Sozietateen gainekoak eta azpikoak

2021/02/18
instalaciones-atardecer.jpg
Osasun-krisi baten erdian lantegiak martxan izateko erraztasunak jaso dituzuen enpresa handiok ez zenuten ia zergarik ordaindu 2019an. Osasun-sistema publikoaren mugez aritzerakoan, zuen izenak aipatu behar lituzkete banan-banan hemendik aurrerako telebista eta irrati tertulietan, beste askoren artean. Edo zuen iragarkien azpialdeak errotulatu: «Enpresa honek milioika euroko irabaziak izan ditu aurten, baina gure zerbitzu publikoek ez dute ezertan nabarituko». Hori ez da gertatuko, hala ere. Ikusiko dena da enegarren Confebasken prentsaurrekoa, gizon trajedunek gidatua, euren txosten eta baso bete ur, eta jarraian langileren batzuen protesta liskartsua poligonoren batean, Ertzaintzak eraikina babestu bitartean. Garbia eta zikina. Zalantzarik ez dago Jaurlaritzako ordezkariak non izango diren, noren alde egiten.

Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga, Berrian argitaratua.

Zuen karrera garaje heze batean hasi zenuten ekintzaileoi, ezerezetik inperio bat sortu duzuenoi lan gogorraren ekinez, lanpostuak sortzen dituzuen enpresaburu bihotz bigun eta esku zabalekooi, alderdi politikoren batean hasi eta enpresa handi bateko goi karguetan amaitu duzuenoi, naturalki, edo enpresa handi batean hasi eta gobernuko teknikari bilakatu zaretenoi, zuen meritu propioz, nola ez; tokian tokiko Amancio Ortega diskretuxeagooi, agur t'erdi (bat eta erdi eskaintzen dizuegu, agurraren gainbalioa zeuenganatu nahiko bazenute ere).

Hemen gaude, zuen enpresaren atarian. Bridgestonen. Gascan. GKN Drivelinen. Pepsicon. Petronorren. Tubacexen. Kooperatiba handietan ere atea jo beharko dugu, kax-kax: Ampo, Danobat… Nahi duzuenean jaitsi, zalantza pare bat argitu nahiko genituzke.

Entzuten ditugu hedabide nagusiak eta industria zein ekonomia sailburuak zuei loreak bota eta bota, ezinbestekoak zaretela esanez, eta, beraz, laguntzak eta baimenak eman behar zaizkizuela adieraziz, haz zaitezten etengabe. Hainbeste omen daukazue herriari eskaintzeko! Horregatik uzten dizuete herriko lurretan azpiegitura handiak eraikitzen, tximiniak, kableak, nabeak. Uzten dizuete herri bakoitzak zein usain izango duen aukeratzen: kearena, paperarena, gomarena, petrolioarena. Gai kutsagarriak isurtzen badituzue ere, lasai, ez dituzte ikerketa gehiegi sustatuko. Zer axola du sugar apur batek Muskizko zeruan? Zuen lan-ordutegien arabera betetzen dira errepideak autoz goiz, eguerdi eta gauetan. Krisi garaietan, denon diruaren zakutik bideratzen zaizkizue laguntzak. Herrikoak zaretelako, ezta? Hori diozue zuen eslogan eta publizitate-kanpainetan, Euskaltel, Kutxabank.

Dena eman zaizue, dena eginda. Etorri eta hartu, jan guztiok honetatik. Orain zuen izenaren pisuak edozein jartzen du dardarka, noiznahi langileak kaleratzea edo hemendik alde egitea erabaki dezakezuelako, poltsikoak bete-beteta. Hainbeste eman zaizue, erabakimen gehiago duzuela jada beste inork baino.

Baina zer ematen duzue zuek? Lanpostuak, esango duzue. Zein lanpostu klase, zein baldintzatan? Jasotzen duzuenaren zati bat emango bazenute, sikiera. Baina ez zaizue eskatu ere egiten. ELAk erakutsi duen taula horretako zero bakoitza da estali gabeko zulo bat, egia mingarri bat: gehien daukanari gutxien ordaintzeko bideak eskaintzen zaizkiola beti.

Osasun-krisi baten erdian lantegiak martxan izateko erraztasunak jaso dituzuen enpresa handiok ez zenuten ia zergarik ordaindu 2019an. Osasun-sistema publikoaren mugez aritzerakoan, zuen izenak aipatu behar lituzkete banan-banan hemendik aurrerako telebista eta irrati tertulietan, beste askoren artean. Edo zuen iragarkien azpialdeak errotulatu: «Enpresa honek milioika euroko irabaziak izan ditu aurten, baina gure zerbitzu publikoek ez dute ezertan nabarituko». Hori ez da gertatuko, hala ere. Ikusiko dena da enegarren Confebasken prentsaurrekoa, gizon trajedunek gidatua, euren txosten eta baso bete ur, eta jarraian langileren batzuen protesta liskartsua poligonoren batean, Ertzaintzak eraikina babestu bitartean. Garbia eta zikina. Zalantzarik ez dago Jaurlaritzako ordezkariak non izango diren, noren alde egiten.

Agian, eta zuen kristalezko bulegotik jaitsi zaretenez, aitortu dezakezue inoiz ez zinetela garaje heze batean hasi, eraiki duzuen inperioa langileen eskulanari, zuen familien kapitalari eta zerga urriei zor diezuela; Deustuko Unibertsitatean klasekide izan zinetela egun enpresaburu eta sailburu zaretenok; obra sozialei egiten dizkiezuen dohaintzek ez dutela estaltzen zergatan ordaindu beharko zenuketena fiskalitate justuago batean. Andorrara doan youtuberra zaretela zuek ere, baina maila profesionalagoan: zerga-biltzaileek aholkatuta zoazte Andorrara.

Krisi hau gordinduko da, eta laster hasiko zarete zuen baldintzak jartzen. Aurten ere ez da urte ona izango ezer eskatzeko, ezta?