Sindikalismoaren krisi politiko-ideologikoa gero eta autoritarioagoa den Europar Batasunean
Asbjorn Wahl, Udal Langileen Norvegiako Sindikatuko aholkularia da, errepideko garraioan diharduten langileen sektoreko (ITF) lehendakariordea eta Ongizate-estatuaren aldeko kanpainaren zuzendaria.
Sindikatuek Europar Batasunean gaur egun dituzten erronkak eta oztopoak aztertzen dira artikulu honetan. Harresi politiko eta ideologiko batzuk dira gaur egungo egoeran sindikatuen egitekoa galarazten dutenak.
Sozialdemokraziaren izaera historikoa
Gaur egungo gertaera askoren argitan iduri du sozialdemokraziaren aro historikoak egin duela berea. Historikoki, nolabaiteko proiektu sozial aurrerakoia duten alderdi politikoen bizkarrezurra izan da sozialdemokrazia, eta, alde horretatik, izaera historiko hori betiko desagertu dela ematen du.
Argi dago krisia sortu arte gertatutakoa, bai eta geroztik gertatutakoa ere, gizartean indarrean diren botere-harremanen isla direla
Alderdi sozialdemokrata tradizionalek, gutxiago edo gehiago, politika neoliberalak betearaztearen ondorio dramatiko eta arriskutsuena da ezker politikoaren gain zegoen konfiantzak hondoa jo duela, eta, aldiz, populismoak eta muturreko eskuinak gora eta gora jarraitzen duela.
Zerbitzu publikoen, soldaten eta pentsioen aurkako eraso masiboak
Argi dago krisia sortu arte gertatutakoa, bai eta geroztik gertatutakoa ere, gizartean indarrean diren botere-harremanen isla direla. Arrazoiaren arabera ez, indarrean diren botere-harremanen arabera hautatzen da “konponbide” bat edo bestea.
Europako enpresen lehiakortasuna areagotzea da helburua, eskubide eta beharrizan sozial guztiak albo batean utziz. Sindikatuak ez badira gai garapen horiek iraultzeko, Europako langileen mugimenduak inoizko porrot handienari egin beharko dio aurre, eta ondorioak izugarriak izango dira.
Europa autoritario baterantz
Ezkerraren eskuineranzko jira politikoa eta krisi ideologiko-politikoa dela medio, mugimendu sindikalak berak eginkizun politiko garrantzitsuagoa bete behar du, independentea eta politika aldetik erasokorra
Politika ekonomikoaren desdemokratizazioa, batetik, eta austeritatezko politika antisozialei bidea errazteko mugimendu sindikalen aurka eginiko erasoak, bestetik, aspaldi ikusi gabeko prozesuak dira, Europan faxismoa mendean hartu zenetik, hain zuzen. Egoeraren larritasuna begien bistakoa da. Europa gero eta autoritarioagoa ari da sortzen.
Europar Batasuna oztopo
Zerk eragozten die sindikatuei borrokan indarrez eta koordinaturik aurrerapausoak ematea, gutxienez ongizate-estatuan lortu ziren lorpen sozialak defendatzeko? Kanpotik datoz eragozpen batzuk eta besteak mugimendu beraren ahuleziak eragiten ditu.
Kanpokoei begira, argi dago Europar Batasuna berak zenbait oztopo sortzen dituela
Defizit demokratikoa
Neoliberalismo konstituzionalizatua
Legedi atzeraezina
Euroaren gerruntze ekonomikoa
Erabakiak hartzeko eta abiarazteko prozesuak ez dira aldiberekoak
Europako Justizia Auzitegiaren eskumenak zabaltzea
Europar Batasuna mehatxatzen ari da Europar batasuna
Europa mailan ahalmen politikorik gabeko tresna da elkarrizketa soziala, eta, beraz, joera horrek ezer gutxirako balio du, sindikatuen mobilizaziorako gaitasuna ahultzeko besterik ez
Hasiera batean Europan bakea izateko nahia zegoen batasuna sortzearen oinarrian. Aldiz, gaur egungo Europako eliteek EBrako duten proiektua berebiziko polarizazio ekonomiko, sozial eta politikoa eragiten ari da: “EBren bake proiektua” zena, Europaren batasunerako mehatxurik handiena da gaur egun. Kontinente zaharraren historia kontuan hartuta, Europako elite politikoak eta ekonomikoak suarekin ari dira jolasten. Behar bada beharrezkoa izango da herrialdeak eurotik ez ezik Europar Batasunetik ere ateratzea, beren ekonomia eta herritarren ongizatea salbatu ahal izateko.
Barneko muga politiko-ideologikoak
Europako sindikatuek elkarrizketa sozialari leku nabarmena eman zion, langileen interesen alde egiteko tresna nagusitzat hartzeraino. Baina elkarrizketa sozialari aitortu zaion zeregin goren horretan ez da batere aintzat hartu botere-harreman espezifikoen analisia, eta nola botere-harreman horiek bultzatu edo ezeztatu egin dezaketen langileek aurrerapausoak emateko duten aukera.
Europa demokratikoagoa edo autoritarioagoa, bi ertz horiek daude sokaren bi muturretan eta horien artekoa da tiraldia
Elkarrizketa sozialari eta itun sozialaren ideologiari eginiko kritika ez da sindikatuen eta enpresaburuen arteko eztabaida eta negoziazioei eginiko kritika. Kritikaren muina da elkarrizketa soziala, langile mugimenduak eskura dituen tresna ugarietako bat, estrategia nagusi bihurtu dela. Berau langile klasearen eta mugimendu sindikalaren aldekoa gertatu zen botere-aldaketaren eskutik etorri zen. Mobilizazioen, aurrez aurreko gogorren eta botere-oreka izan ziren aldaketa nabarmenen ondorioz etorri ziren klase-konpromisoa eta elkarrizketa soziala.
Erresistentzia areagotzea
Kapitalistek aldatu egin dute estrategiaz, baina mugimendu sindikalak ez du horrelakorik egin. Hori aitortzea eta ondorioak onartzea, horra gaur egun mugimendu sindikalak aurrean duen erronka nagusietako bat.
Zer egin?
Ezkerraren eskuineranzko jira politikoa eta krisi ideologiko-politikoa dela medio, mugimendu sindikalak berak eginkizun politiko garrantzitsuagoa bete behar du, independentea eta politika aldetik erasokorra; ez alderdien eran, baizik eta borroka sozialean ikuspegi politiko zabalagoa bere gain hartuz. Beharrezkoa da mugimendu sindikalak aldaketa prozesu bati ekitea. Aurrerabide soziala eta demokratizazioa badira gure jomuga, uneotan gertatzen ari diren krisi sozialak eta ekonomikoak aukera ona dira horiek lortzeko.
Garrantzitsua da itun sozialaren ondare ideologikoa politikoki auzitan jartzea; hau da, arazo sozialak guztion mesedetan konpontzeko modurik onena elkarrizketa soziala dela defendatzen duen ideologia eta uste errotu hori auzitan jartzea.
Europa mailan ahalmen politikorik gabeko tresna da elkarrizketa soziala, eta, beraz, joera horrek ezer gutxirako balio du, sindikatuen mobilizaziorako gaitasuna ahultzeko besterik ez.
Europa demokratikoagoa edo autoritarioagoa, bi ertz horiek daude sokaren bi muturretan eta horien artekoa da tiraldia. Oraingoz, joera autoritarioek abantaila dute, baina botere-harremanak berriz ere alda daitezke.