Langile publikoak eta pribilejioak II: Gora funtzionarioak!
Xabi Irastorza, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau bere blogean argitaratu du)
Duela ia bi hilabete, sektore publikoko urriaren 25eko grebaren bezperan, zerbitzu publikoen eta langile publikoen egoera eta garrantziaren inguruko iritzi artikulua idatzi nuen. Botere ekonomiko finantzarioek bultzatuta, langile publikoen aurka ematen ari diren erasoek eta jendartean zabaltzen ari den desprestigio kanpainak kezkatuta egin nuen (hemen aurreko artikuluaren lotura)
Harritu ninduen izan zuen oihartzun eta harrera onak. Ziurrenik jasotako erantzunak indartuta, beste salto bat ematera ausartu naiz, zailagoa, arriskutsuagoa, esango nuke. Hau ere, abenduaren 19rako deitua dagoen sektore publiko grebaren bezperetan.
Funtzionariotza eta langile publikoen izaera eta beraien beharra defendatu nahi dut.
Izan ere, nekez imajina nezake bizitzarako funtsezkoak diren behar eta jarduerak ase ahal izatea eta jendarte justu bat eraikitzea, hori egin ahal izateko profesional onenik gabe, beraien lanpostua, zerbitzua edo lan baldintzak botere ekonomikoen presio eta mehatxupean egonda edota momentuko gobernuaren ideologiaren edo alderdi politikoen interesen mende egonda.
Norbaitek esan diezadake arreta funtzioa, lanpostua edo zeregina gauzatu behar duen pertsonan jartzea baina egokiagoa dela eman beharreko zerbitzuari edo funtzioari erreparatzea. Baina nire ustez bata ezin daiteke besterik gabe ulertu. Ezin daiteke funtzio edo zerbitzua gardentasunez, objetibotasunez, inpartzialtasunez eta inolako diskriminaziorik gabe eskaini, hori bermatu behar duen pertsonaren izaera, lanpostua eta lan-baldintzak blindatu gabe.
Horregatik behar ditugu funtzionarioak. Funtzionarioek ez dute ugazaba baten, zuzendaritza baten edo administrazio buru baten menpeko lan-kontraturik. Funtzionarioek jendarteari eskaini behar dioten funtzioaren jabetza dute, beraiek dira funtzio edo zerbitzu hori eskaintzearen arduradun eta berme, edozein delarik ere botere ekonomikoen presioa eta edozein momentuko gobernuaren ideologia edo alderdi politikoen interesa. Funtzionarioak ez ditu inork kontratatzen ezta inork hautatzen ere. Legedian jasotzen diren irizpideak jarraituz jendartearen beharrak asetu eta funtzionamendu egokirako funtsezkoak diren funtzio bat betetzeko gaitasun eta meritu gehien publikoki egiaztatzen duten pertsonak jabetzen dira funtzioaz eta dira izendatuak zerbitzu hori bermatzeko. Eta funtzio hori epe mugarik gabe betetzeko blindajea dute, diziplina-zigor, inhabilitazio edo borondatezko bajarik ezean edota erretiroa hartu arte.
Paragrafoa amaitu aurretik hasi zaizkit iristen kexa eta kritikak. Alderdi politiko askok beraien alderdikideak edo beraien kontrolpeko pertsonak sartzen dituztela, Enplegu Publiko Eskaintza batzuek pertsona batzuen neurrira eginak daudela, administrazioko arduradun politiko askok beraien interesen menpe jartzen dituztela funtzionarioak, funtzionario batzuek bere “status” berezian babesten direla bere funtzioa eta zeregina erlatibizatuz edo egin beharko luketen lanik ez egiteko, oposizioak ariketa memoristiko bat direla eta sarritan ez dela bermatzen funtzio eta zereginetarako egokitasuna…
Ez naiz ni izango hori gertatzen ez denik esango duena. Besteak beste, zabaldua baitago, baita funtzionario eta langile publikoen artean ere, funtzionario izatea hobe bizitzeko modua dela, bizi osorako lanpostua, soldata, jardunaldi eta opor onak bermatzekoa.
