SUTEK, lan burujabea eraikitzea helburu duen kooperatiba

2020/02/21
OlatuKoop57Sutek.jpeg
Beñat Irasuegi Ibarra, Talaios Kooperatiba - Olatukoop ("SUTEK S. Coop. Erreta zeuden, eta piztu egin ziren" izenburuko Izan ta Esan saileko 10. alerako idatzia)

Irasuegi.jpegIrakurri "SUTEK S. Coop. Erreta zeuden, eta piztu egin ziren" argitalpen osoa

«Kooperatiba bat ez da egitura bat bakarrik, pentsatzeko era bat da», eta horrela azaltzen du Xuriñe kooperatibistak, modu soil eta zehatzean. Horrela ezagutu genituen guk ere SUTEK kooperatiba eta bertan lan egiten duten kooperatibistak, notarioa eta estatutuekin bueltaka zebiltzan egunetan. Manu Robles- Arangiz Fundazioaren bitartez saretuta, interesgarri ikusi zuten Olatukoop eta Koop57 eta bertan gabiltzanekin harremanak ehuntzen hastea, ekonomia, lana eta kooperatibismoaz ideiak eta praktikak elkarbanatzeko asmoz.

Solasten hasi eta berehala konturatu ginen berdinen arteko solasaldia zela gurea, abiapuntuak eta bizipenak ezberdinak izanda ere, ikuspegi eta jabetze asmo berdinagatik hartu dugu denok kooperatibismoaren bidea, ia denok ezagutza gutxirekin, baina gure lanaren eta bizitzaren erabakietan burujabe izateko asmo berdinarekin.

Bideak elkar gurutzatzen direnean, gure buruari galdetzen diogu zer ote dagoen esperientzien bateratasun honen atzean. Normalean bide honetan bakarrik sentitzen gara, nahiz eta kooperatiba sortzen duen kolektiboaren babesa sentitu, jendartearen onarpen eza nabaritzen dugu, SUTEKeko kideek ere nabaritu zuten bezala, nahiko orokorra da. Lanaren, ekonomiaren, finean, bizitzaren inguruko ikuspegi ezberdina dugu oinarri, gure bizi proiektuak modu bizigarrian eraiki nahi ditugu, «gure lana justua izatea nahi dugu, bai gure lana zehazki, bai besteek guretzat egiten dutena ere»,
«ez dugu nahi harremanen lehen baldintza prezioa izatea». Esaldi soil hauetan dago abiatutako bidearen oinarria; elkartasuna, lankideekiko, beste enpresetako langileekiko, eta jendartea posible egiten duten guztiekiko. Balioa ez dute preziora murrizten, eta harreman justuetan oinarritzen dute beharrezko oreka. Honek ikuspegia birkokatzen du, eta dena eraldatzeko gaitasuna du: jendartea, ekonomia, eta bizitza.

Langileoi gure lanaren kudeaketa zuzena egiteko oztopoak jartzen dizkigute ordea. Hezkuntza sistema berak, langile (produktibo) on (obediente) izateko prestatzen gaitu, eta nolabait gure lanaren jabe izateko asmoa pizten bazaigu, asmo hori modu indibidualean, eta etekin ekonomikoa lortzeko izan behar dela argi uzten digu kapitalak eta garapen ekonomikoko eredu neoliberalak. Guk langile burujabeok, badakigu hori ez dela horrela, bidea kolektiboa izan behar dela susmatzen dugu, baina bideragarritasun plan integral baten beharra dugu, proiektua bizigarria eta lurraldean modu justuan txertatua izateko. Soldatapeko lan harremanak sortzen duen plusbalioaren erabilera metatzailea ikusten dugunean, langileok ekoizpen baliabideen kudeaketa zuzenarekin amesten dugu. Horretarako beharrezkoa da baliabide horiek eskuratzeko formazioa, bidelaguntza eta harremanen sarea. Hori egin ahal izateko baliabideak sortu eta ematea da Olatukoopeko kideon ametsa, Koopfabrika eta Koop57 bezalako tresnekin eta saretuz lortuko duguna.

Euskal Herriko historian momentu batzuetan beste batzuetan baino enpresa gehiago berreskuratu dituzte langileek, baina haria ez da eten, eta esperientzia badago. Kasuak ezagutzen ditugu sindikatuetan eta sare kooperatibetan. Guk Olatukoopen ere badugu Talleres Mitxelena kooperatibaren kasua eredu moduan. Badakigu, gainera, proiektu hauen gauzatze tasa altua dela, nahiz eta kapitalaren eta administrazioaren trabak gero eta handiagoak izan. Askotan proiektu berri eta singularrak egitearekin tematzen gara, baina dagoen lana mantendu eta langileentzat berreskuratzea ildo garrantzitsua izango da. Susmoa dugu berreskuratzeak beharrezko izango diren aro berri bat datorrela, eta oraingoan arrazoiak anitzak izango dira; enpresen kudeaketa txarrak langile taldeak lanaren jabe egiteko erabakiaren aurrean
jarriko ditu; arrakala demografikoak orain arte kudeatzaile izan diren pertsonen erretiroak sortutako hutsuneak sortuko ditu, eta horrekin, enpresa txiki eta handien itxiera, proiektuak bideragarriak izan arren; paradigma sozioekonomikoak, krisi multidimentsionalak, trantsizio produktiboa beharrezko egingo du enpresa askotan, eta kapitala ez da horretarako prest egongo askotan.

Langileak gara jendarte justuago bat eraikitzeko konpromisoa eta ardura hartuko dugunak, nork bestela. Baina horretarako berreskuraketa bide hauek sustatu eta erraztu nahi ditugunon arteko harreman sarea osatu beharko dugu. Sindikatuak, enpresa komunitarioak, finantza erakunde etikoak, tokiko erakunde publikoak, kooperatibak, adituak, arituak, fiskalitatean eskumenak dituzten erakundeak... ahalegin bat egin beharko dugu, lanaren jabetza esku artean hartu eta enpresa berreskuratzea erabakitzen duten langileei Babes Sarea eskaintzeko, elkartasuna esplizitua izan dadin, eta babesarekin batera, prozesuak posible egiteko formazio, bidelaguntza, finantza, aholkularitza eta tresna juridikoak izan ditzagun. Badugu lana, izan dadila elkar zaintzan, bizigarritasunean eta eraldaketan oinarritua.

Zorionak SUTEKeko kooperatibistak, zuen bidea eredua da denontzat Zuena bezalako hamar, ehun, mila SU behar ditugu, oparotasuna denontzat izan dadin.