Herrialdean bizi eta geratu (I)

2021/02/19
8094478110_9902293038_o.jpg

Txetx Etcheverry, Manu Robles Arangiz fundazioko kidea. (Artikulua Enbatan argitaratu da).

1970eko hamarkadaren amaieran militatzen hasi nintzenean, eslogan batek estaltzen zituen Iparraldeko pareta asko : "Herrian lan eta bizi!" Herrialdean bizi eta lan egitea, horixe izan zen leitmotiva garai horretan, lan bila herritik alde egiten zuten gazteen exodoaren aurka borrokatzen zutenentzat. Borroka haien ondoriozko estrategiak honako hauek izan ziren: lurzoru ekonomikoaren inbertsioa, kooperatiben sorrera, nekazaritzaren defentsa, tokiko aurrezkiaren zati bat lurraldeko enpresen sorkuntzara eta garapenera bideratzea, turismo ororen aurkako borroka, tokiko unibertsitate-ikasketen garapenerako lan egitea, e.a... 2020ko hamarkadako euskal gazte batentzat, paradigma aldatu egin da: lanik gabe egoteko duen arriskua ez da Frantziako gainerako gazteek pairatzen dutena baino handiagoa, ezta gutxiago ere. Baina horrek ez du esan nahi egun, herrialdean bizitzen jarraitzeko bitartekorik eta bermea dituenik. Lurraren prezioen eztandak eta errenten igoerak arrisku larrian jartzen dute jaiotako lurraldean bizitzeko eskubidea. Eta hori, gazteei ez ezik, diru-sarrerak galtzen dituztenei ere gertatzen ari zaie (erretiroa, kaleratzea, dibortzioa, era guztietako bizitzako gorabeherak, etab.).  Datozen urteetan Iparraldeko paretak beste lelo batekin estaliko direla pentsatzea, apustu segurua da: "Bizi eta aurkitu ostatua herrialdean!". "Herrian bizi eta alokatu!".

Infernu espirala

Iparraldean, Euskal Kostaldea oso txikia da, eta lurralde-presio esponentziala jasaten du. Orain, presio horrek gainezka egiten du kostaldearen eta barnealdearen artean. Lurra urria da eta eskaria, bereziki lurraldearen "erakargarritasun" ospetsuak bultzatuta (1), etengabe hazten ari da. Eraikinak bat-batean, biderkatu daitezkeen arren, m2-ko prezioa ez da murrizten, ezta alokairuak ere. Galde diezaiokegu geure buruari ea horrek ez ote duen eskaria , eta honenbestez, prezioak igotzeko balio. Alegira, eskaintza handitzean jaitsi nahiko genituzkeen prezioak igotzeko. Izan ere, etxebizitzen prezioak % 20 igo dira 2015etik 2018ra eta tarte horretan, goranzko joera izan zuen etxebizitzen ekoizpenak (urteko 2.800 eta 3.000 bitartean, 303.000 biztanlerentzat). Nabarmen larriagotzen dute arazoa banakako etxearekiko atxikimendu kulturalak, dibortzioen igoerak, Frantziako eta Akitaniako batez-bestekoa bikoizten duen bigarren etxebizitza-tasak, sasoiko alokairuek eta Airbnb motako alokairu turistikoko plataformen fenomenoak (% 30 hazi dira 2017 eta 2020 bitartean). Emaitza: Ipar Euskal Herrian m2 erosteko batez-besteko prezioa 4.300 eurokoa izan zen 2018an eta gora egiten jarraitu du. Alokairu pribatuko parkearen batez-besteko alokairua 651 eurokoa da barnealdera zabalduta dagoen euskal kostaldean, Bastida, Kanbo, Ezpeleta arte eta Donapaleu, Maule eta Donibane Garazi bitartean, hau da, 84 udalerritako eremu bat (Audap azterlana, 2020ko abendukoa).

