Zer egin eskuin muturrari aurre egiteko?
"Trumpismos. Neoliberales y autoritarios" (Miguel Urbán; Ed. Verso, 2024; 276-280 orr.)
Neoliberalismoak hamarkadak daramatza gizarte antolatua erasotzen, klase-identitatea egituratu dezakeen edozein komunitate, elkarte eta antolaketa erasotzen. Horregatik, ezinbestekoa da komunitate-ehuna berreraikitzea, hala nola, klase-erakundeak, gizarte-mugimenduak, PAH edo Maizterren Sindikatua (Espainian), Erresistentziako Erabiltzaileen Koordinakunde Nazionala (Mexikon), Etxerik Gabeko Langileen Mugimendua (Brasilen) eta lan-prekaritate larriaren aurkako gatazkei lotutako sindikalismo-modu berriak. Eskuin muturreko munstroak sortzen dituen merkatu-logikaren arnas hotzaren aurka ez dago klase-elkartasunaren arnas beroa bezalako antidotorik.
Cesar Rendueles soziologoak dioen bezala, oro har, ultraeskuina "nitxo hutseko estrategia bat garatzen ari da: ezkerrak libre uzten dituen espazioak (gatazkatsuak direlako, horietan esku hartzea zaila delako edo garrantzirik ematen ez diegulako) detektatzen eta okupatzen ari da". Eskuina orain arte langile-auzoetan ezartzeko erakusten ari den ezintasuna gora-behera, Renduelesek nitxo hutsaren estragia gisa identifikatzen duenak kezkatu beharko gintuzke, eta, batez ere, espazio horiek zeintzuk diren ezagutzeak, horietan arreta jarri eta antolakuntza lana abian jartzeko.
Lehian dauden gune horietako bat – garrantzitsuenetako bat, esango nuke – "segurtasuna" kontzeptua da. Vicenç Navarrok duela urte batzuk idatzi zuen: "Ulertu behar da arrazista dela, ez ezjakinena, segurtasun falta sentitzen duena baizik. Hain zuzen ere, segurtasun falta horrek azaltzen du eskuinaren eta ultraeskuinaren hazkunde handia Europan". Ildo horretan, lan-lehiak eta eskubide zein prestazio sozialen galerak sortzen duen segurtasun faltaren aurrean, errepresio- eta zigor-aparatuen erabilerara jotzen da gizartean dagoen segurtasun falta hori konpontzeko. Hori da eskuin muturrak pentsamendu belikoa sartzeko erabiltzen duen bidea, ustezko «etsai» baten bitartez (Carl Schmidt erregimen naziaren ideologo handienetako baten pentsamenduan hitz gakoa). «Etsaia»tik abiatuta eraiki zen diktadura hitleriarraren zigor-zuzenbide osoa: «etsaia» ez da berregokitzen, ez da birgizarteratzen, hil edo suntsitu baino ez da egiten. Horrela, zigor-populismoa eratzen da ustez herrikoia den eskaera gisa, botere publikoei esku gogorra, delituaren aurrean eraginkortasun handiagoa eta desberdinaren aurkako etengabeko errepresio-ekintza gehiago eskatuz. Zigor-logika horren pean, pobrezia, baina batez ere berau pairatzen dutenak, «etsai» bihurtzen dira. Aurrez aurre dagoen «nitxo huts» honetan, pobreziari aurre egiteko estatu soziala zabaldu ordez polizia-estatua erabiltzera igaro gara: «esku gogorra», polizia gehiago, kamera gehiago, zaintza-teknologia gehiago eta espetxeetan preso gehiago. Ez da kasualitatea eskuin muturra Estatuko segurtasun indarretan sartzea, non, Europol beraren txostenek ohartarazi duten bezala, muturreko kideak errekrutatzen ari diren.
«Segurtasuna»ren kontzeptua eztabaidatzea zigor-logika problematizatzea da, horren aurrean eskubide sozialen horizontea jartzea. Hori funtsezkoa da klase-ikuspegi batetik politika neoliberalek sortzen dituzten segurtasun gabeziei erantzun ahal izateko. Funtsezkoa da zigor-politikek, migrazioa eta pobrezia estigmatizatuz eta azkenaurrekoak azkenen aurkako gerra bultzatuz, herri-klasea ez blaitzea. Benetan, eskubide-krisi bati egin behar diogu aurre, eta, ikusi dugun bezala, funtsezko galdera bat planteatzen da: nork du eskubideak izateko eskubidea? Galdera horri erantzuteko moduak bitan banatzen du hurrengo garaietako bidea: eskuin muturrari aurre egin edo eskuin muturraren bidea erraztu.
