Sozialdemokratarik gabeko sozialdemokrazia: nola etor liteke ezkerra bere onera?

2016/06/14
Corbyn.jpg
Erresuma Batuko laborismoak berriro izan du hauteskunde emaitza txarren bolada bat. Baina laborismoaren porrota ez da Corbynzaleen edota Blairzaleen errua. Sozialdemokrazia mundu guztian dago ajeak jota: txikituta Grezian, ezinean Frantziako gobernuan, eta atzerantz egiten ia beste leku gehienetan. Sozialdemokratak inon ez dira aitzindari ideologia, programa edo antolakuntzari dagokionez. Krisia ez da unean-unekoa, existentziala baizik; aldaketa kultural eta teknologiko sakonek eragindakoa da, zeinek alderdi sozialdemokrata guztiei arnasteko airea kentzen dieten.

Neal LawsonNeal Lawson, Compass presio-taldearen buru da (artikulu hau New Statesman-en argitaratu zen 2016ko maiatzaren 12an)

Artikulu osoa deskargatu

Sozialdemokrazia, hots, sinestea alderdi batek, nazio batean, batik bat estatuaren bidez langileen interesak kapitalaren interesen gainetik jarriko dituen egoera bat sor dezakeela, desagertzen ari da praxis politiko gisa. “Komunismoa”ren patua pairatzekotan da, soilik esanahi historikoa duen termino politiko bihurtzekotan alegia.

Frustrazioa honetan datza: bizitzeko modu bat nahi dugu zeina zeharo soziala eta errotik demokratikoa izango den, baina sozialdemokrazia praxi politiko gisa eta sozialdemokratak kredo politiko moduan XXI mendeko erronkei aurre egin ezinean -edo agian nahi ezean- dabiltza orain

Baina auzia da soziala eta demokratikoa den mundu bat inoiz baina premia handiagoa dugula. Elikagai-bankuak, uholdeak... gutxitan izan da hain beharrezkoa edo agerikoa gauza soziala lehenetsi behar dela pribatuaren gainetik. Eta nonahi jendea erantzun berrien bila dabil, gizatasun partekatua gauzatzeko eta lurra iraunarazteko modu berrien bila. Demokrazia oso hedatuta dago, baina ez gure bi alderdiko sasi-sistema honetan. Hau da alderdi berriek eta hainbat online eta offline mugimenduk izan duten gorakadaren arrazoia. Frustrazioa honetan datza: bizitzeko modu bat nahi dugu zeina zeharo soziala eta errotik demokratikoa izango den, baina sozialdemokrazia praxi politiko gisa eta sozialdemokratak kredo politiko moduan XXI mendeko erronkei aurre egin ezinean -edo agian nahi ezean- dabiltza orain, eta behar bada behin betiko.

Entsegu labur honen asmoa da sozialdemokraziaren gorakada eta gainbehera konprenitzea; hau ez dela “araua” izan, zeinetara itzuliko garen laborismoak, buruzagi egokiek gidatuta, parlamentuko eserleku aski irabazten dituenean, baizik Bigarren Mundu Gerraren ostean indar lerrokatze berezi batek posible egin zuen argiune laburra. Gero labur deskribatzen du sozialdemokratei aldi baterako indarra eman zien gerraosteko testuinguru positiboaren ordez zer nolako kontrako giroa sortu den. Eta azkenean sozialdemokratek, etorkizuna izatekotan, aurre egin beharreko lau erronkak aipatzen ditu:

Sozialdemokratek bizi duten erronka existentzialaren erreferentzia kultural gisa har daiteke The Truman Show filmearen amaiera

