“Emakume guztiok greba orokorra egingo bagenu, sistemak huts egingo luke”

2018/02/14
martxoak8-2018-kartelaDEF.jpg
Greba joko-zelai ezaguna da sindikatuentzat, ez ordea, lan produktiboaz haragoko jokalariak zelaira ateratzea. Partida honek, ordea, mugimendu feminista eta sindikalgintzaren elkar ezezagutza eta mesfidantza historikoak jokoan jarri ditu. Leire txakartegi eta Jone Bengoetxea ELAko genero politikak saileko arduradunekin hasi dugu partida.

Elkarrizketa hau Landeian argitaratu da

Grebek sistema produktiboa astintzen dute; honek, ordea, sistema erreproduktiboa ere hankaz gora jarri nahi du...

L.T. Abiapuntua sinplea da: emakume guztiok greba orokorra egingo bagenu, esparru produktibo zein erreproduktiboan, kolapsoa sortuko litzateke; sistema honek huts egingo luke, ez luke funtzionatuko. Auzia ez da lan merkatu arautuan bakarrik planto egitea, lan baldintzen hobekuntza baino gehiago aldarrikatuko da Martxoaren 8ko greban; kapitalismoaren ardatz guztiei planto egitea da asmoa, sistema bera geratzea.

J.B. Emakumeok pribatuan zein publikoan bizi ditugun diskriminazio eta egiturazko ezberdintasun egoera guztiak azaleratu nahi ditugu. Hautsiko da ohiko greba tradizionalaren kontzeptuarekin, bizitzaren kontzeptu produktibistarekin.

Baina sindikatuek, tradizioz, lan merkatuko langileak ordezkatu dituzte. Mugimendu feministak, ordea, lanaren kontzeptua astindu du. Zer ekarri dio sindikalgintzari?

J.B. Sindikatuaren barne berritze prozesuaren baitan pizgarri handia da hau. Azken batean, zalantzan jartzen du sistema produktibista bera, alegia, guk, sindikatuok ordezkatzen dugun subjektua ere kolokan jartzen du; langile klase subjektua zein den eta hortik kanpo nor uzten dugun galdetzera garamatza ezinbestean. Historikoki sindikatuok lan merkatu arautuan dauden langileak bakarrik ordezkatu ditugu. Lehenengo aldiz, lan erreproduktiboa ere gelditu nahi duen greba batekin egingo dugu bat. Barne kultura osoa astindu digu feminismoak.

L.T. Enpleguaren ardatz murriztatzaile horretatik harago begiratzera behartu gaitu; lana bera kontzeptu bezala birplanteatzera. Mugimendu feministak deitutako lanuzte hauetan sindikatuok orain parte hartzea ez da kasualitate bat, azken urteotan bizi dugun barne prozesuaren ondorio logikoa baizik. Orain dela lau bat urte, halako proposamen bat mahai gainean jarri izan bagenu, erantzuna berehalakoa izango zen: “hori ez da gure esparrua”. Urrats handia da.

Bestetik, halako aliantzek behartzen dute sindikatua langile subjektua birplanteatzera, baina baita mugimendu feminista sindikatuek ordezkatzen duten subjektua aitortzera ere?

L.T. Lan merkatuan prekarietateari aurre egiteko borrokan ari gara etengabe, eta ezin ahaztu genezake prekarietatea batez ere emakumeok pairatzen dugula. Halako gatazkan gainditzeko borrokak gidatzen ari diren emakumeen borrokak, praktikan, borroka feministak dira, Bizkaiko erresidentzietako greban ikusi dugun bezala. Horrek erakusten du badirela subjektu feministaren parte eta elkarren aitortza behar dutela. Egun, ELAn, afiliazioaren %44 emakumeona da, beraz, ezinbestekoa da lan merkatu arautuko emakume langileak ere subjektu feministaren parte direla aitortzea. Sindikatu eta mugimendu feministaren arteko elkar ezezagutza egon da urte askoan; mesfidantza eragin du horrek. Bizkaiko erresidentzietako gatazkak ekarri zuen aldaketa positiboa. Mugimendu feministan errespetu pixka bat irabazi genuela esango nuke.

J.B. Nik sentsazioa daukat mugimendu feministako kide batzuek uste dutela sindikatuan oraindik gizonak nagusi direla eta erabakitzeko ahalmena eurena dela. Oraindik ere badago irudi zaharkitu bat sindikatuen inguruan. Lan merkatua aldatu da eta berarekin batera sindikatua ere.

Zein da sindikalgintzak feminismoari egin diezaiokeen ekarpenik handiena?

J.B. Antolakuntza. Erresidentzietako gatazka hasi zenean, emakume horiek ez ziren militante feministak, baina euren borrokan zehar identitate hori garatuz joan ziren. Nola? Ba euren behar materialetatik. Askotan zalantza dut ez ote gabiltzan subjektu feminista eraikitzen subjektua bera aintzat hartu gabe.

Nola?

J.B. Kontuan hartu behar da emakume askok euren identitate feminista eraiki-    tzen dutela lan borroka batetik abiatuta, alegia, euren behar materialetatik abiatuta. Euren lan baldintzak hobetzeko hasitako borrokak ematen die emakume izateagatik bizi duten prekarietatearen kontzientzia ere; hor batzen dira feminismoa eta sindikalgintza. Azken batean, ezin genezake ahaztu baliabide material eta ekonomikoak ere ezinbestekoak direla bizitzarako, besteak beste, emakumeon autonomia ekonomikorako. Urte askoan sindikalgintzak eta feminismoak ez diogu elkarri nahikoa balio aitortu, baina elkarren beharra daukagu.

Zergatik emakumeon greba?

L.T. Grebaren helburua baldin bada irudikatzea sistema honek ez duela     funtzionatzen emakumerik gabe, ezinbestean izan behar da eurei zuzendutako greba. Argi dago, funtsean, gizarte justuago baten alde borrokatzen ari garela, eta hori ez dela bakarrik emakumeon ardura, baina borroka honetan emakumeok izan behar dugu protagonismoa. Gizonak bidelagun behar ditugu, baina ez protagonista.

Zer egin beharko lukete gizonek lanuztearen egunean?

L.T. Aldeko jarrera erakutsi, publikoki babesa eman, enpresatan grebaren aldeko jarrera izan, edota etxeko lanen eta zaintza lanen zama bizkar gainean hartu.

J.B. Batez ere, ez dezatela despolitizatu greba hau, ez gutxietsi. Baztertu behar dute halako gaiak emakumeon gaiak direnaren ideia, denon gaiak eta ardura dira.

M8ko lanuzteak biharamuneko zifra eta estatistikez haragoko balio sinbolikoa duela diozue, zergatik?

J.B. Sindikatuok ez gara deialdi honen protagonistak baina bai bidelagun. Kanpora begira, aliantza honek balioko balu erakusteko ez gaudela, alde batetik sindikatuak, eta bestetik, mugimendu feminista, hori ikaragarria litzateke. Hau da, greba honek balioko balu GU handi bat garela irudikatzeko, urrats handia     litzateke. Barrura begira, barne pedagogia egiteko gai bagara, pauso handia izango zen. Denok ikasiko dugu asko elkarrengandik.