Adierazitako kritika hauek azaleratzen dutena eta pentsamendu hori hedatu izanaren ardura zabala da, baita funtzionariotzaren izaera langile publikoen artean behar bezala landu eta babestu ez dugunona ere. Baina, ez ote da, bereziki, zerbitzu publikoen eta langile publikoen aurkako eraso kanpainaren ondorio? Izan ere, administrazioen zereginik berezkoenetarikoa funtzio hau blindatu eta bermatzea da. Tresna nahikoa dituzte egiteko: funtzioaren izaera landu eta trebakuntza emateko, funtsezko zerbitzuak ez azpikontratatzeko edota publifikatzeko, behin-behinekotasuna mugatzeko, oposizio sistema hobetzeko, funtzioak eta zereginak ongi egin daitezen lanpostu zerrendak eta lan-kargak egokitzeko, lanaren planifikazio egokia garatzeko, egoki ari ez diren langileei neurri zuzentzaileak hartzeko edo, beharrezkoa balitz, baita diziplina zigorrak edo inhabilitazioak ezartzeko ere. Eta zergatik ez dute egin? Ez ote da botere ekonomiko finantzarioak inposatu duen marko ideologikoa gailendu delako eta zerbitzu publikoak desegiteko edo hiltzen uzteko estrategia inposatzen ari direlako? Baita arduradun politiko eta alderdi politikoengan, sarri ezkerreko indarren konplizitatez edo isiltasunez?
Eta kritika hauek bere oinarria izan badezakete ere, ez dugu bainuontziko ur zikinarekin batera umea komunetik behera botako, ala? Funtzioa behar bezala bermatzeko neurri guztiak hartu behar direla iruditzen zait, zerbitzu publikoa eta blindatu beharreko eremuak indartu eta zabaltzeko premia dugu. Baina niri ez zait bururatzen funtsezko beharrak asetzeko eta berdintasunez, objektibotasunez, inpartzialtasunez eta diskriminaziorik gabe egin ahal izateko modu hoberik.
Funtzio eta zeregin hauek momentuko gobernuen edo alderdi politikoen mende, beraien kontratazio edo kaleratze borondate pean uztea ez zait ideia hobea iruditzen. Ezta pertsonen hautaketa, legeak ezartzen dituen irizpideen baitan, hiritarren kontrol publikoarekin, aukera berdintasuna eskainiz edo gaitasunen eta merituen baitan egin beharrean, despatxu batean, ateak itxita, pertsona jakin batzuen irizpideen baitan lan-kontratu bat sinatuz egitea, nahiz eta borondate oneko pertsonak izan.
Norbaitek pentsa dezake herritar guztiontzat, bereziki mota guztietako zailtasun edo behar gehien dutenentzat, hobea dela bere medikua bajak murriztea helburu duen duten aseguru pribatu batek kontrataturikoa izatea? Edo bere seme-alaben irakaslea Aznar lehendakari duen FAES Fundazioak edo FEDEA lobby ekonomikoaren langile soldatapekoa izatea (edo Sabino Arana, Iratzar edo Manu-Robles-Arangiz Fundazioen menpekoa)? Edo laguntza sozialak edo DSBEa (RGI) kudeatuko dion langilea Kutxabanken nominan egotea? Edo bere gurasoak dauden erresidentziako zaintzailea Florentino Perezen Clece (ACS) edo funts putre batek kontrolaturiko enpresa bateko langilea izatea? Edo norbera epaituko duen epailea presondegiak eraikitzen dituen inbertsio funts batek kontratatua izatea?
