Ezberdintasunak eta pobrezia Europan
Azterketa Bulegoko 43. Buletinetik hartua
Gizarte eta ekonomi alorrean, txostenak argi eta garbi adierazten du Europako hainbat lurraldek oso altuak diren langabezia tasak pairatzen dituztela (zehazki %15etik gorakoak diren kasuetan, Hego Euskal Herrian gertatzen ari den bezalaxe) eta, gainera, lana duten pertsona askok ez dutela inondik inora bermatua bizi kalitate duin bat langileriak pairatu duen eros-ahalmenaren murrizketaren ondorioz. Are gehiago, 2013an partaideren batek lan egiten zuen etxeen %9a pobrezia arriskuan zegoen lan egin arren, guztira 8,5 milioi pertsonak jasaten zuen egoera izanik Europa mailan.
Murrizketen eta neoliberalismoaren ildo horretan jarraitu ezkero, Oxfamek aurreikusten du egoerak are okerragora egingo duela era azkarragoan: hurrengo 10 urteetan 15 eta 25 milioi pertsona inguru gehiago egongo dira pobrezian
Eta egoera okerrera doa, egun 123 milioi pertsona baitaude pobrezian Europar Batasunean, biztanleria osoaren laurdena izanik; 2008an 116 milioi pertsona zirelarik egoera horretan zeudenak. Beraz, gure kontinentean lau pertsonatik bat txiro izateko arriskuan dago eta, are gehiago, pobrezia egoera hau handitu egin da 7 milioi pertsonatan 2008 urteaz geroztik: urtero milioi bat pertsonatan hazi da Europako txiro kopurua 2008 urtetik gaur arte.
Murrizketen eta neoliberalismoaren ildo horretan jarraitu ezkero, Oxfamek aurreikusten du egoerak are okerragora egingo duela era azkarragoan: hurrengo 10 urteetan 15 eta 25 milioi pertsona inguru gehiago egongo dira pobrezian, igarotzen den urte bakoitzeko bi milioi pertsona gehiago egongo direlarik pobrezia egoeran 2025 urtea bitartean.
Aitzitik, aberatsenak are aberatsagoak dira eta euren aberastasuna handitzen jarraitzen dute; datu deigarria da 2002an 100 pertsona inguru zeudela Europar Batasunean mila milioi euro baino gehiago zituztenak, 2013rako pertsona kopurua bikoiztu zelarik eta 2014an 300 baino gehiago ziren bitartean, aurten 350 inguru dira jada.
Adibide gisa Oxfamek egindako ondorengo irudia islatzen dugu, pertsonek taldeka duten aberastasun kopurua adierazten duena. Bertan, biztanleriaren %1 aberatsenak aberastasun guztiaren %31a duela ikusi daiteke (biztanle txiroenen %90ak duen beste) eta %10 aberatsenak aberastasunaren %69a duen bitartean, txiroenen diren %40ak soilik aberastasunaren %1a duelarik.
Gainera, Oxfamek dio guzti hau ez dela kasualitate hutsa eta norbanako bakoitzak dituen ezaugarrien arabera probabilitate ezberdinak daudela txiro edo aberatsa izateko. Horrela, emakumeak, gazteak eta imigranteak dira pobrezia gehien pairatzen dutenak; aldiz, aberatsen artean kolektibo nagusia adineko gizonez osoturik dago.
Gastu publikoaren murrizketek, fiskalitate-sistema injustuen ezarpenek, zerbitzu publikoen pribatizazioek eta langile klasearen aurkako erasoek sorturiko eraginak zehazten ditu txostenak, langileen eskubideen gainbehera eta negoziazio kolektiboan egondako urradurak azpimarratuz sorburu nagusi gisa
Eredu gisa, besteak beste, esan beharra dago emakumeek dituzten soldatak gizonenak baino %16 baxuagoak direla Europar Batasunean (emakume pentsiodunek %39 gutxiagoko errentak dituzte lan-bizitzan duten prekarietate altuagoagatik) eta gizonek jasan duten soldata jaitsiera izan dela emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasunak murriztu dituen arrazoi nagusia, beste neurri edota politika guztien gainetik.
Deigarria da ere, lehen aldiz, pobrezia gehien jasaten duen kolektiboa pertsona nagusiena ez izatea, jada 30 urtetik beherako gazteena baita: gaur egun, Europako gazteen %32a pobrezia egoera arriskuan bizi da.
Eta guzti hau eragin duena ere ez da kasualitatea. Oxfamek politika neoliberalak eta murrizketak jartzen ditu ikusmiran, baita demokrazia errealaren falta ere, zuzenean loturik enpresen lobbiek duten gehiegizko boterearekin eta darabilten gardentasun ezarekin.
Zehazki, gastu publikoaren murrizketek, fiskalitate-sistema injustuen ezarpenek, zerbitzu publikoen pribatizazioek eta langile klasearen aurkako erasoek sorturiko eraginak zehazten ditu txostenak, langileen eskubideen gainbehera eta negoziazio kolektiboan egondako urradurak azpimarratuz sorburu nagusi gisa.
Egoerak okerrera egin ez dezan eta gizartean dagoen oreka makala guztiz suntsitu ez dadin, gobernuz kanpoko erakunde honek oinarrizko hainbat gomendio ematen ditu, hala nola: demokrazia indartzea aktore guztien partaidetza sustatzea eta argitasuna eta gardentasuna areagotzea, lobbien eta ate birakarien kontrola handitu behar delarik ere.
Gainera, ongizate gizartea bere osotasunean gauzatu dadin pertsona guztien onerako, denon eskubideen bermatzailea izan behar du, hezkuntza eta osasun sistema publiko, dohain eta unibertsaletatik abiatuz eta ahulenen gizarte-babeserako sistema egoki batekin osotuz. Ongizate gizarte hau soldata duinak dituen enplegu duinak sortzera bideratua egon behar da, Oxfamen ustez krisiaren irteera pertsonengan eta enpleguetan inbertituz emango baita, eta gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak murriztuz eta ordaindu gabeko lanen balioa onartuz ere.
Zerga-sistemari dagokionez, are progresiboagoa izan behar dela azpimarratzen du, aberatsek eta enpresa handiek zerga gehiago eta handiagoak ordaindu ditzaten, eta zerga saihespena eta ihesa ekidin behar direla. Horretarako Europa mailako zerga alor bat adosteko premia zehazten du, kooperazioa eta berdintasuna sustatuko dituena oraingo ilunpe eta lehia ordezkatuz.
ELAn ondorio hauekin bat egiten dugu, baitakigu berdintasunean eta gizarte justizian oinarritzen ez den ongizate gizarterik ezin dela egon. Horretarako, lehen urratsak politika neoliberalak eta horiek sustengatzen dituzten ate birakariekin amaitzea direlarik.