Industria politika langile klasearen zerbitzura jartzeko

2026/06/11
industria.jpeg
ELAren Azterketa Bulegoak txosten sendoa ondu du Hego Euskal Herriko ekonomiaren bilakaera aztertu eta eredu industrial justuago, demokratikoago eta iraunkorrago bat eraikitzeko alternatibak proposatzeko.

Industria politika langile klasearen zerbitzura. Diagnostiko eta proposamen integrala ikuspegi ekosozialetik txostenaren abiapuntua da industriak estrategikoa izaten jarraitzen duela ongizate kolektiborako. Politikak, ordea, errentagarritasun pribatua bermatzera bideratuta egon dira behar sozialak babestu beharrean. Izan ere, Hego Euskal Herriko ekonomiak 2000. urteaz geroztik hazten jarraitu badu ere, industriak pisua galdu du produkzioan eta enpleguan, eta industria produkzioa ia geldirik dago 2008ko krisia baino lehenagotik. Bilakaera horrek ez ditu hobetu langileen bizi baldintzak; soldata errealak ez dira ia igo, eta enpresek eta akziodunek hartzen duten aberastasunaren zatia, berriz, nabarmen hazi da.

Hori posible izan da, txostenaren arabera, azken hamarkadetako industria politikek sakoneko logika berari eutsi diotelako: baliabide publikoak erabiltzea enpresa arriskuak murrizteko eta inbertsio pribatuak bermatzeko, eta irabaziak korporazio handien eta akziodunen eskuetan geratu dira.

Eredu horren aurrean, industria politikaren proposamen integral bat egiten du txostenak, hiru printzipiotan oinarrituta: jabetza publiko, kooperatibo edo sozialeko enpresa estrategikoetarantz aurrera egitea; langileek erabaki ekonomikoetan parte-hartze eraginkorra izango dutela bermatzea; eta ekoizpena muga ekologikoen barruan gizarte-premiak asetzera bideratzea.

Proposamen nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Industria Partaidetzarako Euskal Institutua, garapenerako banku publikoa, industria sarearen jarraipen eta alerta goiztiarreko sistema publikoa eta energia berriztagarrien enpresa publikoa. Enpresa estrategikoen sustraitzea bermatzeko eta baliabide publikoekin bultzatutako proiektuak gizartearentzako edo multinazionalentzako itzulerarik gabeko inbertsio funtsen esku amaitzea saihesteko neurriak ere jasotzen ditu txostenak.

ELAk ondorioztatu duenez, administrazio prozedurak azkartzeak edo inbertsio pribatuak errazteak ez du bermatzen ez enpleguari eustea, ez enpresa sustraitzea, ezta trantsizio ekologiko justua ere. Horregatik, langileen klasea erdigunean jarriko duen industria politika bat eskatzen du, kontrol demokratikorako mekanismoak txertatuko dituena eta baliabide publikoak gizarte osora itzuliko direla bermatuko duena.

Dokumentu luzeaz gain, laburpen dossierra ere dago eskuragarri, ideia eta proposamen nagusiekin.

DOKUMENTUA deskargatzeko

LABURPENA deskargatzeko