Kostaldean 725 eurora igo da alokairua, Baiona eta Anglet eta Ustaritze-Senpere tartean izan ezik. Gogorarazten dut hileko gutxieneko soldata garbia 1.230,61 eurokoa dela estatu frantsesean eta, beraz, euskal kostaldeko batez besteko alokairua gutxieneko soldata garbiaren% 59 dela. Etxebizitza soziala eskuratzeko itxaron zerrenda bi urtetik gorakoa da (2021eko urtarrilaren 23ko Sud-Ouest), eta Iparraldeko biztanleriaren % 70 hautagarriak dira. Hala ere udalerri gehienak, ez dira iristen 2025erako SRU legeak eskatzen duen etxebizitza sozialaren % 25era . T2 edo T3 bat alokatzeko (bi edota hiru espazioz osatutako etxebititzak) 50 eta 60 eskaera egon daitezke, eta halako bat eskuratu nahi izanez gero, hobe da iragarkia agertu ondorengo orduan erantzutea. Halaber, zure eskaera serioski azter dadin, beharrezkoa da agentziari edo jabeari frogatzea lan-kontratu mugagabea dugula, alokairua halako bi/hiru jasotzen dugula, bi hilabeteko bermea ordaindu ahal izatea...!  Hori bermatzen duen jendea ere behar da, alokatu ahal izateko!  Nahikoa da esatea hau guztia esatea jende asko atzean geratzen dela ikusteko...

Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteak erakutsitako borondatea

Arazoa handia da, pertsonen bizitzaren muinean bete-betean jotzen duena. Horren aurrean funtsezkoa da agintari publikoek beren indar guztiarekin jardutea, "Merkatuaren esku ikusezinaren" joera hilgarriei aurre egiteko. Euskal Elkargoko presidente eta Baionako alkate Jean-René Etchegarayk, Henri Etcheto zoritxarreko lehiakideak ez bezala, badu meritua, gutxienez, ulertu duelako etxebizitza-afera honi emandako erantzunak komunitate-arteko tresnak izan behar dutela , Ipar Euskal Herriko eskalan. Elkargoko presidentea harago doa Sud-Ouest egunkarian urtarrilaren 23an eskainitako elkarrizketa batean: alokairuak erregulatzea defendatzen du argi eta garbi. Lur gabezia dugu, salmenta-prezioak gorantz jarraitzen dute eta horiekin batera alokairu-prezioak. Jendeak ezingo du erosi, ezta alokatu ere. Gure sektorean, etxebizitza-eraikuntzaren % 80a ez dago gure biztanleei zuzenduta. Gure jendeak erosteko bitartekorik ez duelako. Eraikuntza kanpoko erosleentzat da. Gauzak eskaintzaren eta eskariaren legearen arabera egiten uzten badugu, jabetzarekin ezagutzen ditugun arazo berberak izango ditugu alokairuarekin. Ezin izango dugu errenten kontrola alde batera utzi. ELAN legearekin ez ginen arazoaren muturrera ailegatu. 24 udalerri ditugu ofizialki eremu estu batean, baina Aglomerazioak ezin du errenten kontrola ezarri arrazoi inkongruente batengatik. Legeak lau irizpide ezarri zituen onuradun izan ahal izateko eta  ez dugu horietako bat bera ere betetzen. Zer eta gehiegizko etxebizitza-ekoizpena dugulako! Hau paradoxa! Legea aldatzeko, alokairuen erregulazioa ez da nahikoa izango. Hain justu, uda sasoiko alokairuetan pentsatzen ari naiz, izugarri nahasten baitituzte etxebizitza eta alokairu merkatuak...

Etxebizitza politikak diskurtso proaktiboaren ildoan jartzea

Ezin dugu konformatu tresna legegile berrien zain egotearekin, ez baitakigu iritsiko diren ala ez. Arazoaren garrantzia eta premia ikusita, eskura ditugun tresna guztiak aktibatu behar ditugu afera honek gure lurraldean eta biztanlerian duen eragina mugatzeko. Hain zuzen ere, Iparralde osoa bilduko zuen aglomerazio bat sortzeko zegoen interes guztia erakutsiz, lehen aldiz, Ipar Euskal Herri osoko Etxebizitza Plan Lokal (PLH) bat egin da, lurraldearen eta gure lurraldeko etxebizitza-arazoaren diagnostiko orokor bat eginez, eta helburu estrategiko batzuk finkatuz. Helburuekin ados gaude, besteak beste, "Bolumen eta kalitate aldetik kontrolatuagoa den eskaintza bat garatzea, bertako jendearentzat eskuragarriago izango dena... eta era orekatuagoan egingo dena Iparraldeko barrualdearen garapena bultzatzeko”...

Hala ere, gai horietan Ipar Euskal Herriko aditu den Peio Etcheverry-Aintchart-ek bere kezka agertu zuen aldizkari honetako zutabe batean....(...)

Hiriburuko adierazpena

Orain arte, udal gehienak Etxebizitza Plan Lokalaren alde agertu dira baina Hiriburuko udalak, Alain Iriart alkateak proposatuta, planaren aurkako txostena egin eta eszenario alternatibo bat proposatu zuten.

