Etxebizitza Hego Euskal Herrian: eskubide bat merkatuaren menpe

2023/06/21
etxebizitza.jpg
Txosten honetan HEHen etxebizitza-parkearen ezaugarriak aztertu dira, bai eta etxebizitza bat eskuratzeko pertsonek dituzten arazo nagusiak ere (iazko txostenaren eguneraketa bat), baita etxebizitza lege berria ere. Azkenik, ikusi dugu Euskal Herrian kolektibo batzuk egungo sistemari aurre egiten ari zaizkiola eta eredu aldaketa posible dela erakutsiz, eta ELAren proposamenak aurkeztu dira eredu aldaketa hori bultzatzeko.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Duela urtebete, Azterketak 43 txostena argitaratu genuen, Etxebizitzaren arazoa Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak izena zuena. Bertan, etxebizitza bat eskuratzeko pertsonek zituzten arazo nagusiak aztertu genituen. Erosketa- eta alokairu-prezio altuak, hirien turistifikazioa, etxegabetzeak, egoera horri buelta emateko baliabide publikoen eskasia... Etxebizitza gaur egun arazo nagusienetako bat denez, pertsona guztiek etxebizitza duin bat eskuratzeko benetako eskubidea izateko neurriak planteatu genituen.

Urtebete geroago, egoera hobetu beharrean, arazoak hazten ari dira. Interes-tasen igoerek hipotekak nabarmen garestitu dituzte, alokairuen prezioak igotzen jarraitzen du eta funts putreek gure hiriez jabetzen jarraitzen dute. Etxebizitza huts asko dauden bitartean, familiak etxegabetzen jarraitzen da, eta gero eta pertsona gehiago daude etxerik gabe.

Egoera horretan, espainiako Estatuan etxebizitza legea onartu berri da. Lege horren garapena eta aplikazioa, neurri handi batean, autonomia-erkidegoen eta udalen borondatearen mende dago, eta ez da nahikoa pertsonek dituzten arazo ugariei aurre egiteko. Are gehiago maiatzaren 28aren ondoren egondako hauteskundeen emaitzekin. Azken batean, lege horrek ez du hausten duela zenbait hamarkadatik garatzen ari den etxebizitza-politika ereduarekin: higiezinen sektoreko, eraikuntzako eta banku-sistemako merkatuaren eta lobby handien mende egoten jarraitzen du.

Etxebizitza eskubide subjektiboa da, eta hala dago jasota, behintzat izaera deklaratibo gisa, EAEko eta Nafarroako etxebizitza-legeetan. Bertan bizi diren pertsonen beharrak asetzeko ondasun bat izan beharko luke. Hau da, erabilera-ondasuntzat hartu beharko litzateke. Hala ere, duela urte askotatik, bai Espainiako Estatuan bai HEHn, etxebizitza kapital ondasuntzat hartzen da. Alegia, espekulatzeko eta errentagarritasuna bilatzeko aktibotzat. Etxebizitza eskuratzeko arazo guztien arrazoia da politika publikoen orientazioak erraztu egin dituela horrelako praktikak. Lege berriak eta HEHn daudenek ez dute eredu hori aldatuko.

Txosten honetan HEHen etxebizitza-parkearen ezaugarriak aztertuko dira, bai eta etxebizitza bat eskuratzeko pertsonek dituzten arazo nagusiak ere (iazko txostenaren eguneraketa bat), baita etxebizitza lege berria ere. Azkenik, ikusiko dugu Euskal Herrian kolektibo batzuk egungo sistemari aurre egiten ari zaizkiola eta eredu aldaketa posible dela erakutsiz, eta ELAren proposamenak aurkeztuko dira eredu aldaketa hori bultzatzeko.

Txosteneko grafiko esanguratsu batzuk: