Burujabetza indar harremana da

2026/05/14
IRUDIA.jpg
Roser Espelt Alba ELAko Azterketa Bulegoko kideak ohartarazten du ez dagoela burujabetzarik ekonomian ere ezin badugu erabaki. Hala dio Txalapartak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratutako 'Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak' liburuan, eta horen harira hedabideetan argitaratutako iritzi artikuluan. Irakurri:

"Burujabetza hitza ezkerreraren programa gehienetan ageri da, Espaineko Estatu osoan. Baita Europar Batasunak ere burujabetaz hitz egiten hasi da. Gaur, guztiok burujabetzaren aldekoak gara, eta sarritan, horrek esan nahi du esanahiez hustu dela.

Hori ez da beti horrela izan. Euskal Herritik kanpo, esaterako, Procés urteetan, ezker independentista katalanak mahai gainean jarri zuen momentu hartan zaila zen galdera bat: independentzia, baina zertarako zehazki? Independentzia bere horretan eskatzen zuen Fronte patriotikoari erantzuteko bidea zen galdera, eta burujabetza eduki materialez bete nahi izan genuen: burujabetza erreproduktiboa, hau da, energetikoa, elikadura arlokoa, bizitokiari dagokiona, kulturala edo sanitarioa, besteak beste, izan behar zuten independentziaren jomuga. “Dena aldatzeko independentzia” zen leloa.

Azken batean, kapital pribatuaren eta merkatu globalen esku zeuden erabakiak herriaren esku jartzeko proposamen politiko bat zen. Horretarako, bizitzaren erreprodukzio osoa (zaintzak, etxebizitza, energia, elikadura, baita industria ere…) ekonomiaren erdigunean kokatu beharko zen, eta aldatu beharrekoak zehazten ziren independentziari lotuta: ekoizpenaren orientazioa, jabetza harremanak eta bizitzaren zaintzaren antolaketa, bereziki.

Ondorengo urteetan, proiektu independentistaren porrota eta alderdi gehienen erretreta ostean, burujabetza esanahiez hustu da, eta egun bere burua burujabetzat duten alderdi gehienek ez dute ez beren programetan ez beren agenda politikoan, kapitalaren boterea zalantzan jartzeko estrategiarik garatzen.

Euskal Herria ez da Kataluina, baina ez dago hori gertatzeko arriskutik kanpo ere. Autogobernua arrakastatsutzat aurkezten da, bai EAEn, bai Nafarroan: errenta adierazleak, industria oinarria edo aurrekontuen egonkortasuna aipatzen dira horretarako. Baina ‘arrakasta’ horren atzean dagoen egiturazko menpekotasuna estaltzen da: atzerriko kapitalek gero eta akzio gehiago eskuratzen ari dira gurean, bereziki teknologia gako duten enpresetan, eta horren ondorioz, erabaki estrategiko asko hartzen dira Euskal Herritik kanpo dauden administrazio kontseiluetan; zerga eta finantza politikak Espainiako eta Europako arauen menpe daude, eta euskal egitura sektorialaren ezaugarriengatik, nazioarteko egoerek eragin handiagoa izan dezakete. Horrek guztiak oso ahul uzten gaitu (bereziki trantsizio ekologikoaren aurrean), eta baldintzatzen du zer ekoiz dezakegun, zein baliabiderekin eta noski, norentzat.

Errealitate honen aurrean, EAEko eta Nafarroako politika ekonomikoak eta industrialak ez dute behar adinako tresnarik, ezta daudenak erabiltzeko borondaterik ere: ez zaie eskatzen enpresei laguntza publikoen truke enpleguaren egonkortasuna, tokiko inbertsioa, herrian jarraitzeko konpromisoa edo trantsizio ekologikoa bermatzea, eta, ondorioz, sektore pribatuak hartzen ditu Euskal Herriko etorkizuna baldintzatzen duten erabaki gehienak, politika publikoak haiek babestera mugatzen direlarik.

Ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan, baita udalerrien mailan ere, esperientzia eta adibide oso baliotsuak badauden arren, egungo euskal eredua urrun dago burujabetzatik. Eta orain, EAEn estatus politiko berria eta Nafarroan Foru Hobekuntza eztabaidatzen ari diren honetan, aukera egokia dugu noren esku eta nola erabaki behar den, eta zer eta norentzat ekoizten dugun eztabaidatzeko. Izan ere, une honetan ez dugu hori erabakitzeko aukerarik ez langile klaseak, ez gizarteak, ezta erakunde publikoek ere: Euskal Herritik kanpo kokatutako enpresa handien menpe gaude, gure politika industrialak babestuta, errentagarritasun irizpideen izenean.

Txalapartak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratutako Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak liburuan, hainbat pertsonak saiatu gara eztabaida honetan parte hartzen, eta nik planteatu dut burujabetzaren auzia lantzeko ezinbestean kapitalaren boterean jarri behar dela arreta, enpresen errentagarritasuna ekonomiaren orientazio produktiboaren erdigunea izateari utz diezaiola, eta bizitzaren erreprodukzioa izan dadin irizpide nagusi bakarra; hori guztia, balizko estatutu berriaren bidez landu beharreko auzia da.

Datorren hilabeteetan autogobernuaz hitz egingo da. Baina autogobernua burujabetza gabe ez da autogobernua, eta burujabetza ezin da neutrala izan. Ez badago egungo indar harremanak aldatzeko borondaterik eta ez badira kontrajartzen boteredunen interesak gehiengoenekin, ez dago burujabetza proiekturik".