Neurri zehatzak dituen bidezko irtenbide baten alde
Mikel Noval, ELAren Azterketa Bulegoko arduraduna
2008ko krisiaren eta aurrekoen ondoren gertatu zen bezala, krisi hau mota guztietako murrizketak eta herritaron kontrako neurriak hartzeko aprobetxatu nahiko dute, shock egoerak baldintzatuta jendeak errazago onartuko ditulakoan. Iñigo Urkullu lehendakariak Vocento taldeari egindako adierazpenak norabide horretan doaz: sektore publikoan lan egiten dutenak pribilegiatutzat jo ditu eta sakrifizioak egin beharko dituztela iradoki du. Badirudi 20:00etan txalo egitetik osasun-langileen eta arlo publikoan lan egiten duten gainerakoen soldatak murriztera pasatu nahi dela.
Krisiari emandako erantzuna ez dator bat ditugun beharrekin. Gizarte-ezkututzat jotzen diren neurri batzuk hartu dira, baina oso urriak izaten ari dira eta, oso garrantzitsua dena, denboran eta kausan mugatuak (koronabirusa). Jarduera ekonomikoaren beherakadak diru-sarrera publikoen murrizketa handia ekarriko du (kalkuluen arabera %20 eta %25 artean, 3.000 milioi euro inguru EAEn eta 800 Nafarroan). Ogasunen diru-sarrerak nabarmen handitzea ekarriko duten berehalako neurriak hartzen ez badira, defizitaren eta zor publikoaren igoera handia gertatuko da, eta etorkizunean murrizketak egiteko preludioa izango da.
Europak norabidea gero eta galduagoa du. Europako Banku Zentralak (EBZ) gobernuei zuzenean dirurik eman gabe jarraitzen du, eta horrek espekulazio mota guztiak ahalbidetzen ditu, arrisku sariarena kasu, bereziki Europa hegoaldeko gobernuak arriskuan jarriz. Gainera, helburu nagusia bankuak salbatzea da. Horretarako, azken urteetako neurri berberetan sakondu du: 3 bilioi “mailegu” bankuei, %0,75eko interes-tasa negatiboan, eta zor publiko edo pribatuko aktiboak bankuei erosteko programa berriak. Ezer berririk ez koronabirusaren eguzkipean.
Europako gobernuen artean lortutako akordioak ere, orain arte, mailegu mota desberdinak besterik ez dira (interesekin itzuli behar dira). Gainera, mailegu horiek politiketan baldintzapekotasuna dakarte (beltzezko gizonen bertsio deskafeinatua). Ardatz frantziar-alemaniarraren (Macron-Merkel) proposamenak argi uzten du baldintzapekotasuna, eta aurrekontu zuzena handitzeko tarteren bat egon daitekeela adierazten duen arren, ez zaio inolaz ere erantzungo krisiaren larritasunari, ez eta neurriek behar duten presari ere.
Orain arte gertatutakoari buruzko hainbat ondorio: lehenik, 2008ko krisiari eman zitzaion irteera ez zen bidezkoa izan. Bestetik, koronabirusaren krisiak agerian utzi du pertsonen bizitza bermatzen dutena funtsezko zerbitzuak direla, zerbitzu publikoak, komunak. Hirugarrena, prestazio eta eskubide sozialen sistema hobetu egin behar dela, inor atzean ez uzteko. Halaber, badirudi produkzio-sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoaren beharra ere partekatzen dela, are gehiago funtsezko sektoreen kanpo-mendekotasunaren aurrean.
Horrek eskatzen du 2008ko krisiaren ondoren hartutako austeritate-politikak alde batera utzi behar direla, eta Europa mailan, zein estatu bakoitzean, konstituzionalizatu nahi izan den aurrekontu-doikuntzarekin amaitu behar dela: zorraren, defizitaren edo gastu-arauaren mugekin amaitu behar da; Konstituzioaren 135. artikulua atzera bota behar da; baita bertatik datozen aurrekontuen egonkortasunari buruzko legeak eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Estatuarekin sinatutako akordioak, austeritatearekin jarraitzea baitakarte.
