Mohamed deitzen naiz eta ...
Joseba Sarrionandia, Moroak gara behelaino artean?, Pamiela, 475-478 orr.
2009ko abenduaren 16ko Diario de Noticiasen, immigranteari harrera ona promozionatzeko propaganda sartu zuen Nafarroako Gobernuak. Ume moro polit txukun bat agertzen da, esanez:
“Mohamed deitzen naiz eta mmmkoa naiz”.
Umearen sorterria tatxoi larriz borratu da. Gero mezu hau azaltzen da:
“Imajina ezazu leku bat non ez den garrantzitsua nondik zatozen baizik eta nora zoazen”.
Itxuraz, propaganda instituzional horretan hainbat elementu subliminal susmatzen da. John Lennonen Imagine gogoratzen da, esate baterako. Anuntzioa aztertzera sartu gabe, Mohamed-moroaren topikoa eta lizentzia poetiko publizitarioak apuntatzeaz aparte, badaude galdera batzuk egiteko:
Mohamed horri borratu egin zaio nondik datorren. Baina nork borratu dio? Eta zergatik? Ezkutatu beharrekoa ote da Tetuan, Targist edo Sidi Slimanekoa izatea? Edo umeak berak borratu du, ahaztu egin nahi duelako? Nondik datorren aipatzea lotsagarria egiten zaiolako? Bestela, nor da mutikoari sorterria ezabatu nahi dion Esku Ikusezina? Jendea Infernutik ateratzen duten altruistak ala Paradisuko zaindariak?
Mohamed horren familia Nafarroara lan egitera etorri da, nafarrak orain gutxi arte Argentinara edo Kaliforniara joaten ziren bezala, arrazoi ekonomikoengatik batez ere, edo politikoengatik, berdin da. Inora joateagatik, nafarrek ez zuten sorterriarekiko lotura galtzen, are gutxiago aldean zeramaten kultura. Emigrantearen helburua behintzat ez zen hori izaten, baizik eta beharleku hobea topatzea. Amnesiarik eta lotsarik gabe.
Bigarren perpausak agintzen du apur bat lehenengoa: mezuaren igorlea ez da Mohamed. Bigarren esaldia ez da Mohamed delako ume horrek orain herrikide dituen nafarrei esana. Imajinatu behar da Mohamedek gizarteari emandako erantzuna dela. Nafarroako Gobernuaren publizitate instituzionala denez gero, instituzioek umeari ematen dioten aholkutzat entelega daiteke lehenengo esaldia: “nondik zatozen ahaztu behar duzu”. Horrela, ez litzateke ume immigrantearen amnesia, baizik eta autoritateek ezarritako anestesia. Nondik datorren ahaztu, nora doan imajinatu beharko luke bakarrik. Baina instituzioen aholku hori, gomendio hutsa da ala beste zerbait?
“Ez zaigu jatorriagatik diskriminatuko” ere interpreta daiteke esan nahi dela. Horixe da anuntzioaren helburua, seguru. Amo mesedegarria da edozein ongi etorritarako, harreman normal batek horrelako erretolika beharrik ez duen arren. Baina hori adierazteko modua, umearen esaldi erdia urratzea, forma aldetik behintzat ez dirudi aproposa. Arras bestela ere interpreta daitekeelako orbana, esate baterako, “hemen ez duzu bestelakoa izateko eskubiderik izango” abisatzen zaiola umeari.
Ez duela garrantzirik nondik datorren umea? Baina, norentzat ez du? Etorkizunak garrantzia du, hipotetikoa izan arren, baina iraganak ere bai. Bakoitzarentzat bereak behintzat izaten du.
Mohamedi iragana borratzen dionak etorkizun ederrik eman ahal izango dio? Aukera asko emango ote dio? Hautatu ahal izango du Mohamedek? Bere iragana ezagutzeko eskubidea du, eta etorkizuna hautatzekoa, “eskubide” hitzaren zentzu guztietan.
Immigrantea ez da tabula rasa bat. Ez da basa balitz bezala “hezi” beharreko norbait. Immigranteak ez du iraganaz eta familiaren kulturaz lotsatzeko motiborik zertan izan, Mendebaldeko buru harroputzen batzuek imajinatzen dituenez. Munduko herritarra da eta munduko edozein parteta ibiltzeko eskubide humanoa du, bere herri pobrean negozioan edo turismoan beti joan-etorrian ikusi dituen mendebaldarrengandik ikasi duenez.
Mendebaldean immigranteekiko nagusi den legislazioa ilogikoa da; dominazioaren logika larriarekin baizik ezin da konprenitu. Kontraesan historikoa da: Europako jendeak Ameriketara, Australiara eta munduko edozein bazterretara emigratu izan du menderik mende, nola debekatuko du orain Europara immigrazioa? Kontraesan ideologikoa ere bada: Europako jendeak Ilustrazioa, Giza Eskubideak eta berdintasun ideiak zabaldu ditu. Mendebaldekoak kosmopolita bihurtu eta gero, nola ukatu inori munduan nahi duen lekuan bizitzeko eskubidea? Kontraesan politiko-ekonomikoa ere nabarmena da: librekanbismoa ezartzen bada eta dirua mugarik gabe ibili behar bada noranahi, dirudunekin batera, nola ukatu hainbati nazioarteko “onuraren” bidea?
Behin batean, Iruñean, umea negar zotinka heldu zen maisuarengana esanez:
“Mutil horrek jo egin nau moroa naizela esan duelako”.
Halaxe esan zuen, “moroa naizela esan duelako”, jipoiaren motiboa apropos edo oharkabean zehaztuz.
“Ez dago mororik!”, esan zion maisuak.
Horixe esan zion, momentu hartan, maisu euskaldunak Mohamed txiki begi handi izutuari. Baina maisu hori gogoetan geratu zen, ez dagoela mororik eta, alde berean, horixe moroak badaudela” Badaudela gizon zuri zamadunak, eta badaudela moroak. Eta moro moroak.
Euskaldunak hein batean moro direla Iruñean. Eta edonor dela moroa, beste norbaitentzat. Beste askorentzat dela norbera ere moroa. Geu ere moroak gara, denok gara moroak.
Arazoa larriagoa da moroa zarela boterea duenak esaten badizu. Izateko, esateko eta erabakitzeko eskubidea kentzen badizu. Orduan, ez da nahikoa izaten demokraziaz eta askatasunaz mintzatzea, Imagine edo We are the world aukeratu arren audio bandarentzat.