Adolfo Aguirre (CTA): mundu posibletik beharrezko mundura

2013/02/12
DSC_0021.JPG
Gaur egun definitzen ari dena herrien eta naturaren etorkizuna bera da. Jokoan dagoena da zein den ezarriko den ekoizpen eta kontsumo eredua. Amaitu da hazkundearen tesiaren eztabaida ezintasuna. Esaten zuten hazkundeak ongizatean edo enpleguan bihurtuko zela, eta argi geratu da ezetz. Hazkundeak, berez, ez du berdintasunik, zoriontasunik eta justizia sozialik ekartzen.

Adolfo Aguirre, Confederación de Trabajadores de Argentina (CTA)

Estatu buruen Rio+20 gailurraren porrota azaltzeko ematen den arrazoi nagusia da bertan ezin zela hartu erabakirik finantza sistemarekin adostu gabe. Eta finantza sistemak ez zuen akordiorik nahi, bere helburua natur baliabideak (aire eta ura besteak beste) balorizazio prozesuan sartu nahi dituelako, kapitalismoa berrindartzeko asmoz.

Guk dioguna da badela garaia orain 10 urte bilatzen genuen mundu posible horretatik beharrezko mundura pasatzeko. Mundu posiblea aberastasunaren birbanaketa apur bat besterik ez da. Baina aberastasun birbanaketa hori errenten soberakinetatik bildutakoaren bidez egiten da, beti plan sozialen bidez, ez enplegu duina sortuz. Eta errenten soberakin hau izateko estraktibismoa eta baliabide naturalen merkantilizazioa erabiltzen da. Hori ez da onargarria jada, horregatik horrek behartzen gaitu beharrezko mundu hori marrazten hastera.

Arazoak hortxe hasten dira, horretarako egungo ekoizpen eta kontsumo eredua ezbaian jarri behar baita. Ezin dugu gure burua mugatu lan kontueetara, eredu osoan parte hartzeko betebehar politikoa daukagu, gizateriaren bizia baitago jokoan. Zentzu horretan, aliantzen gaiak berebiziko garrantzia du diskurtso eta praktika politiko berria eraikitzen hasteko.

Bi gatazka foku dauzkagu: bata sozioanbientala. Lurraren txikitzaileek komunitate lokalen dezplazamenduak eragiten dituzte gatazka gogorrak sorraraziz. Komunitate horiekin harremanetan gaude erresistentzia aliantza bat osatzen joateko eredu txikitzaile honen kontra.

Beste fokua prekarietatea da. Latinoamerikan ia enplegu guztia prekarioa da, apenas dago lan formalik; OITk lan egokia deitzen duen hori gutxiengo absolutuan dago.

Bi foku nagusi hauek borroka eskatzen dute, baina ez soilik borroka, baita antolakuntza ere, epe luzeko borroka bat baita hau, ez abagune puntuala. Adibidez, egun eztabaidatzen ari dira ea bizitzarako zer den garrantzitsuagoa urrea ala ura. Halako eztabaida irrazionaletan murgilduta gabiltza, eta horrek erresistentzia modu bat dakar, dudarik gabe borroka ekarriko duena. Baina garrantzitsua da ere antolakuntza izatea, zeren eta borroka asko izan dira historian, baina etsaiaren akats batek aukerak zabaldu dizkigun batzuetan ez dugu asmatu alternatibak proposatzen antolakuntza faltagatik.

Ezin dugu onartu planeta honetan soberako jenderik egoterik. Ezin dugu onartu ere, jendea behartuta egotea bere lurrak uztera etengabeko desplazamenduan sartuz. Sistema honek gutxi batzuen inklusioa eragiten du, gehienak kanpoan utziz. Hori onartezina da. Beste eredu bat behar dugu.

Beste eredu baten eraikuntzan garrantzia du eskubide berriak sortzea benetako demokrazia batean, ez soilik bizi dugun demokrazia formal honetan. Sorkuntza horretan garrantzia dute konstituzio aldaketek, Bolivia, Ecuador eta Venezuelakoen antzekoek, eta Argentinan herriaren bitartez bultzatzen ari garen prozesu konstituziogileak, ez legebiltzarrean egindako erreforma hutsa.

Daukagun erronka nagusia gizakien elkarbizitza sustatuko duen paradigma berri bat eraikitzea da, naturarekin harmonia landuz. Norbaitek ordaindu behar du pertsona gehienak kanpoan utzi dituen eredu honegatik, eta guk  diskurtso abanguardizatzailea izan behar dugu, hoberen antolatuak garelako. Sindikalgintza da nazioarteko pultsua manten dezakeen erakunde urrietako bat. Ardura hori daukagu. Agerian utzi behar dugu CSN, ELA eta beste zentral batzuk daukagun anaitasuna, erakusteko mundu posiblea 2001tik hona ibili dugula ahal genuena eginez, eta heldu dela garaia beharrezkoa den mundu hori ez soilik idazteko, baizik eta benetan gauzatzeko.