Izan ere, ez da alferrik egungo langile publiko eta funtzionariotzaren egitura, frantziar iraultzaren eta XIX. eta XX. mendeetako langile klasearen aldarrikapen eta borroken oinordekoa. Askatasun, berdintasun eta kidetasun idealek bultzatuta monarkia, aristokrazia, noblezia edota elizaren botere ideologiko, moral, ekonomiko eta politikoen interes eta arbitrariotasunei muga jarri eta herritar ororentzat funtsezko beharrak asetu eta legearen aurrean berdintasunez, inongo diskriminaziorik gabe, tratatuak izateko bultzada hari jarraipena eman eta zabaltzea dagokigula iruditzen zait, ez mugatzea edo oztopatzea.
Hau guztia dugu jokoan zerbitzu publikoen eta langile publikoen aurkako oldarraldi honetan, zerbitzu publikoak desegin eta funtzionarioak desprestigiatzeko eraiki den kanpainaren muinean. Horregatik da garrantzitsua administrazio publikoak azpikontrataturiko zerbitzuak eta langileak publifikatzea edo urte luzeetan behin-behinean edo lan-kontratupean dauden langile publikoak kontsolidatzea eta funtzionario bihurtzea.
Hemen ere esaldia amaitzerako kexa: “ez da bidezkoa langile horiek funtzionario bihurtzea funtzionario guztiei eskatzen zaien oposizioetako azterketa zorrotzik gabe”. Ez ote da hau ere, administrazioaren arduradun politikoek urte luzeetan izandako utzikeriaren ondorioa? Hamarkadetan langileen erdia baina gehiago azpikontrataturik edo behin behinean izan dute eta dute. Urte horietan guztietan funtsezko zerbitzuak emateko modu “irregularrean” langile horietaz baliatu dira. Orokorrean, langile horiek funtzio eta zereginak zuzen bete dituzte, bestela kanporatuak izango lirateke. Eta bete ez eta arduradun politikoek beraien postuetan mantendu badituzte, are arduragabekeria handiagoa litzateke. Eta orain, 5, 10, 15 edo 20 urte ondoren langile horiek ordaindu behar dute arduradun politikoen utzikeria eta irregulartasunak?
Egungo utzikeria eta irregulartasunak konpontzea beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Egoera bideratzeko eman beharreko pausoak eman ondoren, beharrezko neurriak hartu behar dira, azpikontratazio hauek edo behin-behinekotasun onartezin hauek berriro ere ez errepikatzeko eta bizitzarako eta jendartearentzat funtsezkoak diren funtzio eta zereginak publikoki bermatuak eta blindatuak egon daitezen.
Kexa gehiagorik entzun ez dudan arren, bada sakon kezkatzen nauen zerbait. Gure administrazio eta langile publiko sistema, oso dela espainiar eta frantziar estatuen mendekoa. Erabaki asko, baita funtzionario izateko eskakizun eta prozesu ugari ere, ez daudela euskal herritarron esku, alegia. Edo gure esku egon daitezkeen gauza asko ere apenas borrokatzen dituztela gure herriko administrazioetako arduradun politikoek eta alderdi politikoek. Sektore publikoan ere burujabetza osoa, independentzia, estatua behar dugu. Bide horretan, ahalik eta eskumen gehien gure esku izan eta gure interes eta beharren baitan antolatu eta bermatuz burujabetza maila handiagoa izaten saiatu beharko genukeela iruditzen zait.
Funtzionario eta langile publikoek bete eta bete arazi behar dituzten lege eta arau asko nork egiten dituen edota nork baldintzatuta, noren presiopean edota nork “erosita” ateratzen diren ikusteak ere asko kezkatzen nau. Elite politiko eta ekonomikoak demokrazia bera baldintzatu, sarritan hustu eta bere zerbitzura jartzeko duen gaitasunak, alegia. Baina ezin egingo ditugu funtzionarioak horren errudun. Hori herritar orori eta langile klaseari demokraziaren alde eta gehiengoaren eta herritar xumeen alde egitea dagokigun borrokaren parte da.
Horregatik da garrantzitsua abenduaren 19ko sektore publikoko greba. Ez soilik langile publikoentzat, gizarte osoarentzat baizik. Mila esker, berriro ere, greba hori aurrera aterako duzuen guztiei, borroka horretan buru belarri zabiltzaten guztiei.