0. Ikusmoldea eta turbo-kontsumotik haratago doan gizarte justua

1. Globalizazioa eta kapitala mugez haraindi otzandu beharra

2. Kultura eta jendeari ekiten uzteko eta harekin fidatzeko beharra

3. Ekintza eta aldaketarako aliantza berriak eratzeko beharra

Sozialdemokratek bizi duten erronka existentzialaren erreferentzia kultural gisa har daiteke The Truman Show filmearen amaiera. Istorioa aurrera joan ahala Trumanen susmoa pizten doa mundua benetan ote den erakutsi dioten modukoa. Azkenean bere belauntzi txikian abiatzen da ezagutzeko benetan ostertzetik harago zer dagoen. Telesaioaren ekoizleek ekaitz artifizial bat antzezten dute bere bizitza seguru baino faltsura itzularazi nahian. Baina Trumanek eutsi egiten dio, eta plato erraldoiaren horma jotzen du; eremu hauetara mugatu da betidanik bere bizitza artifiziala. Kanpoan benetako mundu bat, mundu erreala, dauka zain. Sozialdemokratek ausardia eta anbizioa izan behar dute pentsatzeko eta lan egiteko modu zaharretatik haratago joateko, etorkizun berri bat asmatzeko. Bestela etengabe gainbehera joango dira, erabateko ahanzturan jausi arte. Izan ere, Truman ez bezala, ez baitaukate itzultzeko portu segururik. Betiko boto-ohitura leialek denbora baterako alderdi sozialdemokrata batzuk bizirik mantenduko dituzte. Eskuinak hankasartze larriren bat egiten duenean litekeena da ere boterera iristea… baina inon ez dute benetako indarrik izango neoliberalismoaren erauntsiari eusteko, are gutxiago jendartea eraldatzeko. Hauek izango dira sozialdemokratentzako unerik hoberenak, dagoeneko zuloranzko aldapan behera doazelarik.

Hobsbawmek iragarri zuena zen laborismoak zuen oinarria, langile-klasea, luzaroan klase hazkorra eta egunen batean unibertsala izango zela uste zena, benetan urritzen hasi zela noiz, eta jada 1945rako

Argudio nagusia hau da: mundu bat behar dugu zeina zeharo soziala eta errotik demokratikoa izango den, baina sozialdemokraten praktika, beren estatismoa eta sektarismoa, agintea eta kontrola izateko seta, hazkundean jartzen duten enfasia eta mundu mailako erakundeak sortzeko borondate eza kontrajarrita daude garai hauetako Zeitgeist-arekin1, zeinak pluralismoa, konplexutasuna, tokian tokikoa eta globalizazioa eskatzen duen, eta kontrajarrita berdintasun askoz handiagoa duen bidezko jendarte batekin ere, zeina mugarik gabeko kontsumoarekin bateraezina den. Gaur sozialdemokrazia praxi politiko gisa ez da gauza XXI menderako mundu sozialdemokratiko bat sortzeko. Beraz, posible al da sozialdemokratarik gabeko sozialdemokrazia bat? Edonola ere, hala izatea beharrezkoa ote da?

Dena galdu da

Sozialdemokratak pasa den mendeko indar nazional eta laboralen fruitu dira; horien ordez sortu diren indar global post-industrialak erabat etsaituta daude haiekin. Erretirada hotsa jo dute, ez beren gidariak ezgauza direlako, edota medioek ematen dieten egurragatik, baizik XX mende erdialdeko unerik gozoenean izan zituzten baldintza material eta kulturalen ondoren etorri diren indarrek eta kulturak beren kredoaren sustraiak erauzten ari direlako.

1979an Eric Hobsbawm historiagile marxistak The Forward March of Labour Halted2 liburu sonatua idatzi zuen. Batzuren ustea ustela gertatu zen, ezen sinetsi baitzuten aurrerapidea soilik urte hartan gelditu zela, hain zuzen Thatcher anderea agintera iritsi zelako. Baina Hobsbawmek iragarri zuena zen laborismoak zuen oinarria, langile-klasea, luzaroan klase hazkorra eta egunen batean unibertsala izango zela uste zena, benetan urritzen hasi zela noiz, eta jada 1945rako. Beraz, laborismoaren boterea gailurrean zegoenean, sozialdemokraten indar iturri nagusia, beren klase-oinarri bateratua, jada murrizten hasia zen.

Baina klase, gobernantza eta Gerra Hotzaren lerrokatze honek engainatu egin zituen sozialdemokratak, hauek uste izan baitzuten kapitalarekiko gerra amaitu zela, ez aldi baterako, betirako baizik

Langile-klaseak eman zien sozialdemokratei gihar kultural eta organizazionala. Lan-esperientzia komuna taxutu zuen, komunitate eta aisialdi zaletasun bereak zituelarik. Terminologia marxistaren arabera, berezko eta bere buruarentzako klase bat osatzen zuen. Hots, bere inguruabarren eta beharrizanen kontzientzia zuen. Langile-klase hau, fordismoa gauzatzen zuten lantegietan enplegatuta zegoena, hau da, nork bere lekua zuten muntaia-lerroetan, laborismoari botoak eta dirua ez ezik gobernantzako sistema burokratiko eta teknokratiko bat eman zion. Halaber, sozialdemokraziari bulegoko enplegatuen eta zuzendaritzaren ateak ireki zitzaizkion. Leninek esan bazuen komunismoa soviet eta elektrifikazioaren batura zela, sozialdemokrazia litzateke langile-klasea, burokrazia eta teknologiaren batura.

