Osakidetzaren harrapaketa korporatiboa: enpresen etengabeko sartzea euskal osasun sistema publikoan

EAEko herritarrak Osakidetzaren hondatze sakonaz oso kontziente dira. 2023ko Osasun Inkestaren arabera, sistemarekin asebeteta dauden pertsonen kopurua 10 puntu baino gehiago jaitsi da 2018tik hona –batik bat emakumeen artean–, eta beste hainbeste jaitsi da haien osasun artatze premiak ondo beteta daudela uste dutenen kopurua ere.
Ez da pertzepzio hutsa. Begibistakoa eta egiaztatzeko modukoa da halako sorgin gurpila gertatzen ari dela: desinbertsioa –batik bat lehen mailako arretan eta osasun publikoko zerbitzuetan–, itxaron zerrendak, prekarizazioa eta laneko behin-behinekotasuna, osasun eskubidea kaltetzea, eta osasun sarbideari dagokionez hazten ari diren klase, arraza eta genero aldeko asimetriak.
Adibide batekin argi ikus daiteke: bularreko minbizia garaiz antzemateko programaren barruan mamografia egin duten 50 eta 69 urte arteko emakumeen kopurua 14,9 puntu jaitsi da 2018tik hona, nahiz adin tarte hori den programaren biztanleria-xede nagusia. Horrela, adin tarte horretako emakumeen %67,1 izan dira 2023an mamografia egin dutenak, eta oso nabariak izan dira, gainera, parte-hartze horretan dauden desberdintasunak ikasketa mailari eta desberdintasun ekonomikoei erreparatuz gero.
Eta, hain zuzen ere, aipatutako sorgin gurpila osatzen eta elikatzen duen elementu begibistakoa da Osakidetzaren harrapaketa korporatiboa. EAEko gobernuek, bata bestearen atzetik, sendotu eta zabaldu egin dute enpresa pribatuen parte-hartze aktiboa osasun sistemaren hainbat alorretan. Horren azalpenerako kontakizunaren gako gisa, gizartearen zahartzea, osasunaren erronka globalak edota aliantza publiko-pribatuen ustezko eraginkortasun hobea jarri izan dituzte. Areago; batzuetan modu esplizituan ere planteatu izan dute eredu publikoaren bideragarritasun eza, eta ondorioz, beste eredu nagusiki pribatizatu eta korporatibizaturantz jotzea beharrezkoa izango dela aipatu izan dute.
Joera hau globala da. Kontuan izan Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Antolakundea (OCDE gaztelerazko izenean) osatzen dutenen Barne Produktu Gordinaren %10,4ra iristen den oinarrizko beharrizana dela osasun artatzea. Eta joera global horrek, EAEn oinarri sendosendoak ditu. Alde batetik, juridikoki, osasun sistema publikoaren harrapaketa korporatiboak Espainiako estatuan 15/1997 apirilaren 25eko Legean dauka euskarria. Osasun Sistema Nazionalaren kudeaketa modu berrien antolaketari buruzko legea da, hain zuzen ere. Beste alde batetik, ekonomikoki, osasun arloan egon badago euskal botere korporatibo esanguratsua, eta gerora aztertuko dugun bezala, hainbat eta hainbat arlo eta sektoretan hedatzen da, gainera. Azkenik, enpresa horiek haien alde daukate, politikoki, inolako disimulurik gabeko mesede tratua EAJ, PSE eta PPren aldetik. Tratu horren oinarrian korapilatzen dira instituzioak eta enpresak, elkarren arteko lobby logika, aliantza publiko-pribatu (APP bezala laburbiltzen dena gazteleraz) eta ate birakariak, denak txirikordatuta.
Izan ere, harrapaketa korporatiboa, eraginkortasunaz eta garai berrietara egokitzeaz mintzo den errelato ofizialetik urrun kokatzen da. Horren ordez, desinbertsioa, prekarizazioa, osasun artatzearen okertzea eta hazten ari diren desorekak ageri dira korporazioen aldetik ematen ari den harrapatze horren azterketa diagnostikoaren oinarrian. Ekuazioaren aldagai nagusi lez interes pribatuak, eta ahalik eta etekin handienak lortzearen logika ageri dira, argiki. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Antolakundeak berak (OCDE) honela definitu du prozesu hori: “erabaki politikoak norbanako baten, pertsona talde txiki baten edo erakunde pribatu baten interesen arabera hartzen diren prozesua da, interes publikoaren kaltetan, eta eragile pribatu horiek nahita eragindako ekintzen ondorioz. Ondorioa, arautze injustua edo arautzerik eza da, eta horrek kaltetu egiten du guztien ongia”.
Horrela, bada, EAEko osasun sistema publikoaren erreferentzia gisa talka egiten dute, alde batetik eskubide publikoak eta denen ongiak, eta bestetik irabazien maximizatzeak eta interes pribatuak. Harrapaketa korporatiboa ez baita publikoaren eta pribatuaren arteko win-win logikan mugitzen. Aitzitik, kontraesan gordin baten gainean kokatzen da: giza eskubidea ala negozio pribatua.
Txosten honek EAEko osasun publikoaren harrapaketa korporatiboaren lehen argazki orokorra baino ez du landuko, modu grafiko, pedagogiko eta soilean. Modu honetan gure helburua da erne eta adi jartzea harrapaketa honek aurrera jarraitu eta sendotzeak lekarzkeen arrisku larriez. Izan ere, osasunari eskubide publiko gisa eutsi nahi bazaio, prozesu hau erabat irauli beharra dagoela planteatzen dugu azterketa honen bidez.
Beraz, ez gara ariko Osakidetzaren erradiografia orokor batez –dokumentu honen neurriaz gaineko zeregina litzateke hori–, ez bada ze ekarpen zehatz bat egiteaz, euskal osasun sistema publikoaren inguruko eztabaida sendotzeko eta osatzeko begirada zorrotz batetik.
Metodologia aldetik, lehentasuna eman diogu harrapaketa korporatiboa definitzen duten arloetan dauden datu ofizialak artikulatzeari: inbertsio publikoa, kontzertu edo itun soziosanitarioak, zerbitzu orokorren azpikontratazioak, pribatizatutako enplegu publikoak, aseguru pribatuak eta ate birakariak. Horrela, EAEn gertatzen ari denaren irudi orokor eta integrala eskaintzen dugu, testu laburrak, irudiak eta taulak erabilita.
Azkenik, eta hain zuzen ere gai honi buruz dagoen informazio publikoari dagokionez, salagarria da oinarri-oinarrizko datuez dagoen opakutasuna. Gardentasun falta horrek gure azterlanaren irismena kaltetu egin du.
Hain estrategikoa eta garrantzizkoa den arloan, gardentasuna behar-beharrezkoa izan beharko litzatekeen arren, herritarrek jasotzen duten informazioa ez-nahikoa da erabat. Berez, osasun publikoaz informazio eguneratua, aldirokoa, sistematizatua, eta sektore eta enpresaka zehaztua landu eta modu gardenean eskaini beharko litzateke. Baina ez da horrela. Adibide bat jartzearren, ez dago datu absoluturik zerbitzu orokorrak kanpora ateratzeari buruz. Esanguratsua, oso. Beraz, dagokien erakundeei exijitzen diegu herritar guztiei gardentasun osoz informatzea osasun sistema publikoari dagozkion gakoei buruz, gutxieneko berme demokratikoak eskaintze aldera.