Borroka guztien a(r)ma

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau Landeian argitaratu da)
Ezin izan diot presioari eutsi. Ez dakit nola hartuko duen Bizi! mugimenduko Jon Palais-ek, baina bere liburuaren euskarazko izenburuan arma bat sartu dut, badaezpada. Berrarmatzeko deia iristen ari baitzaigu lurretik, itsasotik eta airetik. Oroitzen duzue trantsizio klimatikoaren garaia zela ziotenean? Arma, tiro, pun!
Nola hartuko duen ez dakidala diot, Jon Palais bortizkeriarik gabeko estrategiaren aldeko aktibista klimatikoa baita, eta Manu Robles-Arangiz fundazioarekin argitaratu berri duen Borroka guztien ama liburuan, hurrengo hamarkadarako estrategia garaile bat proposatzen digu, hain justu, indarkeria ezan oinarrituta. Pentsa!
Umekeria, onkeria, inozokeria, koldarkeria eta gainerako keria guztiak leporatuko dizkiote Palaisi agintari arduratsuek zein antisistema biolentoek. Baina Bizi!-ko kidea ez da kikiltzen, eta ideal zerutiarretara jo ordez, efikazian zentratzen du proposatzen duen estrategia erradikal pragmatikoa. Erradikala, sistema errotik aldatu nahi duelako, eta pragmatikoa, garaipen zehatzak lortzeko errealitatean oinarritutako estrategia eta taktika eraginkorrak erabiltzen dituelako.
Liburuan arrazoitzen duenez, bortizkeriarik gabeko borroka ez da pasiboa, ez eta beldurtia ere, tresna estrategiko indartsu, ausart eta eraginkorra baizik. Botere-harremanak goitik behera aldatu eta botere ekonomiko eta politikoen erabakiak behartzeko, ezinbestekoa da jendarte-mugimendu zabala aktibatzea. Hori soilik bortizkeriarik gabeko estrategia batekin lor daitekeela dio liburuaren egileak, mota guztietako pertsonak erakartzeko aukera ematen baitu. Hori frogatzeko hainbat garaipen historiko jartzen ditu adibidetzat.
Bortizkeriak eta estrategia biolentoak, ordea, jendea uxatzen duela dio. Indarkeriaren joko zelaian, botere ekonomiko eta politikoak beti izango du gizarte zibilak baina indar-harreman handiagoa. Gainera, erantzun biolentoak boterearen errelatoa eta errepresioa legitimatzen du, mugimendua ahulduz. Ez hori bakarrik, egiteko moduek etorkizuna marrazten dute ere. Zentzu horretan, mugimendu batean indarkeriaren legea ezartzeak mugimendu beraren kulturan eta funtzionamenduan eragin kaltegarriak ditu; autoritarismoaren eta kapitalismoaren logika berean erortzen da.
Hurrengo hamarkadarako estrategia irabazlea
Borroka guztien ama liburua tresna oso baliagarria da, bizi ditugun garai ilun hauetan etsipenean ez erortzeko. Palais-ek dio etsipena boterearen tresna dela, herritarrak pasibo mantentzeko erabiltzen duen erreminta. Beraz, etsipenaren aurka borrokatzea boterearen logikaren aurka borrokatzea da.
Etsipena, frustrazioa edo ezintasun-sentsazioaren aurrean, ekintza kolektiboan oinarritutako itxaropena eraiki behar dela dio, eta ez da teorikoki mintzatzen. Ekintza eraginkorrak egin eta gauzak alda daitezkeela frogatzeko, garaipen zehatzen adibideak ematen ditu: AHT eta Notre-Dame-des-Landes aireportua gelditzea lortu zuten borrokak, “ahulki bahitzaile”ek BNP multinazional erraldoia garaitu zutenekoa, Europako tokiko moneta nagusi bihurtu den Euskoa, laborantza herrikoiaren hedapena, eraiki diren alternatiba errealak sustatzeko egin ziren Alternatiben herrixkak eta Alternatiba itzulia...
Borrokatu gabe, porrota ziurra dela jakinda, etsipena borroka aktibo batez gainditzera deitzen du: ekintzak berak sortzen du itxaropena. Masa-mugimendu baten parte izateak, kolektiboki eragiteak eta ekintza zuzenak egiteak etsipena gainditzeko tresna psikologiko eta sozial indartsua eskaintzen du, komunitate bat sortzen duelako eta norbanakoek elkarrekin eragin dezaketela erakusten duelako. Jendea bakarrik dagoenean, etsipena errazago zabaltzen da. Bakarrik ezin da, lagunekin bai.
Etsipena borroka ekologiko eta sozialaren etsairik handiena da. Jende asko kapitalismo berdea edo berrarmatzea bezalako alternatiba faltsuak onartzera eramaten du. Eskuin muturrak ere etekina ateratzen dio horri, duen boterea handituz eta kapitalismo autoritarioa sustatuz.
Sistemaren porrotaren ondorio den krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren aurrean, gobernu neoliberalek ez dute benetako erantzunik eman, eta horrek herritar asko eskuin muturrera bultzatu ditu, alternatibarik ez dagoelakoan. Hori ekiditeko, oposizio sendo bat eraiki behar dela dio Palaisek, baina ez diskurtso moralistan oinarrituta, klase herrikoiak eta borroka sozialak aktibatuz baizik: bizitza hobe baterako bidea erakusten duten benetako alternatibak eraiki, borroka klimatikoa eta borroka soziala uztartu, mobilizazio estrategia eraginkorrak martxan jarri eta herritarren boterea indartu. Hori egiten ez bada, eskuin muturrak beteko du espazio hori, eta irtenbide autoritarioa proposatu edo inposatuko digu.
Alda, Bizi! eta ELA ari gara
Otsailaren 19an, Borroka guztien ama liburuaren aurkezpenaren harira, Bizi!-k eta Fundazioak egilearekin eta ELAko Aintzane Orbegozorekin solasaldia antolatu genuen Baionako gure egoitzan. Biek hitz egin zuten kolektiboki antolatu eta garaipenak lortzeko estrategia ez-bortitzez. Palaisek liburuaren nondik norakoak aletu zituen, eta Orbegozok ELAk Gipuzkoako etxez etxeko zerbitzuetan egindako antolakuntza-lana eta lortutako hogeitik gora garaipen kontatu zituen.
Ez zen kasualitatea izan Bizi! eta ELA Baionako solasaldian elkartzea. Justizia klimatiko eta sozialaren aldeko mugimendua eta sindikatua bortizkeriarik gabeko estrategia erradikal-pragmatikoan oinarritzen dira, Alda elkartea bezala. Lan egiteko modu eraginkorrak erabiliz, langile klasea eta klase herrikoien behar eta interesen aldeko borroka soziala eta klimatikoa batzen dituen masa-mugimendua antolatzen saiatzen ari gara hirurak, alternatiben eraikuntzan lanean ari garen bitartean, Palaisek liburuan proposatzen duenaren ildotik. Bide luzea dugu egiteko oraindik, baina ari gara.
Dohain eta gabezia desberdinak ditugu Iparralden eta Hegoaldean. Osagarriak gara. Badugu elkarrekin aritzeko bide-orri bat eskura. Berrarmatzera deitzen gaituzten garai ilun hauetan, erabil dezagun Palaisek oparitu digun borroka guztien arma.