Gelditu ditzagun makinak!

2020/01/17
elektryka.jpg
Naroa Elortza Gorrotxategi-k, urtarrilaren 17an Puntua aldizkarian (Goiena) idatziriko artikulua.

Grebak ezertarako ere balio ez duela sinestarazi digute. Lan eskerga egin dute borrokaren antzutasunaren mezua zabaltzen. Hala ere, garaipen txiki eta handiekin errelatoa pixkanaka aldatzen gabiltzala iruditzen zait maiz. Jada inork gutxik jartzen du zalantzan garbitzaile edota erresidentzietako emakumeek greba egiteko duten zilegitasuna, eta jakin badakigu lehenago edo beranduago, baina garaipena lortuko dutela. Denbora kontua da, hori soilik.

Hala ere, Gobernuaren makinaria propagandistikoa martxan da etenik gabe. Azken asteotan ere nabarmen: euskal eskuinak Espainiako Kongresuan lortu ez zuen protagonismoa, hurrengo egunetan EiTB-n lortu zuen. Kate guztietan izan ziren, elkarrizketaz elkarrizketa, ezkerrak lortutako protagonismoari buelta eman nahian. Matuteren hitzaldi borobilak listoia altu jarri zuen, baina.

Ez naiz lehena komunikabide publikoen partzialtasuna salatzen, bertako langileek ere hala egin dute behin baino gehiagotan. Mugimendu sozial eta sistema suntsitzailearen aurrean alternatibak aldarrikatzen ditugunok, geure mezua zabaltzeko sekulako zailtasunak ditugu. Are gehiago greba orokorraren aurrean martxan jarri duten ofentsibaren aurrean (hemen ez baitugu Frantziako komunikabide publikoek izandako jarrerarik espero).

Komunikabide txikiek, baina, aukera ematen digute azaltzeko zergatik egin behar dugun greba urtarrilaren 30ean: bizitzaren duintasuna guztiaren gainetik dagoelako. Guztiontzat lan baldintza duinak, bizirik mantenduko gaituztenak, behar ditugulako. Geure buruek, maite ditugunek, behar handiena dutenek, behar gaituztelako. Bizitza osoan lanean aritu direnei zor diegulako.

Interes indibidualen gainetik, nik ere ongizate kolektiboa lehenetsiko dut. Guztion artean zapaltzen gaituen makina geldi dezakegulako. Eta hori, makinaren jabeak ere badaki.