Enbatak Hiriburuko adierazpen bereziki hezigarri eta garrantzitsu hau argitaratzea erabaki du (paperezko bertsioan, prentsa kioskoetan eskuragarri). Hala, adierazpenean ohartarazten da urteko 2.656 etxebizitzako ekoizpen planifikatuak tokiko familien premien % 29 baino ez duela estaliko, eta bigarren etxebizitzek etxebizitza berrien eraikuntzaren % 32 osatuko dutela. Zehazki, honako hauek proposatzen ditu: eraikuntza berriaren helburua urteko 2.000 etxebizitzara jaistea; etxebizitza irisgarri eta inklusiboen proportzioa (etxebizitza sozialak eta alokairuzkoak) handitzea %55etik %60ra (% 45aren ordez); urtean aurreikusitako bigarren etxebizitzen kopurua bosten batera murriztea (892 izan ordez, 178); etxebizitza hutsak edo zaharrak berritzeko dirulaguntzak bideratzea etxebizitza nagusia alokairuan izateko baldintzapean (1.500 etxebizitza).

Hiriburuko adierazpenak kutsu politiko indartsu eta boluntarista dauka eta Etxebizitza Plan Lokalek piztu beharko lukeen eztabaida norabide egokian bideratu dezake. Eta era berean, Plan Lokalekin batera landuko diren bestelako dokumentuak ere balditzatu ditzake, sen ona erabiliz (PCAET, PDU, Scot, PLUi). Nire ustez, Hiruburuko adierazpenak Etxebizitza Plan Lokal proaktiboaren aldeko apustua egiten du eta Iparraldeko mugimendu sozial eta ekologista guztiek sostengatu beharko genuke.

Hala ere, proposatzen duen planteamendu alternatiboak ere ez die behar bezala erantzuten egungo lurzoruaren eta etxebizitzaren krisiak planteatzen dituen galdera guztiei. Bereziki, urtaroko alokairuen arazoa eta Airbnb-ren ondorio larriak ditut gogoan. Eta, batez ere, etxebizitzaren jabetza sozialaren ezinbesteko eta erabateko ikuskapena dut buruan, BRS (benetako errentamendu solidarioa) edo epe luzeko alokairua bezalako tresnez bidez, Alain Iriartek berak Enbatan aitortzen duen bezala.

Hori gabe, gure erantzunak hondar gainean eraikiko ditugu, eta ELAN legeak aurreikusitako hamar urteen ondoren, etxebizitza soziala, diru publikoarekin finantzatu zena, merkatu librean sartuko da eta horrek higiezinen espekulazioa eta arazoa areagotuko ditu.

Zer estrategia lurzoruari eta etxebizitzari buruz?

Etxebizitza Plan Lokal proaktiboenak ez dira, berez, nahikoak izango Ipar Euskal Herriko egungo eta etorkizuneko lurzoru- eta etxebizitza-krisia konpontzeko. Zer baliabide erreal ditu, adibidez, helburu operatibo bat lortzeko? Esate baterako, nola lortuko da bosten batera murriztea aurreikusitako bigarren etxebizitzen eraikuntza kopurua?

Afera honen inguruan, inoiz baino gehiago, erakunde eta masa-borrokaren arteko elkarlanaren artikulazioan pentsatu behar dugu, eta baita ere gizarte mugimendu eta herri-ekintzaren egitekoetan. Benetako estrategia bat pentsatu eta eraiki behar dugu, non aktore bakoitzak, mugimendu bakoitzak bere tokia, bere rol espezifiko eta osagarria aurkitu ahal izango duen. Horrela, guztiok batera gauzen bilakaeran benetan eragin ahal izateko eta lurraldearen gaineko presioa arindu ahal izateko. Presio honek Euskal Herrian bizitzeko ditugun aukerak arriskuak jartzen ditu.

Ahalik eta lasterren, estrategia eraginkorrak eta irabazleak jarri behar ditugu abian, landa eremuan bizitzea edota alokairua topatzea ahalbidetuko digutenak.

Nire hurrengo zutabean hausnarketa horrekin jarraitzen saiatuko naiz, eta proposamen zehatzak egingo ditut ikuspegi horretan.


(1) "erakargarria", batzuek oraindik amets egiten dute AHT- Bordeaux-Hendaia pista berri baten fantasiarekin.