Osasun mentalaren arazoa ez da zurea, gurea da

2023/03/20
osasun mentala.webp
Ez diozula zentzurik aurkitzen egiten duzun lanari? Pentsamendu positiboa garatzen ikasi behar duzu; tori autolaguntza liburuak. Langabezian zaudela eta ez duzula enplegurik aurkitzen? Jarrera mental desegoki hori aldatu behar duzu; psikologia positiboa landu, zuk ahal duzu! Umeak garai txar bat pasatzen ari direla eskolan? Zenbat eta gazteago diagnostikatu eta dagokien psikofarmakoak hartzen hasi, hobe… “Psikofarmakoen erabilera orokortu egin da, ez seguruenak, onuragarrienak eta eraginkorrenak direlako, zerbitzu publikoek behar duten finantziaziorik ez dutelako baizik. Norabide hau neoliberalismoak inposatu du. Oso boteretsuak diren interes farmazeutiko eta psikiatrikoen enfokea gailendu da; psikofarmakoen erabilerak eta ikuspegi kognitibo konduktualak arazoa gure belarrien artean kokatu dute”.

Unai Oñederra, Manu Robles Arangiz fundazioa. Emeki Kunama blogean argitaratua.

“Houston, arazo bat daukagu!”

Tira, gauzak dauden bezala, arazo bakarra daukagula esatea ausarkeria izan daiteke, baina oso kezkagarria zaigun eta barne-barnetik eragiten digun kontu batean zentratu nahi dut oraingoan, osasun mentalean.

Historikoki sufrimenduak esanahi eta zentzu sakon bat izan du. Zerbait gaizki zebilela aditzera ematen zigun seinale bat zen; ingurura begira jartzen gintuen, gure ondoezaren egiturazko jatorriaren bila, eta sufrimenduaren kausen bilakera hori kolektiboki borrokatzeko aktibatzen gintuen abiapuntua bihur zitekeen.

Neoliberalismoak hori goitik behera aldatu du. 1980tik aurrera sufrimenduari interpretazio berri bat ematen zaio, gure ondoeza guztiz despolitizatuz eta salerosketarako aukera bihurtuz, helburu ekonomikoen mesedetan:

– Sufrimendua jatorri indibidualekin lotu da: aldatu behar dena ez da sistema, zeu zara.

– Ongizate indibiduala kontsumismoarekin lotu da.

– Statu quo-a ezbaian jarri edo aldatu nahi duten jarrera eta sentimenduak medikalizatu egin dira.

– Sufrimendua negozio aukera bihurtu da.

Ekonomiaren aldeko osasun mentalaren ideologiak ez du soilik arlo honetako aktibitatea eraldatu, belaunaldi oso baten jarrera psikologikoa ere aldatu du. Hori da, behintzat, James Davies unibertsitateko irakasle britainiarrak “Sedados. Cómo el capitalismo moderno creó la crisis de salud mental” (2022, Capitán Swing) liburuan dioena.

Ez diozula zentzurik aurkitzen egiten duzun lanari? Pentsamendu positiboa garatzen ikasi behar duzu; tori autolaguntza liburuak. Langabezian zaudela eta ez duzula enplegurik aurkitzen? Jarrera mental desegoki hori aldatu behar duzu; psikologia positiboa landu, zuk ahal duzu! Umeak garai txar bat pasatzen ari direla eskolan? Zenbat eta gazteago diagnostikatu eta dagokien psikofarmakoak hartzen hasi, hobe…

Daviesek konparazio interesgarri bat egiten du 1980tik hona zorpetzeak eta psikofarmakoen kontsumoak izan duten joeraren artean. Biak elkarrekin gora eta gora doaz, baina, ez batak ez besteak ez dute gure bizitza hobetzen; gure gizarteak dituen egiturazko arazoak ezkutatzeko modu bat besterik ez direla dio.

“Psikofarmakoen erabilera orokortu egin da, ez seguruenak, onuragarrienak eta eraginkorrenak direlako, zerbitzu publikoek behar duten finantziaziorik ez dutelako baizik. Norabide hau neoliberalismoak inposatu du. Oso boteretsuak diren interes farmazeutiko eta psikiatrikoen enfokea gailendu da; psikofarmakoen erabilerak eta ikuspegi kognitibo konduktualak arazoa gure belarrien artean kokatu dute”.

Psikoterapiak ez zuen zertan horrelakoa izan. Ez zuen zertan pertsonen sufrimendua despolitizatu eta medikalizatu behar. Izan ere, esku onetan, psikoterapia kontzientziaziorako eta kritika soziopolitikorako baliagarria izan zitekeen. Baina ekonomiaren osasuna lehenetsi da pertsonen osasunaren gainetik.

