Kontakizun berde eta digital berria: betidaniko eredu ekonomiko bidegabea eta zaharkitua
Janire Landaluze (ELAko Azterketa Bulegoa) eta Mikel Alvarez, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataforma. Garan argitaratuta.
Azken finean, txeke zuri bat da Iberdrola, Petronor, Supersur, Bizkaia dorrea, AHT eta abarretzat, guztion diruarekin eta kontakizun hegemoniko berri baten pean: alegia, Europa kapitalismo berde eta digitalaren bidez berreskuratuko dela dioena. Horren aurrean, pobrezia-egoeren hazkundea, enplegu galera, zerbitzu publikoen prekarizazioa, zaintza-sistemaren hauskortasuna edo autonomoen, baserritarren, tokiko merkataritzaren, enpresa txikien eta kooperatiben egoera ez dira lehentasunezkoak euskal erakundeentzat. Argi dago zerk duen garrantzia eta zerk duen balioa, noiz eta gure bizitzan ezagutu dugun krisirik handienari aurre egin behar diogunean.
Guzti hau lehendik ere ezaguna zaigu. Negozioen aldeko eredu neoliberal hori bera aplikatzen ari dira duela hamarkada batzuk eta 2020 honetan areagotu egin da: Zaldibarko zabortegiko erregulazio arduragabea, sindikatuen aurkako erasoaldi iraunkorra, egoitzen kudeaketan inbertsio-funtsak sartzea, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako zerga-beherapenak, multinazionalen partaidetza progresiboa osasun publikoan, oinarrizko zerbitzuetara baliabide ez nahikoak bideratzea etab. Adibide batzuk baino ez dira.
Ezin dugu inertzia horiei eusten jarraitu, are gutxiago pandemia-testuinguru honetan. Izan ere, kapital handiek gidatutako ekonomia nazioarteratuaren ahultasun eta jasangarritasun eza utzi du agerian pandemiak. Era horretan, porrotera kondenatuta dagoen euskal eredu ekonomi honen erabateko norabide aldaketa proposatzen dugu. Bestela, indarrean dagoen kapitalismoaren jasangarritasun ezak okerrera egin eta desberdintasun, autoritarismo eta kontrol sozialaren egoera larriagotu besterik ez baitu egingo.
Hala, eta lehenik eta behin, ez dago inolako ebidentziarik kapitalismo digitalaren "itxaropen zuri berriak" produktibitatearen eta irabazi-tasen hazkunde orokortuak ekarriko dituela erakusten duenik. Are gehiago, ekonomia globalizatua kolokan jarriko duen kolapso ekologikoko testuinguru batean. Halako apustua ausarkeria da.
Bigarrenik, euskal erakundeek aplikatutako dinamika neoliberala bera ari da enpleguaren eta politika publikoen zentralitatea desegiten. Horrela, alde batetik, digitalizazioak eta automatizazioak enplegu-kopuru garbia murriztuko dute eta gainontzeko enpleguaren zati esanguratsua prekarizatuko dute. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren proposamenak erakusten duen bezala, arlo publikoa enpresa-interesen zerbitzura behin betiko jartzeak, asko mugatuko du izaera publikoko gizarte eta zaintza sistema.
Hirugarrenik, energia berdearen guru diren megaenpresa digitalek eta inbertsio-funtsek metatutako botere gero eta handiagoak arriskuan jartzen ditu indarrean dauden gutxieneko demokratikoak, bai eta kontrol sozialaren eta zaintzaren intentsitatea handitu ere.
Laugarren, oldarraldi kapitalista berri hau babesten saiatzen den kontakizun berde eta digitala balizko faltsuetan oinarritzen da. Zentzu horretan, ekonomia ez da desmaterializatuko ekoizpenaren eta kontsumoaren bolumena eta zentzua erabat aldatu gabe. Ez da kolaboratiboagoa izango, inoiz baino kontzentratuagoa baizik: kontutan hartuta megaenpresa digital, energetiko eta finantzarioek egituratutako ekonomiaz ari garela, erakunde publikoek baino botere askoz ere handiagoa metatuko du.
Azkenik, eta bosgarren lekuan, kontakizun berri honek ameskeria izatez harago, betidaniko desarrollismoa dakarkigu: adreilua eta eraikuntza. Azken batean, euskal ekonomia iceberga saihesteko itxaropenik ez duen Titanic-a da, planik gabeko tripulazio batek gidatua, bere ohiko business musikarekin jarraitzen duena. Hori saihesteko, interes orokorraren alde egiten duen arlo publikoa berreskuratzearen alde egiten dugu, esperientzia sozial eta komunitarioekin bat eginez. Trantsizio ekologikoa eta digitala, baita ongizate kolektiboa ere, posible izango dira aberastasun-iturri nagusien jabetza eta kudeaketa komunaren esku badaude. Hau da, enpresa transnzaionaletatik urrun, irabazien maximotze hutsa baitute helburu.
Ildo horretatik, datu-banku publiko bat behar dugu, kolektibotasunaren zerbitzura arituko dena eta adimen artifizialeko eta automatizazioko zerbitzuak garatuko dituena; energia-sektorearen publifikazioa, tokiko ekimenak eta ekimen deszentralizatuak garatzearekin batera; hezkuntza, osasuna, zaintzak, finantzak, nekazaritza eta elikadura bezalako sektoreen desmerkantilizazioa. Horretarako fiskalitate progresibo eta ekologiko baten beharra dugu,eta multinazionalak arautuko dituen marko berri bat,
publikoaren eta multinazionalen arteko aliantzei mugak jarriko dizkiona.
Aldi berean, euskal ekonomia birkokatzearen alde egiten dugu. Lehentasunezko laguntza ekonomia solidarioko, elikadura-subiranotasuneko, ETEetako, kooperatibetako subjektuei eta autonomoei ematearen alde egiten dugu apustu.
Kate globalen zaurgarritasunaren eta sostengagarritasun ezaren aurrean, tokian tokikoaren alde egiten dugu, bizi-beharrak eta -zikloak ikuspuntu ekologiko, demokratiko eta berdinzale batetik lehentasunez konpontzeko espazio gisa. Oraindik garaiz gabiltza. Aldaketarako oinarriak badaude.