(Azterketak 50) Eusko Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontuen azterketa: kontinuismoa mobilizazio sozialeko egoera batean

2023/12/01
azala azterketak 50.jpg
Txosten honetan 2022, 2023 eta 2024ko aurrekontu-politikak jorratuko dira. 2022rako aurrekontuaren likidazioa daukagu, eta, beraz, zehatz-mehatz ezagutzen dugu urteko benetako gastua eta diru-sarrera. 2023rako, itxiera aurreikuspena dugu, eta 2024rako, Ekonomia eta Ogasun Sailak aurkeztutako proiektuaren balorazioa egingo dugu.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

 

Sarrera

Eusko Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontu-proiektua ziurgabetasun-egoera batean aurkezten da, bai nazioartean, bai gure lurraldean. Pobretze-prozesu batetik gatoz, non inflazio handia, eta bereziki elikagaien prezioen gorakada eta hipoteken garestitzea, izugarri zailtzen ari da familia asko hilaren amaierara iristea. Gainera, inflazioari aurre egiteko hartutako neurriek (bereziki interestasen igoerek) ekonomiaren ahultzea eragin dute, horren adierazle dira hazkunde ekonomikoaren geldotzea eta desazelerazioaren ondorio negatiboak nabaritzen hasi den industria-sektorea.

Egoera soziala eta sektore publikoaren egoera ere ez dira positiboak. Gogora dezagun pandemiak agerian utzi zuela osasun publikoaren baliabide falta, 2008ko krisiaz geroztik sektore publikoak jasan dituen murrizketengatik datorrena. Hiru urteren ondoren, egoerak ez du hobera egin, eta itxaron-zerrenda luzeei gehitu behar zaie zerbitzu mediko asko etengabe bideratzen direla osasun pribatura, osasuna pribatizatzeko estrategia argian. 2024rako aurrekontuak aukera bat dira partida horiek handitzeko, legegintzaldiko azken aurrekontuak baitira. Hala ere, txostenean ikusiko dugunez, ez da horrela izan.

Sektore publikoko langileen baldintzei dagokienez ere, lan-baldintzen murrizketa nabaria da baita. Euskal sektore publikoaren behin-behinekotasuna ia %50era iristen da, sektore pribatuarena baino hiru aldiz handiagoa. Gainera, sektore publikoko plantillaren erosahalmen-galera metatua %20koa da, batez ere lan-baldintzei buruzko erabakiak Madrilen hartu direlako, EAEn hartu ordez, Eusko Jaurlaritzaren isileko onespenarekin, zeinak txintik esan gabe onartu baititu. Arrazoi horiengatik eta beste askorengatik (lan-karga handiak, ratio altuak, lanpostuen finkatze falta, etab.), euskal sektore publikoa joan den urriaren 25ean grebara joan zen eta datorren abenduaren 19an egingo du berriro, zerbitzu publiko indartsu, doako, kalitatezko eta lan-baldintza onak eskuratzeko. Aurrekontuak dira hori posible egiteko tresna.

Aipatzekoa da gaur egun arau fiskalen erreforma eztabaidatzen ari dela, eta horrek eragina izango duela datozen urteetako aurrekontuetan. Hori 2024ko aurrekontua handitzeko beste arrazoi bat da, aurreko urteetako norabidea aldatu eta zailtasunak dituzten pertsona guztiei lagundu eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko.

Txosten honetan 2022, 2023 eta 2024ko aurrekontu-politikak jorratuko dira. 2022rako aurrekontuaren likidazioa daukagu, eta, beraz, zehatz-mehatz ezagutzen dugu urteko benetako gastua eta diru-sarrera. 2023rako, itxiera aurreikuspena dugu, eta 2024rako, Ekonomia eta Ogasun Sailak aurkeztutako proiektuaren balorazioa egingo dugu.

Txosteneko zenbait grafiko

1 aurrekontuak eae.png

Ondorioak eta proposamenak

ELAk, azken urteetan aldarrikatu dugunaren ildotik, honako gai hauek eskatzen ditu aurrekontupolitika aldatzeko eta gehiengo sozialen beharrei erantzuteko:

Premiazko erreforma fiskala eta iruzur fiskalaren aurkako borroka

EAEko presio fiskala Europar Batasuneko batez-bestekoa baino askoz txikiagoa da. ELAk fiskalitateari buruz egindako txostenetan argi geratzen denez, hori soldataz kanpoko errentetan dagoen iruzur fiskalagatik eta errenta handiek, enpresek eta kapitalak ordaintzen dituzten zergak azken hamarkadetan onartutako zerga-erreformetan murriztu direlako gertatu da. Presio fiskala Europako batez bestekoarekin parekatzeko, urtean biltzen direnak baino 5.500 milioi gehiago bildu beharko lirateke.

