Eta dena geldituko bagenu?

2026/01/29
m17grebacollage.webp
Bizi dugun egoera ziurgabe eta ezegonkor honetan, gure ondokoei edo gu baino okerrago daudenei begira jarri nahi gaituzte, errudun bila. Pagaburuak seinalatzen dizkigute. 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorrak, ordea, gure ondoezaren benetako arduradunak seinalatzen ditu, goikoak

Unai Oñederra

[Jatorizko testua bere blogean argitaratua]

Ez da nolanahikoa bizitzea egokitu zaigun garaia. Edozer gerta daiteke. Sinistuko ez genituzkeenak ikusten ari gara. Ezegonkortasun eta ziurgabetasun honek edozein norabide har dezake. Argi dago batzuk beldurra hezurretaraino sartu, paralizatu eta distopiarantz bultzatu nahi gaituztela. Eta egoera ez da txantxetakoa: desparekotasun gero eta handiagoa, prekaritatea, ongizate estatuaren gainbehera, bizitzaren garestitzea, burujabetza galera, larrialdi klimatikoa, militarismoa, gerrak, hondamendiak, indibidualismoa, gaixotasun mentalak… Eta horren aurrean, ongizate alternatiba garbirik ezean, erantzun autoritarioak ugaritzen ari dira.

Ez da soilik sartzen diguten beldurra; etsipenak, ere, ez aurrera ez atzera utz gaitzake, hain baita erraldoia guztiontzat etorkizun on bat eraikitzearen erronka! Eta hala da. Ez dugu kontrakorik esango. Baina, gauzak ezin direla aldatu pentsatuta, ezer egin gabe gera gaitezkeen bezala, kontrakoa ere egin dezakegu: egoera aldatzea oso zaila izan arren, ahaleginak merezi duela sinistu eta aurrera egin, gure aurrekoek egin zuten bezala. Haiek lortu zuten bezala, guk ere lor dezakegu. Iraganeko eta egungo garaipenek erakusten digute zein den bidea: indarra kolektiboan dugu. Bakarrik ezin da, lagunekin bai.

Kontua da, egitekoak hainbeste eta hain potoloak izanda, zaila dela nondik hasi erabakitzea. Batzuetan, ordea, bat-batean, aukera bat sortzen da. Lorgarria den aldarrikapen zehatz bat, kezkatzen gaituzten gai desberdinekin lotura duena eta gauzak aldatzeko norabide onean jartzen gaituena; daukagun tamainako erronkaren aurrean, hasiera batean txikikeria dirudiena, baina gako ezberdin asko aktibatzeko gai dena; lortuz gero, dugun indar kolektiboaz jabetzeko balio digun aldarrikapen bat, beldur paralizatzailea itxaropen eraldatzaile bihurtzeko gaitasuna duena. Euskal Herrian erabakitako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa da horrelako aldarrikapen bat.

Gutxieneko soldata horrek babes soziala hobetzen du, 165.000 pertsona pobreziatik ateratzen ditu, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa ekartzen du, baldintza prekarioenetan lan egiten duten langileen egoera arintzen du (bereziki emakumeena, migraturiko pertsonena eta gazteena), soldata arrakalak murrizten laguntzen du, langile klasearen arteko kohesioa indartzen du, gutxieneko soldatatik gorako soldatak goruntz negoziatzea bultzatzen du… Finean, desparekotasuna apaltzen du eta kohesioa indartu. Olivier de Schutter NBEren giza eskubideen eta muturreko pobreziaren txostengileak dioen bezala, kalitatezko gizarte babesa bermatzeak, eskuin muturrari bidea mozten dio.

Gutxieneko soldata hemen erabakitzeak autogobernuaren ‘higadura isila’ eta nazio pultsuaren gainbehera eteten du. Azken hamarkadetako birzentralizazioaren eta autogobernu galeraren aurrean, alderdien negoziazio diskretuek eman dezaketenaren zain egotera kondenatu nahi gaituzte, jakinda, herri inplikazio, aktibazio eta mobilizaziorik gabe, ez dela espainiarrek eman nahi ez duten ganorazko ezer lortuko. Gutxieneko soldata hemen erabakitzeak burujabetzan aurrera egitea suposatzen du, burujabetza ongizate sozialarekin lotzen du, eta burujabetzaren aldeko indar-harremana hobetzen du, herritar ez abertzaleak, ere, burujabetzaren aldarrira erakarriz.

EAJk, PSE-EEk eta PSNk, gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eztabaida bera galarazi dute, 138.000 herritarren sinadura lortu dituen Herri Ekimena aurkeztu dugun arren. Askotan entzun ditut alderdiok indibidualismoaz hitz egiten, jendea bere zilborrera begira dagoela, ahaleginaren kultura falta dela… baina gizarte zibila antolatu denean, pentsio minimoak gutxieneko soldatarekin berdintzeko edo gutxieneko soldata hemen erabakitzeko, antolaturiko gizartearen ekimenak arbuiatu dituzte. Gobernuen jarrera horrek instituzioak eta alderdi politikoak deslegitimatu eta herritarrengandik aldentzen ditu, aldaketa eta gizarte hobe baten itxaropena itzaltzen du, eta, egoera horretan, eskuin muturra hauspotu.

Adibide horrek erakusten du autoritarismoa ez datorrela soilik eskuin muturretik. Demokrazia lau urtero bozkatzera mugatu eta gizarte hobea eraiki eta gehiengoaren ongizatea hobetuko duten proposamenak arbuiatzen dituztenak, ere, jarrera autoritarioak erakusten dituzte. Kalitatezko demokraziak gizarte zibil politizatu, antolatu, inplikatu, mobilizatu eta aktiboa eskatzen du. Hori aldarrikatu eta praktikan jarri nahi dugu, ere, martxoaren 17rako gutxieneko soldata propioaren alde deitu dugun greba orokorrean.

Bizi dugun egoera ziurgabe eta ezegonkor honetan, gure ondokoei edo gu baino okerrago daudenei begira jarri nahi gaituzte, errudun bila. Pagaburuak seinalatzen dizkigute. 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorrak, ordea, gure ondoezaren benetako arduradunak seinalatzen ditu, goikoak.

Greba orokor hau demokrazian, burujabetzan, elkartasunean, kohesioan, babes sozialean, ongizatean pausoak emateko greba da. Beldurretik itxaropenera pasatzeko ahalduntze ariketa kolektibo erraldoi bat. Denak gelditzen bagara, dena gelditzen dugu. 1999an, 35 orduko lan astearen eta soldata sozialaren aldeko greba orokorrean, lortu genuen. Oraingo honetan, ere, lor dezakegu. Guztion beharra dugu. Zurea ere bai.