Abenduaren 5an, mobilizazio soziala, bai eta ere ekologikoa!

2019/11/28
greba abenduak 5.jpg
Osteguna, abenduaren 5a jada aitzin ikusten da momento erabakigarri bat bezala 1945etik geroz plantan den eredu sozialaren kontra gobernuak daraman erasoaldia geldiarazteko. Mobilizazio zabal bat antolatua izaiten ari da erretreten erreformaren kontrako greba interprofesional honen karietara. Bizik bere militante eta laguntzaileak deitzen ditu bertan osoki parte hartzerat gure babes eta elkartasun eredu sozialaren defendatzeko, baina ber maneran ere ez uzteko erreforma hau krisi klimatiko eta ekologikoaren gaizkontzen. Hitzordua finkatua da ostegunean, abenduaren 5ean, goizeko 10:30etan, Baionako tren geltokia eta Lan Boltsaren artean.

BiziEtekinak eta indibidualismoa, interes orokorraren eta elkartasunaren kontra

Abenduaren 5 honetan, bete betean pairatzen dugun erasoaldi neoliberal hirukoitz honi «Aski da!» erraiteko manifestatuko dugu:

- Langabezi asurantzaren kalkuluaren erreforma brutalak ehun milaka pertsona pobrezia oraino azkarrago batean botatzen ditu. Ber denboran, nausiekiko langileen egoera oraino gehiago prekarizatzen du, lanaren galtzeko beldurra oraino gehiago indartuz. Ondorioz, geroko soldata maila eta lan baldintza apaltzeen onartzerat bultzatzen du;

- Zonbait gizarte kotizazioren behititze ez kopentsatuek eta beste batzuren goititzearen errefusak, gobernuak artizialki sortzen duen Gizarte Segurantzaren defizita eragiten dute. Horren bidez justifikatzen dira gizarte laguntzen ttipitzeak, Ospitale publikoaren ezinbesteko okertzea eta asurantza edo osagarri sistema pribatuen erraztea;

- Erretreta indibidualaren erreformak - ez dezagun hau erretreta unibertsalarena deitu – punduen bidez eginen denak, bi ondorio ukanen ditu: plantan emanez sistema bat non ez den «diru laguntza definitua» izanen baizik eta «kotizazio definitu bat» automatikoki jeutsi araziko ditu jendarte prekarizatuenei beren erretretaren mailak, haiek langabeziaren eta lanaldi partzialaren biktimak direlako beren lan ibilbidearen parte batean. Erretreten kotizazioen hunkitzea errefusatuz, eta PIB-BPG hots Barne produktu gordinaren mailaren araberako ehuneko batekin erretreten gastuak geldituz, hor ere erretreten diru laguntzak ttipiarazten dira, eta ber denboran jendeak gehiago denbora gehiagoz lan egiterat bultzatzen. Hore ere, erreforma horrek elkartasun eta babes sozial publikoaren printzipioak atakatzen ditu eta gure jendartea nahi du lerra arazi indibidualismoaren printzipiorat eta babes sozial pribatuekilako sistemarat. Horrek etekin gehiago ekarriko ditu pentsio funtsei eta asurantza talde pribatuei gehiengoan diren jendarteko guttien aberatsenen kaltetan.

Jendartea jarria den abarra, oraino denbora gehiagoz segatzen segitu

Ahulenak diren pertsonen oraino gehiago prekarizatzeaz gain, injustizia soziala horrela larriagotuz, erretreten erreforma hau kokatzen da krisi ekologiko eta klimatikoaren gaizkontze logika batean. France-Inter-en berean, ostegunean, azaroaren 21ean, Lehen Ministroak berak aldarrikatzen zuen bezala, beharko da «bizian zehar gehiago lan egin, progresiboki,baina lan gehiago egin, edo kotizazioen iraupenaren bidez, edo adin neurri baten bidez» (…) «Frantsesei erran behar zaie, argiki, lasaiki, progresiboki, denbora luzeagoan lan eginen dugula».

Baina jendartea denbora luzeagoan lan eginarazten bada, gaur egungo langabezi masiboa handitu nahi izan gabe, hori molde bakar batez egiten ahal da: gehiago ekoitzi behar da! Gehiago ekoitzi logikaren ondorioa da xinpleki lehengai gehiago behar dela ustiatu gure planetatik, berriztagarria ez den energia gehiago erre eta hondarkin eta atmosfera eta ozeanoak berotzen dituzten berotegi efektuzko gas gehiago bota. Alta, gure aztarna ekologikoaren gainditzearen data urtero gero eta goizago heltzen da eta horrek desorekak larritzen ditu eta gure aurrekiko dugun zor ekologikoa ere. Lehen gai ainitzen eta berriztagarriak diren hainbat baliabideren mugak laster hurbilduko ditugu eta espezien 6. desagertze masiboa bizitzen ari gira, klima aldaketaren atzera biderik gabeko heinak hunkitzen ditugularik.

Horrelako egoera batean, martxan den hondamendia txartzeko eta bizkortzeko on diren logika eta aipatu aterabideak nola onartu? Nola onartu, jendartea jarria den abarraren segatzen jarraitzea oraino denbora gehiagoz eta eta abiadura handiagoan?

Beste bide bat posible da... eta hartzen ahal da!

Beste ainitz logika eta aterabide badira. Lanaren eta aberastasunen banatzea, harremanen, kulturaren eta arten garatzea, ez eta ontasunen eta harrokeriazko kontsumoarena, zaharkitze programatuaren kontrako borroka, hainbat aktibitateren sal-eroste arlotik ateratzea, elkartasun sistemen indartzea eta komunalen kudeaketa kolektiboa, etab. Gure osasun sistemaren, langabezi asurantzaren eta erretreten sistemaren aldaketak bide horietara behar dira bultzatu eta ez zuzen zuzen Mad Max-en moduko mundurat garamatzatenetara!

Gaur behar dugu ihardetsi, borroka hori irabazten ahal da! Gero eta gehiago jende mobilizatzen da elkartasuna eta justizia sozialaren defendatzeko edo larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko. Elkarrekin, gobernuaren erasoaldi anti-sozial eta anti-ekologiko berri hau gelditzen ahal dugu. Orain da mementoa!

 

Bizi, 2019ko azaroaren 25an