Horregatik, zergen egiturak goitik behera berrikusi eta aldatu behar dira, enpresen eta errenta handienen interesak babesteko diseinatuta baitaude. Ez da gizarte-justiziarik egongo bidezko zerga-sistemarik gabe, hau da, justizia fiskala aberastasunaren birbanaketatik eta zerbitzu publikoak bermatzeko diru-bilketa nahikotik abiatuta.

Horregatik, EJren zor horren ordainketari aurre egin ahal izateko, etorkizunean murrizketarik aplikatu gabe, beharrezkoa da erreforma fiskala egitea.

Erreforma horretan hainbat gai jorratu behar dira, eta ELAk neurri zehatzak proposatu zituen diru-sarrera publikoak handitzeko. Besteak beste:

• PFEZ progresiboagoa. Zerga-tasak igotzea eta eskala aldatzea, gehieneko tasa marjinala %60ra eramanez; kapitalaren tarifa espezifikoa kentzea. BGAEaren eta pentsio-planen zerga-ordainketa aldatzea.

• Sozietateen gaineko zerga: mozkinen gaineko %25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea, kenkariak eta pizgarriak ezabatzea.

• Ondarearen, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga. Berariazko errekargu bat ezartzea, progresiboa eta %1 eta %10 artekoa.

• Iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko zuzkidura handitzea

Osasuneko inbertsio publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea

Adierazi dugun bezala, Eusko Jaurlaritzak Osasunean duen aurrekontu-defizita (BPGren %5,6) Europar Batasuneko batez bestekoarekin alderatuta (%8) oso handia da. Osasuneko aurrekontua %2,4 handitu beharko litzateke BPGarekiko datorren urtean, hau da, 2.272 milioi euro.

Hezkuntzako inbertsio publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea

Osasunean gertatzen den bezala, Hezkuntzako inbertsio publikoaren defizita handia da Europako batez bestekoaren aldean. Zehazki, aurrekontua 2024rako aurreikusitakoa baino %17 gehiago handitu beharko litzateke, hau da, 636 milioi euroko igoera 2024ko aurrekontu-proiektuak aurkeztu dituen kopuruekin alderatuta.

Etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko aurrekontua handitzea

ELAk etxebizitzari buruz egindako proposamenek atal honetako aurrekontuak BPGren %2raino hornitzeko beharra planteatzen dute, egungo % 0,22aren aldean. Horrek aurrekontua gutxienez 1.900 milioi eurotan handitzea ekarriko luke.

Merezi duen bizitza izateko aukera ematen duten diru-sarrera bermatuak izatea

Lehenengo neurria EAEn DSBEaren zenbatekoan azken urteetan aplikatutako murrizketetan atzera egitea izan behar da. Behar dituzten pertsona guztientzat diru sarrera duinak izatea justizia sozialeko elementu bat da, eta, gainera, prekarietate handieneko eta soldata baxuko egoerak saihestuko lituzke.

Trantsizio ekosozialerako funts publikoa

Eusko Jaurlaritzaren industria-politika enpresa handien interesei lotuta dago, baita klima-krisian erantzukizun handiena dutenei ere. Bidezko trantsizio ekosozialak gehiengo sozialaren interesak lehenestea eskatzen du, Petronor, Iberdrola edo lobby automobilistikoa bezalako enpresen interesen aurretik. Horregatik, ELAk trantsizio ekosozialerako funts publiko bat sortzeko beharra defendatzen du, 2.300 milioi eurokoa.

Aurrekontua genero-ikuspegiarekin aztertzea

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan ez dago gutxieneko genero-ikuspegi egokia duen azterketarik. ELAk eskatzen du 2024an ikuspegi horretatik azterketa zorrotza egin dadila, gizartearen parte-hartzearekin, eta Jaurlaritzak konpromisoa har dezala azterketa horren ondoriozko aurrekontu-beharrei erantzuteko.

Eusko Jaurlaritzako langileen lan-baldintzak gure lurraldean adostea

Euskal administrazio publikoko langileen lan-baldintzak gure lurraldean erabaki eta adostu behar dira. Horretarako, euskal sektore publikoaren negoziazio kolektiboko mahaien emaitza errespetatzeko konpromiso politikoa eta mahai horietan akordioak lortzeko borondate politikoa egon behar dira.

 

azala azterketak 50.jpg