Sozialdemokraten “Urrezko Aro” delako hau, gutxi gorabehera 1945 eta 1975 bitartekoa, posible izan zen aurretik gertatu zena medio: 30etako hamarkadako depresioaren eta ondoren lehertu zen gerraren esperientzia. 1945ean inork ez zuen nahi 30etako miseria eta prekaritatea itzul zitezen, eta gerra garaiko solidaritateak erakutsi zuen zer egin zitekeen “guztiok ontzi berean” geundenean. Eta Jeremy Gilbertek dioen legez, laborismoa 1945 baino lehenago ere ari zen herrialdea gidatzen: urrats txiki bat izan zen gerrako koaliziotik herrialde osoa kudeatzera. Horregatik, Urrezko Aroaren sarrera girotzeko musika eta sarrera unea finkatuta zeuden.

Azkenik, Sobiet Batasunaren mehatxua ere hor zegoen. Gaur mundu mailako politikan kapitalismo eta erlijio mota desberdinak lehiatzen dira. Baina Urrezko Aro hasierako urteetan kapitalismoak alternatiba bizi, bizkor eta hazkor bat bazuen: komunismoa. Egun ia ezinezkoa gertatzen da irudikatzea sozialismo errealak zenbateraino parekatu zituen gerraosteko indarrak, langileen alde eta kapitalaren kaltetan. Kapitalaren jabeak izututa zeuden, mendebaldean ez ote zitekeen iraultza bat gertatu indar armatuak frontetik itzultzen zirenean. 60etako hamarkadan bazirudien sobietarren planifikazioaren produktibitatea gailendu egingo zitzaiela AEBen merkatu libreei. Gerraosteko itun guztia hein handi batean SESBari esker iritsi zen.

Amaitu ote da borroka?

Baina klase, gobernantza eta Gerra Hotzaren lerrokatze honek engainatu egin zituen sozialdemokratak, hauek uste izan baitzuten kapitalarekiko gerra amaitu zela, ez aldi baterako, betirako baizik. Aro errebisionista honetako biblia Tony Croslanden The Future of Socialism izan zen; uste zen ekonomia mistoak iraun egingo zuela, eta auzi politiko bakarra zela erabakitzea etengabeko hazkundearen fruituak zenbateraino birbanatu behar ziren. Gainera, sozialdemokratak oker zeuden ere gerraosteko itunaren meritua gehienbat eurena zela sinetsita, eta ez klase, teknologia eta mundu mailako politikaren lerrokatzearen ondorio. Dena Attleeri3 esker gertatu omen zen, ez testuinguruaren ondorioz; surflariari, ez olatuari esker, alegia.

Baina egoera aldatu zenean sozialdemokratak ez ziren aldatu. Itxuraz irautekoa zen kontsentsu aro honen azal azpian sozialdemokratei hainbesteko indarra eman zieten faktoreak, Urrezko Aroa posible egin zutenak, izugarrizko erosioa jasaten ari ziren. Fordismoaren ordez post-fordismoa zetorren, eta industriaren ordez zerbitzuen sektorea; klase-identitateak ez ziren hain zurrun, definitu eta ebidenteak. Lantegiak itxi ahala, sindikatuen indarra zeharo ahuldu zen, gerra eta depresio garaiko oroitzapenak bezalaxe. Eta Sobiet Batasuna erortzear zela estatu burokratikoaren bitartez eragindako aldaketaren mugetara iritsi ginen. Azkenik, noski, komunismoa kapitalismoaren lehiakide azkarraren mehatxu zen aldetik 1989 urtea baino askoz lehenago desagertu zen.

Baina sozialdemokratek jokatzen dute oraindik posible balitz bezala Urrezko Aroa, edo gutxienik hauteskundeetan nagusitzea, buruzagi eta politika egokiak topatuz gero bederen. Bi kontu hauek badute garrantzia, baina liderrak surflariak bezalakoak dira: aurrerantz eramango dituen olatu bat behar dute azpian. Sozialdemokraziaren bagak joan eta etorri egin dira. Eta estatuaren aginte-palankak herdoildu egin dira; jendartearekiko zegoen konexioa galdu da.

Segi irakurtzen

1Garaiaren izaera edo joera

2 Laborismoaren aurrerapide etena

3 Clement Atlee, alderdi laboristaren liderra 1935 eta 1955 bitartean eta Erresuma Batuko Lehen Ministroa 1945 eta 1951 bitartean.