Jon Palais: «Ez da auzi moral bat, bortizkeriarik gabeko estrategia eraginkorragoa da»

Jon Palais da "Borroka guztien ama" liburuaren egilea, eta Bizi! mugimenduko kidea ere bada. Bere hitzaldia, borroka ekologistan zentratu zuen. Jada berandu gabiltzala esanez hasi zen, ez dagoela desastrea ekiditerik, baina bai baretu daitekeela bere eragina. Ez da gauza bera klima 2,5 ºC igotzea edo 2,6 ºC. Hamarreko bakoitzak berebiziko garrantzia du. Bere bizipenetan oinarrituta, Bizi! mugimenduarekin lortutako hainbat garaipen azalduz, argi utzi zuen borroka irabazteko modu bakarra bortizkeriarik gabeko estrategia erabiltzea dela. Bere hitzetan: Ez da auzi moral bat, indar harremanean irabazi eta jendea erakartzeko estrategia egokiena zein den ebaztea baizik.
Bortizkeriarik gabeko estrategiaren alde egiteko hiru arrazoi nagusi eman zituen:
1. Borroka eremua bortizkerian jarrita, beraiek indartsuagoak dira. Arma eta baliabide gehiago dituzte. Asimetria handia dago. Borroka asimetria hori gure aldekoa den eremura eraman behar da, irabazteko aukera izan dezagun. Indarra eta bortizkeria ez dira gauza bera. Arerioa amore ematera eraman baduzu, jokatu duzun borrokan bera baina indartsuagoa izan zarela esan nahi du.
2. Bortizkeria oso erraz instrumentalizatzen du botereak. Aitzakia ederra ematen dio errepresioa handitzeko eta aldarrikapenei zilegitasuna kentzeko. Gaur egun klima aldaketaren auzia ez da ezbaian jartzen. Kontua da ea nork emango duen jendearentzat sinesgarria izango den soluzioa. Bortizkeria erabiltzean, sinisgarritasuna kentzeko aukera ematen diogu botereari. Irabazteko gehiengoak lortu behar dira. Aurrera daramagun borrokak jendea erakarri behar du, eta bortizkeriak kontrako eragina du.
3. Erabiltzen duzun borroka moldeak eraikitzen zoazen gizartea aurrefiguratzen du. Bortizkeriak autoritarismoa dakar, ezin ikusiak, gustuko ez dituzunak baztertzea. Bortizkeriarik gabeko borrokak gizarte bakezaleagoa, demokratikoagoa, toleranteagoa, solidarioagoa eraikitzen laguntzen du.
Aintzane Orbegozok (ELA sindikatuko zerbitzu publikoetako zuzendaritzako kidea) Gipuzkoako etxez-etxeko arreta zerbitzuetan egindako antolakuntza lanaz, borrokez eta lortutako garaipenez hitz egin zuen, sindikalismo feministaren eraikuntzan ELA egiten ari den prozesuaren barnean kokatuz.
Gipuzkoako udaletako zerbitzu hau azpikontratatuta dago eta langileek baldintza eskasak dituzte emakume izateagatik. Orain 20 urte Iruneko langileak izan ziren borroka abiatu eta garaipena lortzen lehenak. Horren ondoren etorri dira beste udalerri asko: Errenteria, Pasaia, Beasain, Tolosa, Zumaia, Hondarribi, Arrasate... 20tik gora hitzarmen berri lortu dira, kasu gehienetan borrokari esker. Grebak egin behar izan dituzte gehienek. Sektoreko langileak jabetu dira hobekuntzak lortzeko ezinbestekoa dela antolakuntza kolektiboa eta grebara joateko prest egotea. Kasu batzuetan grebarik gabe lortu dira hobekuntzak, baina kasu horietan ere langileak grebarako antolatuta eta prest ziren.
Sektore honetan langileak oso sakabanatuta daude eta ez dute elkar ezagutzen: horregatik lan ikaragarria egin behar da antolatu ahal izateko. Ondoren negoziazio kolektiboari ekiteko trebakuntza beharrezkoa da: trebakuntza feminista ezinbestekoa da jasaten duten esplotazioaren jatorriaz jabetu daitezen. “Langile batzuk etortzen dira esanez: aizu, ni ez naiz feminista, eh? Eta gero, greba betean direnean megafonoa hartuta ikusten dituzu ‘Gora borroka feminista!’ oihukatzen”.
Prozesu honek langileei eman dien indarra goraipatuz amaitu zuen hitzaldia Aintzanek. “Galdetzen diezunean zein den bide honetan erdietsiako lorpen nagusia, ‘Errespetua lortzea’ erantzun ohi dute”.