COP21-erako bidea martxan da jada
30. Ingurumen Buletinetik hartua
Aspertu gara urtero gauza bera gertatzearekin, eta ez ELAn bakarrik. Mundu osoko mugimendu sozialen artean iritzi hau da nagusi. Eta horregatik ondorengo hilabete eta urteetarako beste dinamika bat jorratzen ari da klima aldaketari aurre egin eta justizia soziala eraikitzearen bidean. Hemendik aurrera zita ez da abendura mugatuko. Beharrezkoa baita mobilizazioa eta borroka urte osora zabaltzea. Goibilerako egunetan zehar gure indarra eta nahia kalean erakutsiko dugu, mobilizazioaren bitartez eta Alternatiben Herria bezalako ekimen ugariren bitartez (ekimen honen inguruan aurretik ere idatzi dugu).
Borroka hau ez da klima aldaketari aurre egiteko soilik, kapitalismoari aurre egiteko ere bada
Aurtengo abenduan COP21 Parisen izango da, eta urtero bezala mobilizazioak izango dira bai bertan bai munduko beste txoko askotan; bai goibilera aurretik, bai bitartean eta baita ondoren ere. Dagoeneko mundu mailako dinamika antolatzen ari da, eta azpimarra herrialde eta hiri bakoitzean sareak eraikitzen joatean ari dira indar egiten, abenduko egun horietako mobilizazioa garrantzitsua izango da eta prestatu beharra dugu, baina are garrantzitsuagoa izango da hurrengo hilabete eta urteetan egoera honi eta jasaten ditugun eraso neoliberalei aurre egiteko antolatuta egotea.
Borroka hau ez da klima aldaketari aurre egiteko soilik, kapitalismoari aurre egiteko ere bada. Dagoeneko oso argi dugu klima aldaketa kapitalismoaren beste ondorio tamalgarri bat dela. Botere ekonomikoak eta kapital handiek aberastasunaren metaketa bilatzen dute, eta baliabide naturalen pribatizazioa, metaketa eta ustiatzearekin lotura zuzena izaten du horrek. Baliabide natural gehienak lehen mailako beharrak dira: ura, airea, janaria, energia, materialak... Hauen espekulazioa kapitalismoaren muinean dago, eta hauen ustiapen modu ez-iraunkorrak, klima aldaketa, gosea, pobrezia eta injustizia soziala eragin ditu. Klima aldaketa ez da kutsadura arazo bat soilik, sistema aldatu behar denaren beste adibide
garbi bat da.