Horrekin batera, lehentasunezko 5 esparrutan aurrera egin behar da premiaz. Lehenik eta behin, diru-sarrera publikoak handitu egin behar dira errenta altuei, enpresei eta kapitalari ezarritako zergen bidez. Sozietateen gaineko Zergan 1.750 milioi bildu ahalko lirateke EAEn eta 400 Nafarroan, kenkariak kenduz eta mozkinen %20ko errekargu berezia ezarriz 2019ko Sozietateen Gaineko Zergaren aitorpenean. Ondarearen, Aberastasunaren eta Fortuna Handien Gaineko Zergan, %1 eta %10 bitarteko errekargu espezifiko progresibo batek 2.000 milioi gehiago eskuratzea ekarriko luke EAEn eta 500 Nafarroan. Neurri horiek covid-19ak eragingo dituela aurreikusten den diru-sarreren galera konpentsatuko lukete, soberan. Euskal Herrian agintzen dutenek aho batez diote orain ez dela aldaketa fiskalak egiteko garaia. Esan bezala, hori murrizketen alde egitea da. Beharrezkoa da ere azpiegitura handien eraikuntzak gelditzea, hala nola Abiadura Handiko Trena edo Nafarroako Ubidea, hala, gainera, aurrekontu sozialetara bideratzeko diru gehiago lortuko litzateke.
Bigarrenik, sektore publikoa indartu behar da. Osasunean edo Hezkuntzan Europako batez bestekoarekiko dagoen defizit handia ezabatu behar da, azpikontratatutako sektoreak publifikatu behar dira (egoitzak, etxez etxeko arreta, anbulantziak, garbiketa…) enpleguaren kontsolidazioa bermatuz, edo aldi baterako langile guztien enplegua egonkortu egin behar da administrazioan.
Hirugarrenik, pertsona guztientzako diru-sarrera nahikoak bermatu behar dira. EAEko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Nafarroako Errenta Bermatua (EB) Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100ean ezarri behar dira (1.108 euro hamabi hilabetetan), pertsona gehigarri bakoitzeko % 50ean gehituta (Eskubide Sozialen Gutunaren Herri Ekimen Legegileak eskatzen zuen bezala, nahiz eta Nafarroako zein EAEko legebiltzarrek onartu ez). Pentsioak hileko 1.080 eurora arte osatu behar dira, langabezian dauden pertsona guztiek LGSren pareko gutxieneko diru-sarrera izan behar dute eta ERTEagatiko diru-sarrerak osatzea, ere, beharrezkoa da.
Laugarrenik, bizitza eta zaintza erdigunean jartzeak esan nahi du lege bidez bermatu behar dela, besteak beste, mendekotasun-egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten bidez estaltzeko eskubide subjektibo eraginkorra.
Eta azkenik, enplegua eta sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoaren gaia dugu: lanaldia 35 ordura murriztu, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakalarekin amaitu. Erakundeek tresnak izan behar dituzte beren politikak aurrera eraman ahal izateko: Kutxabank esku publikoetan jarri, Nafarroan banku publikoa sortu eta pribatizatutako enpresak eta sektoreak berreskuratu. Hortaz gain, enpresak nazioartekotzeko aurrekontu-partidak birlokalizaziora eta enplegu berdeak bultzatzera bideratu behar dira.
Argi dago ez dagoela borondate politikorik norabide horretan aurrera egiteko. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da jendartearen mobilizazioa, krisia, betikoek ordaindu ordez, gehien dutenek ordain dezatela eskatzeko. Bidezkoa delako, eta ahal dutelako. Mobilizazioan sakontzen jarraituko dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako urtarrilaren 30eko greba orokorrean egin genuen bezala. Eta, era berean, ezker politikoari eskatuko diogu aldarrikapen horiek guztiak bere eguneroko jardunaren ardatz bihur ditzala. Beharrezkoa da pedagogia egitea, proposamenak planteatzea eta horien alde mobilizatzea. Hori da gure zeregina.
Artikulu hau "Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa" dokumentuan oinarritzen da.