Negoziazio kolektibo feminista egitera goaz

2020/03/07
Nahia.jpeg
Nahia Fernández Vicario, ELAko Genero Politiken saila (testu honek martxoaren 6an ELAK Donostian egin zuen "Zuena zuriketa morea, borroka feminista gurea" ekitaldiko hitzaldia jasotzen du)

Sindikalismoak historikoki ez du genero aldagaia kontuan izan bere egitekoan, eta horregatik, sarri enplegua, lan baldintzak, lan merkatua, edota baita negoziazio kolektiboa ere eremu neutrotzat hartu ditugu.

Tradizionalki langile klasearen “interes orokorra”-ren izenean, itsu ibili gara langile klasearen erdiaren interes eta beharrekiko. Defendatu dugun “Interes orokor” hori, beraz, ez da interes neutroa izan, langile gizonen interesa baizik.

Dena den, lan munduan eta lan baldintzen eremuan betaurreko moreak jartzen ari gara gutxinaka, eta egunerokoan geroz eta errazago identifikatzen ditugu genero aldagaiak erakusten dizkigun errealitate anitzak: soldata arrakala, lan munduaren segregazio okupazionala, jardunaldi partzialen feminizazioa, lan eta bizitzen prekarizazioa, eta abar.

Negoziazio Kolektiboan jarraitzen ditugun dinamika eta prozesuen inguruan, baina, oraindik asko dugu hausnartzeko. Izan ere badakigu:

  • Hitzarmenetan berdintasun klausulak ageri direnean, izaera deklaratibo hutsa izaten dute, legeak dioena errepikatuz.
  • Genero parekidetasunari buruzko edukiak ageri direnean, hauek bizitza, lana eta familia uztartzeko kontziliazio neurrietara mugatzen dira gehienetan.

Negoziazio kolektiboak historikoki izan duen izaera androzentrikoa agerikoa da.

Eta zer gertatu da berdintasun planekin urte hauetan? Dakizuen moduan, orain arte plano formalean geratu dira, eta aurretik aipatutako “izaera deklaratibo huts” hori, alegia. Kasu askotan, gainera, enpresen irudi korporatiboak zuritzeko tresnak izan direla jakin badakigu. Gaurkoan aipatzen ari garen zuriketa morea, hain zuzen. Baina guk argi dugu horretan ez dugula parte hartu nahi, hori ez dela gure feminismoa.

Guk emakumeen interesen defentsa sindikatuaren estrategiaren erdigunera ekarri nahi dugu, sindikalismo feminista egin nahi dugu. Eta sindikalismo feminista eraikitzeko, horren muinari eutsi behar diogu ezinbestean: negoziazio kolektiboari eutsi behar diogu.

Dakizuen moduan, pasa den urteko martxoan hainbat lege aldaketa eman dira (6/2019 Errege Lege-Dekretua) berdintasun planei dagokionez, eta horiek baliatu nahi ditugu feminismoa negoziazio kolektibora ekartzeko.

Berdintasun planek feminismoa eta negoziazio kolektiboa uztartu eta lantzeko ate bat zabaltzen digute. Ez da bide bakarra, noski, baina hartu beharreko trena da.

ELAn apostu irmoa ari gara egiten berdintasun planak lantokietako genero arrakalak ezabatzeko benetan tresna eraginkorrak izan daitezen, plano formaletik haratago joateko. Eta berriro diogu: Ez dugu nahi enpresen irudia zuritzeko tresnak izan daitezen, orain arte gertatu den moduan.

Guretzako, berdintasun planak negoziazio kolektiboa dira. Horregatik, planetan aurrera eramaten ditugun prozesu eta dinamikak birpentsatzen hasi gara, eta helburu eta edukiei dagokionez ere marra gorri batzuk markatu ditugu.

Bide honetan laguntzeko berdintasun plan eraginkorrak gauzatzeko gidaliburua plazaratu dugu. Bertan, honako helburu zehatzak markatu dizkiogu gure buruari:

  1. Lantokietan diagnostiko integralak bultzatzea, genero arrakalak azaleratzeko. Honek enpresetako lan baldintzen diagnostiko baliotsuak izatea ahalbidetuko digu.
  2. Berdintasun planak egiteko prozesuan langileen – eta bereziki emakume langileen- parte hartze aktiboa bultzatu eta sustatzea.
  3. Berdintasun plan batek izan beharreko gutxieneko neurriak aldarrikatzea. Zeintzuk dira gutxieneko hauek? Ba honakoak: soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak, partzialtasuna murrizteko neurriak, nabarmenki maskulinizatuta dauden kategoria edo talde profesionaletan emakumeen aldeko ekintza positiboak, hautaketa eta promozio prozesuetan irizpide ez sexistak ezartzea eta sexu jazarpenaren aurkako protokoloak martxan jartzea.

Argi diogu: ezaugarri hauek betetzen ez dituzten berdintasun planak ez ditugu sinatuko.

Honez gero ez dute balio kontziliazio neurri txikiek: erabaki dugu enpresek berdintasunaren izenean egiten duten zuriketa morearen konplize ez izatea.

Zentzu honetan goraipatu egin behar dugu garbikuntza sektoreko Gizatzen enpresako langileak egiten ari direna: bi asteko greba deitu dute martxoaren 16tik aurrera benetako berdintasun plan eraginkor baten alde. Bi asteko borroka langileen lan baldintzak hobetzeko, hain zuzen partzialtasunarekin, behinbehinekotasunarekin eta soldata prekarioekin amaitzeko.

Gizatzeneko lagunak egiten ari direna Negoziazio Kolektibo Feminista da. Lagunak, aitzindariak zarete eta erreferente bilakatuko zarete. %100ean zuekin gaude! Animo asko!

Laburbilduz, sakoneko lanketa ari gara egiten lantokiz lantoki eta sindikatuko federazio zein eskualde bakoitzean, eta bide luzea dugu aurretik. Erronka potoloa, baina apustua beharrezkoa eta irmoa: sindikalismo feminista eraikitzen jarraitu nahi dugu... eta dudarik gabe aurrera goaz!

Bide honetan eta dakizuen moduan, ELAn gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalaren inguruan ere sakoneko lanketa bat ari gara egiten. Ondoren Zerbitzuak federazioko Ane Zelaia arduradunak azalduko digu gai honen bueltan ditugun erronka eta estrategiak.