Ekonomia sozial eraldatzailea eta sindikalismoa: ba al dago topagunerik?
Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau Landeia 252-n argitaratu da)
‘Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala’ liburua eskuratu.
Oscar Garcia Jurado Talaios Aholkularitzako kidea da; kooperatibako beste hiru kiderekin batera (Gorka Julio, Beñat Irasuegi eta Andoni Mikelarena) galdera honen bueltan liburua idatzi dute. Liburuak ELAk egindako ikerketa proposamena du sorleku: automozio sektoreak bizi duen krisiaren aurrean zein alternatiba dauden arakatzea. Bilaketa horretan galdera eta erantzun berriak ateraz joan ziren, eta, ezinbestean, bilaketa fokua zabaldu zuten. Alegia, automozio sektoretik harago, krisi globalari aurre egiteko Hego Euskal Herrirako alternatibak aztertu dituzte liburuan.
Kontzeptuen jabe egin
Liburuak oinarri teoriko sendo eta erradikalak ditu. Kontzeptuak bere oinarrizko erroetara bueltatzeko beharra azpimarratzen du, edota, bestela esanda, kontzeptuez birjabetu beharra. Ekonomiaz hitz egiten dugunean presente izan behar dugu sarritan ekonomia kapitalistari erreferentzia egiten ari garela. Oscar García Jurado ekonomialaria da eta fakultatean Ekonomia kontzeptua nola azaltzen zen gogorarazten digu: pertsonen beharrak asetzeko balio duten ikasketak dira. Halaxe ikasi genuen beste batzuk ere EHUko Ekonomia fakultatean. Errealitatean (eta Ekonomia Fakultateetan) nagusi dena, aldiz, Ekonomia kapitalista da, erdigunean helburu zeharo desberdina duena: kapital metaketa. Eta jakin badakigu horren esanahia: kapitala metatzeko helburuarekin, kapitalismoak mozkina jendearen beharrak asetzearen mende jarriko duten praktika ekonomikoak baimentzen ditu. Edo, are gehiago, mozkinak handitzeko asmoarekin jendearen (eta planetaren) bizitza arriskuan jartzen dituzten praktikak sustatzen dira.
Autorearen ustetan, ekonomia soziala terminoa ere ez da nahikoa, kapitalismoari kontrajarri nahi zaion ekonomiari erreferentzia egiteko. Izan ere, ekonomia sozialaren barruan kokatzen diren jarduera asko ekonomia kapitalistara egokitzen dira. Ez dute kapitalismoa kolokan jartzen, ez dute ekonomia hegemonikoa konfrontatzen, eta ekonomia kapitalista erreproduzitzen dute. Horrexegatik, Ekonomia Sozialari bigarren abizen bat jarri behar zaiola azaltzen du García Juradok: eraldatzailea izan behar du. Ekonomia kapitalistari egokitu beharrean, emantzipazioa bilatzen duten eta konfrontazioko praktika sozioekonomikoak. Ekonomiak emantzipatzailea izan behar du: emantzipazioaz ari garenean ustiapen sistema batekin amaitzeaz ari gara, erauzketa sistema basati batekin edota estraktibismo kolonialarekin bukatzeaz. Emakumeak dirurik gabeko lan baten mende jartzen dituen sistemari planto egiteaz. García Juradok zeharkatzen gaituzten esplotazio desberdinak dakartza gogora.
Liburuari buruzko elkarrizketa batean, García Juradok beronen gako nagusiak nabarmentzen ditu. Ekonomia Sozial Eraldatzailea zer den azaltzeaz gain ekonomia sozial eraldatzaileak irizpide jakin batzuen mandatupean jardun behar duela oroitarazten digu. Hau da, lan komunitate demokratiko bat sustatuko duten ekimenak izan behar dute. Komunitate demokratiko horien sustapenean balore kooperatiboek zentraltasuna dute eta. horretan, funtsezkoa da pentsamendu kolektiboa pentsamendu indibiduala baino nagusiago dela barneratzea. Gure sistema kapitalistan balore indibidualistak nagusitzen dira: hain justu balore kooperatiboen kontrajarriak.