Ezin dugu ukatu indarkeria areagotu egin dela, nahiz eta, bistan denez, indarkeria horren jatorriaren zati bat neoliberalismoaren berez-bereko fenomenoa diren desberdintasun handiak eta tokiko ekonomien suntsiketa izan. Narkotrafikoak, marek eta bandek demokrazia bera bahitu dute, populismo zigortzailearen hedapena bultzatuz, Bukelek El Salvadorren egindako kudeaketak erakusten duen bezala. Zentzu horretan, aberastasuna banatzeko, desberdintasunak ezabatzeko eta estatu soziala zabaltzeko diskurtsoa ez da oso errealista komunitateak benetan pairatzen dituen indarkeria-arazoei aurre egiteko. Ezkerrak Bukele bezalako agintarien populismo zigortzaileari alternatiba sinesgarriak aurkezteko erronka du. Gero eta handiagoa den indarkeria estrukturalaren aurrean, Mexikoko eskualde batzuetan garatzen diren segurtasun-eredu komunitarioetan pentsatzea funtsezko elementua da, ez soilik indarkeriari berari aurre egiteko, baizik eta komunitate-lotura hauskorrak berreraikitzeko.
Segurtasun ezaren, indarkeriaren eta ezegonkortasunaren ondorioa, osasun mentalaren galera da, batez ere Ipar globalean. Franco Basaglia psikiatra italiarraren arabera, «gaixotasun psikiko guztien azpian gatazka soziala dago». Gure garaiko arazo hori ezin da ulertu pribatizazio- eta desegite-testuinguru orokorra, lan-prekaritatearen hedapena eta politika neoliberalei lotutako estres soziala kontuan izan gabe. Izan ere, honela azaltzen du Fisherrek: "Estresaren pribatizazioa proiektuaren zati nagusi bat izan da, eta haren helburu nagusia publikoaren kontzeptua suntsitzea izan zen, hain justu, ongizate psikikoa dakarren kontzeptua".
Egiaztatuta dago lan-prekaritateak eta lana galtzeko beldurrak sufrimendu iraunkor handia eragiten duela (estresa, antsietatea...), eta, normalean, antsiolitikoekin eta beste farmako batzuekin tratatzen dela, buruko nahasmendutzat hartuta. Farmakologiak neoliberalismoak sortzen duen sufrimendu sozial hori arintzea ahalbidetzen du, merkatuaren beharrekin bateragarri egiteko. Angustia sozial hori, covid-19aren pandemiaren ondorioz, modu esponentzialean areagotu da antsietate eta depresio moduan. «Nitxo huts» hori eskuin muturrak politizatzen jakin du ere, min sozial horren ondorioz hazten ari den minorien aurkako ezinegona (migratzaileak, musulmanak eta abar) babesleku identitario baztertzaileen bidez bideratuz. Ezinbestekoa da, beraz, osasun mentala problematizatzea, alternatibak bilatuz: arlo sozialean sakonduz, egitura publikoak berreskuratuz, lan-baldintza duinak eskatuz eta kalitatezko sostengu eta laguntza psikologikoa eskain dezakeen gizarte-segurantzaren estaldura zabala eskatuz.
«Nitxo hutsaren» logika horretan, beste elementu garrantzitsu bat da zenbateraino ekar dezakeen ezkerrarekiko dagoen desengainu batek -edo, are gehiago, zurztasun jakin batek- boto-emaileak eskuin muturrera eramatea. Gogoan izan behar dugu Walter Benjaminen tesi klasikoa: "Faxismoaren igoera bakoitzak huts egindako iraultzaren testigantza ematen du". Gaurkotasun handiko esaldia, literalki hartzen ez badugu, neoliberalismo autoritarioaren eta neofaxismoaren gorakada ezkerraren egungo ahuleziekin estuki lotuta dagoela ulertzeko. Tesi baliagarria da, arrisku horren aurrean, ezkerreko gobernuei herri-klaseen espektatibak, moderatu gabe, bete ditzatela eskatzeko. Izan ere, espektatibak zapuzten direnean asegabetasuna eta frustrazioa sortzen dira, internazional erreakzionarioa puzten duten grina ilunak elikatuz. Espektatibak apurtzeak There is no alternative (TINA), «ezin da», «denak berdinak dira» eta antipolitika neoliberalaren logika elikatzen du.
Latinoamerikako adibidea bereziki interesgarria da, eskualde horretan neoliberalismoaren aurkako indarrek hamarkada batez gobernatu baitute. Latinoamerikan indar handiz finkatu den nazioarteko olatu erreakzionarioa, neurri batean, fenomeno global baten traslazioa da, hamarkada aurrerakoiaren eta krisi sistemiko kapitalistari aurre egiteko haren mugen aurkako erreakzioa. Jacobin Latinoamerikak 2018tik 2022ra egindako protesta sozialari buruz egindako txostenak dioenez: "Latinoamerikako eskuin muturrak duen berezitasuna da ez duela, Europan eta AEBetan bezala, hegemonia neoliberalaren krisi batek ekarri, ziklo aurrerakoi baten atzerakadak baizik, hain zuzen, laurogeita hamarreko hamarkadaren amaierako neoliberalismoaren krisiari erantzun zion zikloarenak".
