Guztion prekaritatea borrokatu: sindikatu antiarrazista baterantz
Aurkibidea
I- Esparru orokorra
II- Pertsona migratuen egoera
III- Prekaritatearen aurkako gatazkak
IV- ELA-ren proposamenak
ELAk arrazakeriaren aurkako sindikatu izateko konpromisoa hartu du. Horrek lantokietako ekintzari eragiten dio. Generoa edo arraza bezalako elementuek zeharkatzen duten prekarietateari aurre egiten diogu, eta askotan sektore prekarioenak feminizatuak (zaintza, garbiketa, merkataritza, kontserba sektoreak, etab.) eta migratutako pertsonak lan egiten duten sektoreak dira (Elikaduraren Industria, Eraikuntza, ostalaritza, etab.).
Azken urteotan, antolatu eta prekarietateari aurre egitea lortu dugu, migratzaileen tasa oso altua den lantoki askotan. Hego Euskal Herri osoan ditugu adibideak;
- Nafarroako Erriberan ordezkaritza handia dugu Uvesa edo Congelados de Navarra bezalako enpresa garrantzitsuetan.
- Iruñean lehen enpresa-hitzarmena lortu genuen Navarluman, 41 eguneko grebaren ondoren.
- Araban, Araiako Ferrovial enpresan 3.500 eurotik gorako soldata igoera lortu zen 37 eguneko grebaren ostean.
- Bizkaian, Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletan % 48ko soldata-igoera lortu genuen 47 egun greban egonda. "Sindikalizatzeak bizitza aldatu zigun: gela batean bizitzetik pisu batean bizitzera pasa ginen"
- Duela hilabete batzuk, Cecosan, Eroskiren filialean, akordio bat lortu genuen, 5 eguneko grebarekin % 23ko soldata-igoerak lortzeko.
- Azkenik, Gipuzkoan, ELAk Amazonen aurkako epaia irabazi zuen legez kanpoko lagapenagatik, eta 60 langile deuseztatzea lortu zuen.
- Era berean, Anoetako obretan langileek lan egiten zuten baldintza gaitzesgarriak agerian uztea lortu zuen.
Aipatutako gatazka guztiek bazuten zerbait komunean; migratutako pertsonekin osatutako plantillak ziren, eta gehienetan nahita kontratatzen ziren pertsona horiek lan baldintzak gehiago prekarizatu ahal izateko, kolektibo horretan beharrak handiagoak direla jakinda.
Kasu horietan guztietan enpresei erakutsi diegu antolatzen garenean prekarietateari modu kolektiboan aurre egiteko gai garela. Bide horri jarraituko diogu, ezinezkoa dena, langileen arteko elkartasuna eta behar den denboran greban egoteko aukera ematen digun erresistentzia kutxarekin ez bada.