garrantzitsu jasotzen ditu. Proposamenok, funtsezkoak dira sektore popularrak trantsizio ekologikoari atxikiko zaizkiola ziurtatzeko, bereziki trantsizio ekologikoak eragin handia izango duten lanpostuetan ari direnen artean.

Eraldaketa demokratiko berdearen helburua, gehiengoarentzat justizia soziala eta babesa lortzea da, eta ez gutxi batzuentzat. Demokrazia erradikalizatzeko prozesuan aurrerapausoa izango litzateke. Bide batez, mendekotasun eta diskriminazio-molde anitzak bateratzeko gai den adierazle hegemonikoa izan liteke. Egun bizi dugun krisi ekologiko, sozial eta ekonomiko honetan, horrelakoa izan behar du ezkerreko estrategia populista batek.