Baliteke Benjaminen baieztapenak hemen garrantzi handiagoa izatea. Ezkerrak ez badio alternatibarik eskaintzen desordenari, krisi klimatikoari, segurtasun sozial ezari, migrazioen kudeaketari eta gero eta desberdintasun handiagoari, eskuin muturrak hartuko ditu espazio horiek, bazterkeriaren ikuspegitik, punitibismotik, desberdinaren kriminalizaziotik.
Ezkerrak geure buruari galdetu behar diogu zer egin dugun (eta zer ez dugun egin) eskuin muturra ondoezaren espresio gisa eta hauteskundeetan protesta bozkatzat hartzera iristeko. Zergatik utzi dio ezkerrak nahigabearen eta borrokaren tresna, establishment-aren etsai eta behekoen ilusio izateari? Eta, batez ere, nola berreskuratu hori guztia berriro?
Ezkerra birpentsatzeko lanak ezin du inolaz ere eskuin muturra liluratzen duten gaietatik pasa: protekzionismoa, subiranotasun baztertzailea eta immigrazioaren aurkako politika. Askotan, arazo horiei ez zaienez heldu langile-klasearen antolaketa autonomoan oinarritutako proiektu batetik (proposamen ekosozialista eta feministarekin), kontua eskuin muturraren proposamenei aurre egitera mugatu da, etorkizunik gabeko eztabaida batean sartuz, hau da, aurkariarekin mimetizatuz, haren arrakastak «lapurtu» asmoz. Taktika horrek eskuinari funtziona diezaioke ezkerreko alderdi azalekoenak kopiatzen dituenean, baina ezkerrari suntsipena besterik ez dio ekartzen. Logika hori erabiliz, gutxiago hitz egingo dugu demokraziaz, aberastasunaren birbanaketaz, ekonomiaren plangintza ekologikoaz, sektore ekonomikoak birnazionalizatzeaz eta eskubideak zabaltzeaz. Are larriagoa, ez da soilik eskuin muturrak nahi duenari buruz eztabaidatzen dela, debatea beraiek nahi duten terminoetan egiten da. Adibidez, eta paradoxikoki, proposamen politiko erreakzionarioarekin mimetizatzean, langile klasea arrazista, korporatiboa eta erresumindua bezala aurkezten da «obrerismo» bezala ezagutzen den terminoarekin. Hau da, eskuin muturrak hedatu nahi duen langile-klaseari buruzko ideia onartu eta zabaltzen da. [...]
Eskuin muturraren hauteskunde-igoeraren aurkako borrokan, zentroko alderdiekin akritikoki lerratzeko tentazioa dago, hiru deribatu oso arriskutsu sortzen lagun dezakeen estrategia frontepopulista batean. Lehenik eta behin, egoera honetara ekarri gaituztenen ustezko ontasun demokratiko eta aurrerakoiak elikatzen dira. Horrela populismo xenofoboa edo neoliberalismoa aukeratzera behartzen gaituen tranpa bitarra indartzen da, piztia autoritarioaren ispiluan beste guztiak «aurrerakoi» gisa agertzen baitira. Bigarrenik, «zentroa» kontrapisurik gabe besarkatzeak eskuin muturraren esku uzten du anti-establishment protesta-bozkaren monopolioa eta gero eta ondoez gehiago sortzen dituen sistema baten outsider etiketa hain erabilgarria. Azkenik, horrelako aliantzek ezkerreko erakundeen independentzia zentro-neoliberalaren menpe uzten dute, edozer gauza egiten baita eskuin muturraren aurkako aliantza frontepopulista mantentzeagatik. Ezkerra zokoratuz eta ezerezera eramanez konfrontazio sozial oro saihesten da. [...]
Langile-klasearen botere soziala zentzu zabalean indartzea ere ezinbestekoa da: ez da nahikoa «jendearen bizitza hobetzeko» birbanatze-politikak eskatzea, langile-klaseari mesede egingo dioten erreformak exigitzea da kontua, gizartean dituen egiturazko posizioak eta borrokarako gaitasuna indartzeko. Eta horrek, Daniel Bensaid-ek zioen bezala, krisi ekologiko betean, bizitzari eusteko beharrezkoak diren ondasun komunak jokoan dauden unean, «jabetza pribatuaren santutegian eraso gogorrak egitera ausartzea» eta hedatzen ari den espazio publiko bat eraikitzea esan nahi du. Hori gabe eskubide demokratikoak berak desagertzera kondenatuta egongo dira. Larrialdi ekologikoa hain da handia, ezinezkoa izango baita egun bizi ditugun arriskuak saihestea metaketa kapitalistaren logikarekin hautsi gabe.