Gure oinarrizko beharrei ez badiegu erantzuten (segurtasun fisiko eta ekonomikoa, binkulazio afektiboa, errealizazio pertsonala, lan esanguratsu bat egitea. berdintasunean oinarritutako tratua jasotzea eta errespetatua izatea) ongizate eskas bat izango dugu. Ondoez hori konpontzeko kontsumismoa baliagarria ez izateaz gain, kaltegarria ere bada, gure bizitza benetan aberastuko luketen gauzetan murgiltzetik aldentzen gaituelako.

Talde batek bere arazoen kausak zeintzuk diren ulertzen duenean eta kontzientzia hartzen duenean, ekintza sozial eta politikoa posible bihurtzen dira. Enfoke medikalizatuak, ordea, esperientzia kolektiboa disolbatzen du gure ondoeza jatorri sozial eta partekatutik atera eta ni indibidualean kokatzen diren disfuntzioetan ezarriz. Tribu politikoak diagnostikoen tribu bihurtzen dira, gaixotasun mental jakin batekin lotutako talde batekin identifikatzen hasten garelako. Gure sufrimendua politikoki desaktibatuta gelditzen da. Azpimarra ni indibidualean jartzen da, erreforma sozialean jarri ordez, eta terapia indibidualistek hori areagotu egiten dute.

Daviesen hitzetan “gaitz mental gehienek jatorri psikosozialak dituzte. Horrek ez du esan nahi gaixotasun mentalen kausa guztiak desberdinkeriara edo beste edozein faktore sozial zehatz batera murriztu ditzakegunik. Ezin da esan gure biologiak ez duela eragiten gure bizitza sozialean eta psikologikoan. Esan nahi duena da determinante sozialek leku zentrala okupatu behar dutela gure sufrimendu mentala interpretatzean eta kudeatzean. Horregatik mundua eta bertan gertatzen den guztia gure lanaren erdigunean jarri behar dugu. Horrek mentalki osasungarriak diren politika sozialak eskatzen ditu. Gure interbentzio guztiek ikuspegi soziologikoa txertatzen dutela bermatu behar dugu. Michael Marmot Erresuma Batuko osasun publikoko irakasle ilustreenetakoak dioen bezala: justizia sozialaren printzipiotan oinarritutako gizarte bat eraiki behar dugu, diru sarreren eta aberastasunaren desberdinkeriak murriztuko dituena, eta ongizatearen ekonomia bat eraikiko duena, gobernuaren estrategiaren erdigunean, interes ekonomiko itsuak ordez, ongizatea eta osasuna jarriz”.

James Daviesek Dainius Pūras psikiatra lituaniarraren hitzak azpimarratzen ditu liburuan (NBEko osasun fisiko eta mentalerako eskubidearen aldeko kontalari berezia 2014tik 2020ra) . Izan ere, psikiatrei galdetzen zaienean zer ari den kale egiten, %90ak dio arazoa baliabide falta dela. Dainius Pūrasek, ordea, dio arazo nagusia ez dela baliabide falta, gastua ongi berbideratzea baizik, ondoezaren kausa sozialak abordatzeko eta interbentzio psikologiko eta sozial eraginkorrak praktikan jartzeko.

Pūrasen hitzetan 2008tik ezarritako austeritate politikek osasun mentala okertzen duten faktoreak areagotu egin dituzte: fragmentazio soziala, desberdinkeriak eta isolamentu soziala. Gobernuek sufrimenduaren determinante sozial horien kontra egin ordez, tratamendu biomedikoak eta indibidualistak areagotzen badituzte osasun mentalean emaitza txarrak areagotu egingo dira.

Gauzak hobetzeko badu bere errezeta NBEko kontalari ohiak: sufrimenduaren sustrai sozialak abordatuko dituzten politikak, zerga sistema justuago bat, langileen sindikalizazio gehiago, prestazio sozial hobeak, babes komunitario gehiago eta desberdinkerien eta bazterketa sozialaren murrizketa. “Harremanetan zentratu behar gara, ez garunetan: jendea batu, ondoeza desmedikalizatu eta kausa sozial eta ambiental problematikoak abordatu”.

Liburua irakurrita argi gelditzen da osasun mentalaren arazoa, win-win-win estrategia bat dela kapitalarentzat: ondoeza eragiten duten baldintzak sortzeaz gain (indibidualismoa, kontsumismoa, despolitizazioa), erremedio medikalizatuekin aberastu egiten dira, eta erantzun kolektiboa lokartzearekin, ere bai. Azkenean, egia izango da arazo bakarra daukagula: kapitalismoa, bere abizen guztiekin.