ELAk Talaios-i eskaria egin zionean, ikerketa Hego Euskal Herriari lotuta zegoen. Lurraldea, Ekonomia Sozial Eraldatzailearekin estu lotuta dagoen beste dimentsio bat da. Eta honetan ere kontzeptuen berreskuratze bat defendatu behar da. Izan ere, azken hamarkadatan Europako Batasunetik sustatu diren Tokiko Garapen Politikak politika neoliberalak izan dira. Ekoizpena lurraldeka banatu eta espezializatu dute, bizitzarako beharrezkoak diren jarduera anitzei tokian toki erantzuteko gaitasunik gabe utziz. Europako politika neoliberal hauei aurre egingo dioten lurralde politikak behar ditugula defendatzen du autoreak. Tokiko garapen eraldatzaileaz defendatzen du: lurraldea eraldatu nahi dutenak. Lurraldean zer eta nola ekoiztu behar den erabakitzearekin batera zer eratako enpresak sustatuko beharko liratekeen erabaki behar da. Neoliberalismoak bogan jarri duen ekintzaile figuraren aurrean, autogestionarioak diren enpresak lehenesten ditu ikuspegi honetatik García Juradok. Sozialki beharrezkoak eta ingurumenaren aldetik iraunkorrak diren ondasunak eta zerbitzuak ekoitzi behar ditugu. Lurraldeko autonomiaz edo subiranotasun ekonomikoaz ari gara, lurraldetik autonomia izateaz ari garenean, nola eta zertan gaitasuna izateaz ari gara.
Sindikalismoaren eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen arteko topagunea
Sindikalismoak eraldatzailea izan behar du; horretarako gakoa zein den argi du autoreak. Sindikalismoak lanaren kontzeptua soldatapeko enpleguaz harago eraman behar du, eraldatzailea izan nahi badu. Ekonomia feministaren ekarpen handietako bat zaintza lanak aintzatestea izan den bezala, ezinbestekoa da sindikalismoak lan autogestionatuak ere kontuan hartzea. Lurralde baten burujabetzarako estrategia sozioekonomiko baten barruan sindikalismoak lanaren kontzeptua zabaltzea ezinbestekoa da.
Horrek ez du esan nahi sindikalismoak edozein kooperatiba sustatu behar duenik. Kooperatiba horrek ez badu estrategia antikapitalista edo eraldatzaile batek gidatzen ez dagokio sindikatuari kooperatiba hori babestea. Horretan erne ibili beharra dago kooperatibismoaren mozorropean ezkutatzen den kooperatibismo kapitalistarekin. Sindikalismoak kooperatiba kapitalisten aurka joan behar du, eraldatzailea beharko lukeen alternatiba bat urratzen ari zaigulako. Puntu honetara iritsita, burura datorkit 2023ko abenduan Eroski Kooperatibarentzat lan egiten duen Elorrioko CECOSA enpresako langileen garaipena, antolakuntza sindikalari esker lortutakoa.
Ostera, Kooperatiba horrek estrategia antikapitalistak baditu eta soldatapeko lana oso tasatua bihurtzen bada egoera jakin batzuetan, baina guztiaren oinarria lan autogestionarioa bada, babestu beharko luke. Eta bide horixe da, hain zuzen, liburuaren azken ataletan jorratzen dena.
Abiapuntuan esan bezala, Ekonomiaren jatorrizko zentzua gureganatu behar dugu. Ekonomia feministak ere defendatzen duen moduan bizitzak egon daitezen erdigunean. Horretarako, kontzeptua (eta politikak) deskolonizatu beharra dago, eta pedagogia lan handia egin behar da. Bide horretan urratsak egiteko liburuaren ekarpena oso oparoa da, maila teorikoaz harago, maila praktikoan ere.
Jendearen beharrak asetzera bideratuta egon behar du ekonomiak, jendearen beharren zerbitzura. Ekonomiaren jatorrizko ideia berreskuratu behar dugu, baina horretarako ekonomia kapitalistatik deskolonizatu behar dugu.